Bizipoz txiki bat gerraren bihotzera

Palestinako eta Siriako selekzioak inoiz baino urrutiago iritsi dira Asiako Kopan, oso egoera zailean eta herrikideak buruan dituztela.

(ID_17065429237965) Siriako selekzioaren hamaikakoa
Siriako selekzioak Indiaren aurka ateratako hamaikakoa. ASIAKO KOPA
ainara arratibel gascon
2024ko urtarrilaren 29a
19:55
Entzun

Gerraren krudelak gogor jo ditu Siriako eta Palestinako herritarrak. Ez dago horrek eragindako mina eta sufrimendua arinduko dituenik. Baina bi herrialde horietako futbol selekzioak poz txiki bat ematen saiatu dira. Jokalarien dohainak eta hautatzaileek arbelean zirriborratutako taktika baino gehiago, horixe izan da haien bultzada eta hauspoa Asiako Kopan. Herrikideak buruan zituztela, inoiz baino urrutiago iritsi dira txapelketan, multzoen fasea gaindituta. Palestinak gaur esan dio agur txapelketari, Qatarren aurka 2-1 galdu eta gero. Baina Siriak beste mugarri bat ezar dezake etzi Iran kanporatu, final-laurdenetarako sailkatuta.

Palestinako selekzioko izarra Oday Dabbagh izan da. Aurrelariak bi gol sartu zizkion Hong Kongi multzoen faseko azken partidan. Palestinak 3-0 irabazi zuen, eta garaipen horrek eman zien sailkatzeko modua. Pozez eta amorruz ospatu zituzten bi golak. Asiako Kopa batean lortutako lehen garaipena zuten. «Sufritzen ari diren gure herrikideak baino ez ditut gogoan. Bizitzen ari garena oso gogorra da. Burua eta bihotza haiekin dauzkagu. Bidegabea eta krudela da egoera, eta espero dugu gure partida eta gol bakoitzak hori salatzeko balio izatea. Umeei eskaintzen dizkiegu gure lorpen guztiak».

Mohammed Saleh atzelariak, berriz, partida guztietan zenbaki bat eraman du margotuta eskuin besoan. Partida bakoitzean Gazak zenbat egun zeramatzan Israelen inbasioaren pean, horixe adierazi du zenbaki horren bidez. Jokalari guztiek eskertu dute txapelketan jaso duten babesa. «Partida guztietan harmailak beteta egon dira, eta txalo zaparrada ugari jaso ditugu». Baina Gazatik bertatik jasotako mezuak ere eskertu ditu Salehk. «Partida bakoitzaren aurretik eta ostean jaso ditugu. Gehienek esan digute zoriontsu egin ditugula une batez, eta hori gauza handia da guretzat. Haiek izan dira gure indarra zelaian».

(ID_17065429548155) (/EZEZAGUNA)
Palestinako selekzioko jokalariak ereserkia entzuten, Asiako Kopako partidaren atarian. PALESTINAKO SELEKZIOA

Izan ere, txapelketa prestatzea bera ez da erraza izan. Batetik, jokalariek senideak eta familia izan dituzte gogoan etengabe. Horietako askok ihes egin behar izan dute etxetik. Hala gertatu zaio Yaser Hamedi. Hamed Leioan (Bizkaia) jaio zen, eta, besteak beste, Athleticen harrobian jokatu zuen. Aita Palestinakoa du, eta 2019an jaso zuen selekzioarekin jokatzeko deia. «Ezustean» harrapatu zuen, baina ez zuen zalantzarik egin. «Oso harro nago», esan izan du. Haren senideak Beit Hanunen bizi ziren. «Etxerik gabe geratu ziren, eta, denbora batez, herriko eskolan hartu zuten babes, Rafah aldera joan ziren arte, Egiptoko muga ingurura. Handik ihes egin dezatela, hori da helburua. Jokalari guztiak bizi ditugu halako egoerak».

Izan ere, gehienak Zisjordanian jaiotakoak dira, eta hango ligan jokatzen dute. Gerra hasi zenetik, liga etenda egon da, eta jokalariak abendutik egon dira selekzioarekin egonaldian: Aljerian eta Saudi Arabian. Behin txapelketa amaituta, ez dakite sorterrira itzuli ahal izango diren. Hamedek, esaterako, Egipton, Kuwaiten eta Qatarren jokatu du azken urteetan, besteak beste. Hemendik aste batzuetara argituko du non jokatuko duen hemendik aurrera.

Siria, etzi

Siriak oraindik badu beste mugarri bat ezartzeko aukera. Izan ere, asteazkenean jokatuko du final-zortzirenetako partida, Iranen aurka. Multzoen fasean 0-0 berdindu zuen Uzbekistanen kontra, 0-1 galdu zuen Australiaren kontra, eta 1-0 irabazi zion Indiari. Hector Cuper da selekzioko hautatzailea. Argentinarra Espainiako eta Italiako ligetan aritua da entrenatzaile: Mallorcan, Valentzian eta Milango Interren, eta iazko otsailetik da hautatzaile.

Siria seigarren aldiz ari da Asiako Kopan parte hartzen, eta lehen aldiz lortu du multzoen fasea gainditzea. Erabakigarria izan zen multzoen faseko azken jardunaldian Indiaren aurka irabazi izana: 1-0. Omar Khribinek sartu zuen gola. 2011ko alditik zeraman Siriak Asiako Kopan partidarik irabazi gabe. Orduan, 2-1 irabazi zion Saudi Arabiari.

Partida amaieran izandako irudi batek argi erakutsi zuen zer esanahi zuen lorpenak herrialdearentzat. Siriako kazetari bat Cuper elkarrizketatzen ari zen, eta beste siriar bat haren erantzunak itzultzen. Biak negarrez hasi, eta elkar besarkatu zuten. «Siria asko sufritzen ari da herrialde gisa. Jokalarien %70ek dituzte senide eta lagun errefuxiatuak. Ni Damaskon bizi naiz, eta jendea zoragarria da. Aurrera jarraitu nahi dugu, gutxienez poz txiki bat emateko jende zoragarri horri. Oso harro nago jokalariez», nabarmendu zuen Cuperrek.

Palestinakoarekin alderatuz, Siriako selekzioak bertan jaio ez diren jokalari gehiago ditu: Jalik Elis, Ezquiel Ham eta Ibrahim Hesar argentinarrak, adibidez. Hamak eta Hesarrek aitona-amonak dituzte Siriakoak. Elisek, berriz, birraitona eta birramona. «Niretzat ohorea da nire familiaren sustraiak dauden herrialdearen elastikoarekin jokatzea», adierazi zuen Elisek lehen deialdiaren berri izan zuenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.