Sito Alonso. Dominion Bilbo Basketeko entrenatzailea

«Bilbon beste bultzada bat dago, errazago egiten dute aurrera»

Gipuzkoa Basketen lan handia egin ondoren, duela urte eta erdi iritsi zen Bilbora, ia botere guztiekin. «Eraitsita zegoen zerbait» altxatzeko erronka hartu, eta ondo ari da, pilaturiko zorra zama den arren.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2016ko otsailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bilbo Arenako bere bulegoan egiten du ia egun osoa Sito Alonsok. Han hartu du BERRIA. «Gustuko dut bakardadea», onartu du. Laguntzaileak alboko bulegoan daude. Saskibaloi entrenatzaileek obsesibo kutsua dutenari buruzko txantxa entzun, eta barre egin du.

Asko hitz egiten da egun lana eta etxeko bizitza uztartzeaz. Zuentzat ez da erraza izango.

Zaila da, entrenatzaileek arazoak izaten ditugu familia bizitza edukitzeko, edo ezkontzeko. Egonkortasun gutxi dugu, beti batetik bestera... Pentsa, guk sasoi honetan Europan jokatzeko zortea izan dugu, eta etxean inoiz ez zauden asteak dituzu. Ni orain bakarrik nago. Ez da erraza norbait zurekin egotea. Lanarekin kosta egiten zait, esaterako, nire alaba ikustea.

Euskaraz edo gaztelaniaz egingo dugu elkarrizketa? Euskal Herrian bost urte eginda, akaso, ikasiko zenuen.

Gaztelaniaz. Euskara zaila da. Badalonan katalanez ikasi nuen, eta arazorik gabe hitz egin dezaket. Baina euskaraz...

Izan al duzu ikasteko gogorik?

Izan dut ikasteko izen emateko gogoa, baina ez dut egin. Egin beharko nuke. Printzipioz, orain bost urterako egongo naiz, eta saiatu beharko nuke. Beste hizkuntza bat ikastea, beste sustrai batzuk... Baina aurten erabat ezinezkoa da. Hurrengo urtean, ikusiko dut; multzo teknikoan jende gehiago bagaude, agian. Pentsa, bi hilabete daramatzat kirola egitera joan ezinik.

Zuk esan duzu, baduzu denbora; ondo bidean, 2020ra arte egongo zara Bilbon. Nolatan?

Bilbo Basketengan eta klubean sartu den jendearengan fedea dudalako. Bilbon zerbait handia egin daitekeela uste dut. Inoiz hautsiko ez den oinarri bat muntatu: harrobia, nortasuna... Izan Sito edo izan beste norbait. Esan dadila: «Hau Bilbo da, Bizkaia, Euskal Herria, eta hemen gauzak modu honetara egiten ditugu».

Zergatik horrelako apustua Bilborengatik?

Inor gutxik ulertu zuen nire inguruan. Inguruko 100 pertsonari esan banien, 97k erotzat jo ninduten. Urte hartan, Gipuzkoa Basketekin kontratua bukatu ondoren, zorionez, eskaintza gehiago nituen, baina ez ziren hemengoa bezain erakargarriak.

Zer zuen, bada?

Eraitsita zegoen zerbait altxatzeko aukera. Dena pikutara joateko arriskua zegoen, eta joan zen, ni hemen nengoela. Erronka hori gustuko nuen. Eta, gero, non nagoen. Ni Gipuzkoan bizi izan naiz, baina hau Euskal Herria da, bere berezitasunekin. Bizkaia eta Gipuzkoa ez dira berdinak, baina gauza asko dituzte komunean. Jendea nolakoa den, berea dela nabaritzen duen hori nola sentitu eta defendatzen duen. Hori ikusteak txunditu egiten nau.

Garai zailetan erabaki zenuen sinatzea. Bilbo Basket desagertzear zen, eta jende askok ez zuen begi onez ikusten erakundeek taldea salbatzea?

Ulertzen dut. Ez da talde bat salbatu behar salbatzeagatik. Halere, ezin dugu ahaztu aurreko kudeatzaileek gauza onak ere egin zituztela, baina egia da hainbesteko zorra pilatu ondoren taldea ezin zela besterik gabe salbatu Bilbo Basket deitzen delako. Jendeari erakutsi egin behar zitzaion kudeatzaile berriek beste modu batera egingo zituztela gauzak, egoera konpontzeko lanean ari zirela. Orain arte lortu da, baina berdin jarraitzen dugu. Taldea ia mundu guztiarekin ados jarri dela uste dut, Katsikaris eta Vasileiadis falta direla uste dut, eta mundu guztiak egin du ahalegin handia.

Hirian ere gustura?

Bilbok erabat harrapatu nau. Benetan. Harrigarria da. Ez nuen hala irudikatzen, oso bitxia da.

Ezaguna zara kalean?

Bai. Baina, zorionez, Euskal Herrian errespetu handia dago; jendeak alabarekin edo kirola egiten ikusten bazaitu, bakean uzten zaitu. Asko jota, «aupa» esan edo agurtu egiten zaituzte.

Zeintzuk dira zure buruhausteak orain?

Taldeari bigarren itzulirako ilusioa piztea [8. da ligan, eta Kopan sartu da], eta, horretarako, jokalari bat ekarri dugu—Tautvydas Slezas lituaniarra (2,06 m eta 25 urte)—. Begic martxora arte ez da egongo, eta taldea ahalegin handiak egiten ari da hura gabe. Norbait ekarrita ilusioa erakusten duzu. Eta, gero, taldea osatzen segitzea, 2016-2017rako xehetasunak itxi: harrobia, eskaintzak egiten hasi... Eta jendea. Mikel Torre dugu hor; delegatu eta hirugarren entrenatzailea da, 25 urte ditu, eta prest dago. Baina hemengo jendea prestatzen jarraitu behar dugu, Bizkaian sustraitu dadin.

Taldea berritu diozu, multzoan beterano asko baitituzu.

Raul Lopez eta Alex Mumbru bereziki... Mumbru pabiloitik nola irteten den ikustean pentsatzen duzu: «Zergatik jarraitzen du maila honetan jokatzen?» Ilusioak mugitzen ditu. Hervelle eta hirurek Bilbo Basket eta hiriarekiko atxikimendu berezi bat dute.

Euskal Herrira iritsi zinenetik, dirua beti izan da arazo zuretzat.

Gipuzkoan nire lehen urtean ez zen ordainketa arazorik egon, beste bietan egoera dezente zaildu zen. Eta, hemen, iritsi ginenean, pentsa... Utzitako jokalariak bilatu behar ziren: todorovictarrak, Andjusic Valladoliden azken izatetik zetorren, Borg bere herrialdetik irten gabea zen, Wragge eta Latavious Williams erdi herren etorri ziren, Colomek ez zuen ACBko eskaintzarik... Profil hori fitxatu behar genuen. Iragan sasoian ere antzera ibili ginen, aurrekontua asko orekatzen.

Taldeak iraganaren zama du. Zorra handia da oraindik ere.

Bai, baina, begira, jendeak nahiago du talde xumeago bat eduki eta bere mailan lehiakorra, «Bilbok ez du ordaintzen» entzutea baino. Hemen horrek min ematen dio zaleari! «Bilbok ez du ordaintzen», hemengo idiosinkrasiarekin hori entzun behar izateak min ematen du; jendea ez da ordaintzaile txarra. Jende zintzoa da, hitzekoa, eta entzuten duenean «hari sei hilabete zor zaizkio», «besteari urtebete...». Min ematen zion.

Bai, baina zuk profesionalekin lan egiten duzu, eta euren jornala da. Asko murriztu dituzue, Mumbruri, esaterako.

Beherakada oso handiak izan dira. Mumbruri, erdia.

Diru kontuak kudeatzea ez da erraza izango.

Diruaren kontuarekin ondo azaldu behar dira gauzak, egia esan eta zintzoak izan. Nik hori ikusten dut kudeatzaileengan. Nik astero hitz egiten dut eurekin, eta, oraingoz, inoiz ez ditut gezurretan harrapatu. Jokalariak hori ikusten duenean sinetsi egiten du, eta kopurua jaisteko prest dago. Eta haiek bezala, beste guztiok. Egia da nik bost urterako sinatu dudala, baina ez dut iaz sinatu nuen kontraturik. Zergatik? Gogoa dudalako eta bost urteak egin nahi ditudalako. Eta nik bezala, Raul Lopezek, Alex Mumbruk eta Axel Hervellek.

Jende argia duzu taldean.

Hiru horiek denetarik pasatu izan dute. Raulek lesioekin garai oso larriak pasatu ditu, eta horrek gogortu egiten zaitu. Fideltasun ereduak dira. Hervellek eskaintza oso onak ditu bere herrian: hemen kobratu dezakeen halako hiru eta etorkizuna bermatuta, bizi guztirako. Eta hona dator, pilaturiko zor batekin. Niri esango bazenit «ze jokalari nahi duzu beti zurekin?», nik Hervelle esango nuke. Garai txarrak pasatzen ari da ez delako gelditzen. Giza balioen superheroi bat da, eta Mumbru, lider petoa. Urte pila bat darama hemen, eta eskaintza oso onak izan ditu. Hemen halako lau eskaini diote. Baina Bilbotik joan behar horretarako, atzerrira... Ez du horretan pentsatu ere egiten.

