Saskibaloia. ACB liga

Bilbo Basketek kanpoko lerroko hiru hutsunerekin hartuko du gaur CAI Zaragoza

Bilboko taldeak Mindaugas Lukauskis eskolta beteranoa fitxatu du hilabeterako, baina ez da bihar arte iritsiko

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko urriaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bilbo Basketek kanpoko lerroko hiru hutsunerekin hartuko du gaur Zaragoza Bilbo Arenan (20:30), ACB ligako lehen jardunaldiko partidan. Rafa Pueyok buruhauste handia izango du lehen entrenatzaile postuan egingo duen ligako estreinako partidan. Dairis Bertans eskoltak eta Zoran Vrkic hegalekoak, biak fitxatu berriak, ezingo dute hilabetez jokatu, zuntz-hausturak direla eta. Alex Mumbru hegalekoa ere kolokan dago, eta oso litekeena da gaur ezin jokatzea. Hutsunei aurre egiteko taldeak Mindaugas Lukauskis 34 eskolta fitxatu du, baina ez da bihar arte iritsiko.

Pueyok berritasun asko sartu ditu deialdian. Horiek hala, Sergio Sanchez eta Borja Mendia bizkaitarrek jokatzeko aukera izan dezakete. Era berean ez litzateke harritzekoa Axel Hervelle hegaleko postuan jokatzen ikustea. Aurrean, Zaragozak talde nahiko berria du. Iragan sasoian ACB ligako finalerdietara iritsi zen, eta hastear dagoen honetan kanporaketetan sartzeko helburua du.

EHU eta GDKO, etxean

Ohorezko Maila ere gaur hasiko da, eta bi euskal taldeek, EHU Gipuzkoak eta GDKO Bizkaiak, etxean jokatuko dituzte lehen jardunaldiko partidak. Galdakoztarrek Cadi La Seu hartuko dute, Urretan (18:00). 27 urte igaro dira Bizkaiko talde batek Ohorezko Mailan jokatu zuen azken alditik, eta egun historikoa izaki, ikusmin handia sortu da. Cadi laugarren izan zen iragan sasoian, eta talde ona da GDKO aztertzeko.

EHU Gipuzkoak ordu berean jokatuko du Kanaria Handiaren aurka (18:00), Josean Gaska pabiloian (Donostia). Aurkaria zazpigarren izan zen iragan sasoian, eta jokalari garrantzitsuak galdu ditu; beraz, Azu Muguruzaren taldeak lehen garaipena lortzeko aukera aproposa du. Guztira hamabi talde egongo dira Ohorezko Mailan, lehen seiak kanporaketetan sartuko dira eta azken biak mailaz jaitsiko. Hori saihestea da EHUren helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.