Dominion Bilbo Basketek gaur irabazten badu, Eurokopako A multzoko lehen postuan bukatuko du. Dolomiti Trento Italiako taldea hartuko du Miribillan (20:30, ETB1), ligaxkako azken jardunaldian, eta kanpokoek irabazten badute, haiek bukatuko dute lider. Last 32ko multzoak lehen faseko postuaren arabera osatzen dira, beraz, gero eta gorago bukatu, multzo bigunagoa izateko aukera gehiago.
Baina zein da lehen eta bigarren postuan bukatu arteko aldea? Bada, Bilbo Basketek lehen postuan bukatzen badu, Euroligatik eroritako talde bat eta Eurokopako beste multzoetako hirugarren eta laugarren sailkatu banarekin egingo du topo —G multzoa—. Aldiz, bigarren bukatzen badu, Euroligatik eroritako talde bat eta Eurokopako bi hirugarren sailkatu izango ditu aurkari —K multzoa—.
Kalkuluak egin aurretik, baina, gaurko partida du, eta Bilbo Basket da faborito, besteak beste, lehen itzulian Trenton irabazi zuelako (75-80). Baskoniari irabazi ondoren kementsu dago, eta baliteke Axel Hervellek jokatzeko aukera izatea. Belgikarrak hilabete darama min hartuta. Trento, bestalde, jokalari italiar eta estatubatuarrez osaturiko taldea da. Ezagunena Giuseppe Poeta Baskoniako antolatzaile ohia da, eta saskiratzaile onena Julian Wright hegalekoa da: 15,6 puntu sartzen ditu partidako.
Bilbo Basketek eta Trentok multzoko lehen postua dute jokoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu