Bilgarria aldatuko da

Gabarra uretaratuko dute gaur, berrogei urteren ostean. Xabier Aierdik dio sentimenduz 1984ko aldiaren antzekoa izango dela oraingoa, baina beste hainbat gauzatan desberdina.

(ID_13767953) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-04-08, Bilbo. Gabarra prestaketa lanak  08-04-2024, Bilbo
Zaleak gabarra nola itsasoratu zuten ikusten. MONIKA DEL VALLE / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko apirilaren 11
05:05
Entzun

1984an irten zen azken aldiz gabarra Bilboko itsasadarrera. Gaur, 40 urteren ostean, orduko irudiek eta bizipenek urrats bat egingo dute atzera historian eta memorian. Gaurkoak pasatuko dira lehen planora. Nahiz eta Athletici lotutako sentimendua berdina izango den, eta hori izan funtsa, ospakizuna desberdina izango da bilgarriari dagokionez. Batetik, hura kontatzeko modua desberdina izango da sare sozialen eta teknologia berrien ondorioz. Egoera ekonomikoa, soziala eta politikoa ere ez da berdina; agerikoa da Bilboko itsasadarraren hirigintza bilakaera, eta aldatu egin dira jokalarien izateko modua eta estetika ere. Horiek aletu ditu Xabier Aierdi EHUko soziologia irakasleak.

Atzera begira jarri da aurrena Aierdi, Sevillan gertatutakoari begira. 70.000 athleticzale baino gehiago bildu ziren han. «Argi dago asko direla, baina Madrilen, Valentzian, Bartzelonan edo Bukaresten jokatutako finaletan ere asko bildu ginen. Alde horretatik, ez dut uste alde handirik egon zenik. Athletic taldearekiko atxikimendua ikaragarria da Bizkaian, eta uneren batean patologikoa ere izan daiteke». Haren ustez, desberdintasuna zera izan zen: «irabazteko aukera gehiago» zegoela.«Jendeak uste zuen posible zela, data biribila zela, eta aurreko bostak galduta oraingoan tokatzen zela irabaztea. Horrek guztiak jendea mobilizatzen lagundu zuen». Nabarmendu du horrek guztiak, atxikimenduari begira, «urte gehiagotarako erregaia» ekarriko duela. «Batez ere gazte eta nerabe askok orain arte bizi izan ez duten zerbait bizitzeko aukera dutelako. Bereziki bi kontuk eman zidaten arreta: aurrekoetan baino askoz emakume eta etorkin gehiago ikusi nituela egunaz eta ospakizunaz gozatzen. Hori ere bada adierazgarria».  Bestalde, uste du gaur egun errazagoa dela mugitzea. «Gu finaletara joaten ginenean, normalean egun baterako joaten ginen. Asko Madrilen ziren, eta bazuen arrisku bat. Gainera, ez genuen hainbeste diru egun asko joateko. Orain, berriz, jendeak dirutza utzi du hara joateko».

Gaurkoari begira, argi du «aurreikusitako gidoi batek» eramango duela jendea. «Masa efektu bat egongo da. Azken batean, zerbait handia eta bikaina egin nahi dute, nolabaiteko autodemostrazio bat izango da. Athleticen zaleak beren onena emango dute horretarako. Athletic gustuko ez dutenek, berriz, gorrotatu egingo dute. Futbolak borroka sozialaren posibilitatea eragozten duela uste dutenak ere kritiko agertuko dira. Sentimendu nagusiak horiek izango dira». Onartu du «esajerazio bat» bat izango dela. «Baina baita emozio bat ere, eta horri bide emango zaio. Are gehiago lehen aldiz bizitzen bada».

1983koarekin eta 1984arekin alderatuz sentimenduari dagokionez, nabarmendu du ez dela «oso desberdina» izango. «Ospakizunaren bilgarria aldatuko da, eta ordukoa gainditzeko nahiak ekar dezakeen esajerazioa». Ospakizunaren bilgarriari erreparatuta, ekitaldiaren berri emateko bitartekoak oso desberdinak izango dira. «Droneak, sakelakoak, sare sozialak.... Orduan ez zegoen halakorik, eta horrek desberdin egingo du, bai ikusteko bai bizitzeko moduan». Horri segika, ondorengoa erantsi du. «Milioika grabazio eta argazki egingo dira, gero sareetan zabalduko direnak. Horrek beste testuinguru baten aurrean jartzen gaitu. Ospakizuna presenteagoa, berehalakoagoa eta globalagoa egiten du. Oihartzun handiagoa ekarriko du. Hori, alde batetik, ona da, baina aldi berean asperdura ere eragin dezake». Bilboko itsasadarraren bi aldeen hirigintza bilakaerak ere desberdin egingo du. «Alde horretatik, irudiak oso desberdinak izango dira». Ekitaldiaren inguruan izango den merchandising-a ere aipatu du. «Denek eramango dute soinean zerbait zuri-gorria, eta produktu horien salmenta ikaragarria izango zen azken egunetan. Lehen, eskaintza ez zen hain handia. Egun, garaipen edo ospakizun txikienekin ere egiten da negozioa».

Egoera soziala eta ekonomikoa ere desberdina da. «Orduan krisi ekonomikoa larria zen, eta uholdeen urtea ere izan zen. Athleticen garaipenak poz handia ekarri zuen. Orain ere poza handia da, baina errealitatea oso bestelakoa da». Amaitzeko, jokalarien izaerak eta estetikak ere desberdin egingo du. «Pobretze bat eman da, eta tamalgarria da. Ez da oraingo kontua, gainera; pixkanaka gertatu den zerbait da. Zaleek onartu egiten diete, beren taldeetakoak direlako. Izaera kritikoa galdu dute. Bestalde, zaleen kantu eta mezuetan ere pobretze bat dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.