Bitik bi Hamiltonentzat

McLareneko bi autoak irtengo dira gaur lehen lerrotik Sepangen, eta Michael Schumacher hirugarren postutik

Laurentzi Garmendia
Donostia
2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Lewis Hamiltonek denboraldiko bigarren pole-a lortu zuen atzo Malaysiako Sepang zirkuituan, Australiakoa baino saio lehiatuagoan. Orduan bezala, Jenson Button izan zen bigarren, McLaren autoek duten indarra nabarmenduz. Hirugarrena Michael Schumacher izan zen (Mercedes), berriro ere azken segundoetan lehen lerrotik atera zutena. Alemaniarrak erraz gainditu zuen Nico Rosberg taldekidea, Australian bezala. Sebastian Vettelek Mark Webberren atzetik amaitu zuen —laugarren izan zen australiarra eta bosgarren alemaniarra—, baita Kimi Raikkonenen (Lotus) atzetik ere, baina finlandiarrak aldagailua ordezkatu zuen, eta bost postuko zigorra jaso zuen. Beraz, hamargarren postutik abiatuko da gaur.

McLaren da denboraldi hasiera honetako autoa, atzo berriro erakutsi bezala. McLaren autoek lasterketan abiadura maila bera mantenduko dute, baldintza guztietan baitira sendo. Pneumatikoak ere ondo zaintzen dituzte, Buttonek batez ere, eta hori gakoa da Sepangeko zirkuitu gogorrean. Tenperatura eta hezetasun konbinazioa gogorra da oso gidari eta pneumatikoentzat. Horri euri arriskua gehitu behar zaio, dagoeneko ohikoa baita Malaysiako lasterketan pneumatiko marrazkidunak erabiltzea. McLaren aurrean izatea segurua bada, Mercedesen inguruan zalantza gehiago daude. Australian behera egin zuen, haren sendotasuna DRS sistema iraultzailean baitatza, eta sailkatzean nahierara erabil badaiteke ere, lasterketan oso etekin mugatua dauka.

Vettelek ez zuen sailkatze saio onik egin, eta bigarrenez jarraian Webberren atzetik amaitu zuen. Dagoeneko puztutako difusoreen debekuak horretan zenbateko eragina duen aztertu behar da, itxuraz horrek kalte nabaria egin baitio egungo munduko txapeldunari. Oro har, Webberrek ere pairatu du ezaugarrien jaitsiera, baina hau ohituagoa zegoen difusore konplexu horiek gabe gidatzera, eta haien debekuak mesede egin dio. Nolanahi ere, horrek guztiak Red Bull autoa mantsotu egin du besteekiko, ez baitu iaz zuen errendimendu abantaila. Australian gertatu bezala, sailkatzean pairatu du gehienbat kaltea, lasterketan erritmo ona baitaukate. Ikusteko dago McLareni aurre egiteko moduan diren, edo Mercedes eta Lotusekin lehian ariko diren.

Lehen Ferrari autoa topatzeko bederatzigarren postura jaitsi behar da, nahiz eta Raikkonenen zigorrak zortzigarren postura igo zuen Fernando Alonso. Espainiarra lehen postuetatik oso urrun izan zen, KERS arazo batek horretan eragina izan bazuen ere. Haren helburua, Australian bezala, oso atzean ez amaitzea izango da. Malaysiako lasterketako garaipena, eta titulua, lehen lerroetan daudenen artean erabakiko da. Bereziki interesgarria izango da Raikkonenek egin dezakeen lasterketa, hamargarren postutik irtengo baita. Lotus autoarekin Australian baino hobeto ibili denez, atzetik aurrera egin beharko luke txapeldun ohiak. Beste arreta puntua Schumacher izango da. Duela sei urte igo zen azkeneko aldiz podium batera, eta gaur berriro lor dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.