Bilbo Basketek Gorka Arrindaren osteko aroa hasi zuen atzo, halere, edizio honen itxieran jokalariek oraindik argitzeko zuten bihar jokatuko duten ala ez. Akziodun nagusi ohiak bere akzioak taldea kudeatuko duen enpresari multzoaren esku utzi zituen bart gauean. Ondo bidean, keinu horrek aski beharko luke kudeatzaile multzoak taldea bideragarri bihurtzeko euren plana habian jar dezaten.
Horren ondotik etorri da jokalarien erabakia. Gaur jakinarazi du Alex Mumbru kapitainak erabakia, taldekide guztiak atzean zituela. Azaldu du jokalariak eta klubeko arduradun berriak "gutxieneko adostasunera" heldu direla eta, horrela, greba bertan behera uztea erabaki dutela. Nolanahi ere, ez dute akordioaren inguruko xehetasunik eman.
Arratsaldea oso luzea izan zen atzo Bilbon. Jokalariek orduak egin zituzten kudeatzaileekin. Negoziaketak gauean argitu ziren, Bilbo Basketek bere webgunean publiko eginiko oharrean: "Gorka Arrinda buru duen akziodunen multzoa eta Iñaki Calvo, Carlos del Campo, Enrique Guzman, Francisco Javier Montoya eta Don Juan Elejaldek osatzen duten multzoa akordio batera iristen dira, aurrenekoen akzioak, bigarrenei transmititzeko". Arazo nagusia hori zen, Arrinda taldetik ateratzea. Hala azalduta, duela bi asteko prentsaurrekoan publiko eginiko akordioaren antza handia du, baina oraingoan dena lotuago dagoela dirudi. ACB ligak jabe berriak izendatu ditu taldearen ordezkari legal.