Biren artekoa dirudi

Demi Vollering eta Annemiek van Vleuten izango dira faborito nagusiak Euskal Herriko Itzuliaren bigarren ekitaldia irabazteko. Hilaren 12tik 14ra jokatuko da

Biren artekoa dirudi.
Julen Etxeberria.
Donostia
2023ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Demi Volleringek (SD Worx) erakustaldia eman zuen iaz, Euskal Herriko Itzuliaren lehen ekitaldian. Txirrindulari herbeheretarrak erabateko nagusitasunez irabazi zuen: hiru etapetan gailendu zen. Helburu bera du aurten, bigarren aldian, hilaren 12tik 14ra: podiumeko koska gorenera igotzea. Ikusgarri dabil; UCI World Tourreko lau probatan nagusitu da aurten: Strade Bianche, Amstel Gold Race, Fleche Wallonne eta Lieja-Bastogne-Lieja klasikoetan.

Baina aurtengo Itzulian neurriko aurkaria izango du: Annemiek van Vleuten herrikidea (Movistar). Irabaz daitekeen ia guztia irabazi du Van Vleutenek: Europako, munduko eta Olinpiar Jokoetako txapeldun izan da, eta Italiako Giroa, Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta eskuratu ditu, besteak beste. Euskal Herrian irabazitakoa ere bada: Donostiako eta Nafarroako klasikoak, Durango-Durango proba eta Emakumeen Birako bost etapa daude haren garaipenen zerrendan. Baina ez du itzulirik irabazi. Iaz, Itzuliaren lehen ekitaldian lehiatzekoa zen, baina eskuin eskumuturra hautsi zuen bi aste lehenago, eta uko egin zion parte hartzeari. Aurten, ordea, lehiatu egingo da. Erretiroa hartuko du sasoi amaieran, eta gustura apainduko luke palmaresa beste garaipen handi batekin.

Lau euskal ziklista baino ez

Herbehereetako bi ziklista horiek dira Itzulia irabazteko hautagai nagusiak. Baina badira kontuan hartzeko beste hainbat txirrindulari. Iaz lehen hamarren artean sailkatu ziren zazpi daude behin-behineko zerrendan: Vollering, Pauliena Rooijakkers (Canyon), Marta Cavalli (FDJ), Liane Lippert (Movistar), Niamh Fisher-Black (SD Worx), Paula Andrea Patiño (Movistar) eta Veronica Ewers (Education First). Katarzina Niewiadoma (Canyon) ere ariko da.

126 txirrindularik hartuko dute parte, 21 taldetan banatuta: World Tourreko zortzi, eta Kontinental Mailako hamahiru. Euskal Herriko lau talde izango dira irteeran: Movistar, Laboral Kutxa, Bizkaia-Durango eta Sopela. Hala ere, lau euskal herritar bakarrik daude lehen zerrendan: Eukene Larrarte (Bizkaia-Durango), Eneritz Vadillo, Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) eta Muskilda Oloriz (Sopela).

Zehaztuta dago ibilbidea: Etxebarrian (Bizkaia) hasiko da, hilaren 12an, eta, Markina-Xemeinen (Bizkaia), Gasteizen eta Amurrion (Araba) gelditu ostean, Donostian bukatuko da bi egun geroago, hilaren 14an. Lehen bi etapak goizean hasiko dira, eta eguerdian bukatu. Azken saioa, berriz, arratsaldez jokatuko da: 15:30 inguruan hasiko da, eta 19:00 aldera bukatu. Ziklistek 370,2 kilometro egingo dituzte. Zazpi mendate igoko dituzte: lehen mailako bat, bigarren mailako bi, eta hirugarren mailako lau. 6.180 metroko desnibelari egin beharko diote aurre.

«Emakumezkoen txirrindularitza oso bizi eta osasuntsu dago. Olatu geraezina da. Iaz, apustua egin genuen lehen aldia antolatuta, eta, aurten, apustua indartu dugu; Itzuliak tokia lortu du UCIren egutegian», esan zuen atzo Julian Eraso Itzuliko zuzendariak aurkezpenean. Iritzi berekoa da Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria: «Apustu eta ahalegin handia egin dugu bigarrenez Itzulia antolatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.