Bilbo Basket eta Gipuzkoa Basketen artean alde handia dago?

Ezberdinak dira. Gipuzkoa Basketen eta Bilbo Basketen lanean ari den jendeak oso argi du zer nahi duen. Beti nahiko zuten diruarekin arduratsuak izan, eta ezin izan dute. Gipuzkoan hori zen taldearen ezaugarri nagusietako bat, jokalariak erakartzen zituena, baina gainezka egin zuen egoera jakin bat aurkitu zuten kolpetik... Eta ez zuten amore eman. Borrokan jarraitu dute, jende berberak, beti hor daudenek: bulegoetatik hasi eta German Cea kudeatzaileraino. Hemen hori oso antzekoa da.

Aldea da Bilbon bultzada bat gehiago dagoela. Bilbo Arena da eredua. Donostian pabiloi txikiago bat beharko lukete, beharretara hobeto egokituko litzakeena, eta hiriaren erakarguneetatik gertuago legokeena.

Bilbo Basketek gehiago lotu du hiria Gipuzkoa Basketek baino.

Hor datza, nolabait, aldea. Bultzada hori; hemen errazago egiten da aurrera. BEC ez zen Bilbo Basketek behar zuen pabiloia. «Zerbait behar da? Zer? Bada, Miribilla». Kito. «Behar bada, hemen jarriko dugu», eta eraiki. Hori da Donostian falta den bultzada.

Erakundeentzako mezu argia dirudi.

Erakundeentzat, eta oro har. Hemen, galtzen denean ere, bultza egiten zaituzte gora, izaera berezia dute. Taldea desagertzeko zorian egon zenean jendea sutu egin zen, eta nabaritu zen. Iraultza bat egon zen! Gipuzkoa Basketek egoera zail asko izan ditu, desagertzeko zorian egon da, eta ez da egoniraultzarik. Bilbotar izaerak txiste kontua dirudi, baina existitzen da. Nik hori bileretan ikusi dut, bulego garrantzitsuetan. Hemengoak goikoari aurpegira esaten: «Baina zuk uste duzu Bilbo ACBtik kanpo utziko duzula? Aizu, kontuz, hau Bilbo dela!». Konponbiderik ez dagoelako gertatu behar baldin bada, tira, baina konponbide bat dagoen bitartean, ezta inondik ere.

Zerbaiterako eraiki zen pabiloia.

Bai; baina eraiki eta ez badator inor, alferrik da. Guk ez ditugu hemen astero 9.000 ikusle sartzen gero ligatik kanpo gelditzeko. Eurokopan, neguan, 6.000 datoz. Nik badakit zenbat jende dagoen Eurokopa eta Euroligako pabiloietan, eta hau arrakasta da. Athletic Bartzelonaren aurka jokatzen, eta hemen 6.000.

Athletic aipatu duzu. Lehiatu aldaiteke harekin?

Ez da lehiatu behar. Bilbo Basketeko zaleak Athletic maite du, eta ulertzen dugu. Hori ere, hemen, beste maila batean dago. Nik, iaz, Kopako finalean, ume guzti-guztiak Athleticen elastikoarekin ikusten nituenean... «Baina zer da hau! Burutik jota daude?». Ez, hori funtsezkoa dela ulertzen dute. Galdu edo irabazi, aste osoa taldearekin. Mumbruren semea elastikoarekin! Saskibaloia gustatzen zaionak ez du saskibaloia utziko Athletic ikustera joateko,baina ordu berean jokatzen badugu, nola doan jakin nahi du, eta jakinarazi behar diogu.

Bazkari bat jokatuko al dut etzi Turkian irabazi eta Eurokopan aurrera egingo duzuela?

Nik gehiago jokatuko nuke. Baina ez da erraza, lehenbizi Bandirmara iritsi behar da. Egun osoko bidaia da. Goizeko bederatzietan irten eta gaueko hamarretan heldu. Ez dago beste modurik. Bezperan ezin gara entrenatu.

ACB liga beheraka doa: inor ez da jaisten, arazo ekonomikoak, Euroliga itxita... Zer iritzi duzu?

Ni GBCrekin bosgarren izan nintzen sasoi batean, eta hurrengoan, azken-aurreko, eta ez ginen jaitsi. Kirolaren funtsa lehia da, eta saririk edo zigorrik ez egoteak txapelketa pobretzen du. Txapeldunak Euroligara joan behar du, gonbiterik gabe, baita hirugarrenak ere. Itxia den guztia txarra da: lagun multzoak, txapelketak, ligak... Beti berberekin, ez duzu ikasten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.