Bizipoza dauka berriro

Aspaldian ez bezala, Aitor Elordi gustura ari da entrenatzen eta jokatzen. Horrek indarra eman dio binakakoari begira. «Nabari dut lehengora itzultzen ari naizela».

AITOR ELORDI.
Aitor Elordi, asteartean, binakakoaren aurkezpenean, Bilboko Bizkaia frontoian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko azaroaren 24a
05:05
Entzun

Aitor Elordi (Mallabia, Bizkaia, 1996) beste aldarte batekin dabil azkenaldian. «Oso gogotsu nago. Gustura ari naiz, bai entrenatzen, bai jokatzen. Aspaldian ez nuen oraingo sasoirik, jokorik eta konfiantzarik. Nabari dut lehengora itzultzen ari naizela, eta horrek bizipoza eta indarra ematen dit. Garai aproposa da: hastear dago binakakoa».

«Aspaldian» esaten duenean, uda aurreko garaiaz ari da. Luzea izan zen, ikusgarria, eta ezin oparoagoa. Latza egin zuen urritik ekainera bitartean: lehenbizi, hirugarren izan zen lau eta erdian; jarraian, binakako txapela irabazi zuen Jose Javier Zabaletarekin; eta, ondoren, buruz buruko txapela jantzi zuen. 

«Badakit hau aprobetxatu beharra dudala; ziur nago orain ateratzen ari zaizkidan gauzak ez zaizkidala aterako aurrerago», zioen bolada ikusgarriaren inguruan galdetzen zioten aldiro. Barneratua zuen noizbait egingo zuela behera.

Espero, eta gertatu. Udan egin zuen behera. Argi du zergatik. Batetik, buruz buruko txapelduna izanda, partida asko jokatu behar izan zituelako: «Banekien uda bete-betea izango nuela. Hala izan zen, eta, zenbait unetan, estu ikusi nuen neure burua».

Zenbat eta partida gehiago jokatu, orduan eta denbora gutxiago dago atseden hartzeko; baita entrenatzeko ere. Horrek ere kalte egin zion. «Udan partida asko jokatzen ditugu, eta horrek, pixkanaka, akitu egiten zaitu. Asko izerditzen dugu, baina ez dugu denborarik indarberritzeko. Gimnasioan lan egiteari uzten diogun unean bertan giharra galtzen hasten gara, baita pisua ere. Nik, gainera, denbora luzea neraman gelditu gabe. Argi dago: zuk ez badiozu gorputzari atseden ematen, hark jartzen dizu muga». 

«Polita izango da Beñatekin jokatzea. Asko emango diogu elkarri. Txapelketa honek gure arteko harremana sendotuko du». 

AITOR ELORDIAspeko pilotaria

Azkenerako, eskuek ere «nahikoa da» esan zioten. Ordaindu egin zuen lau eta erdikoan: «Eskuak osatu, eta konfiantza hartu nahi izan nuenerako, gainean nuen txapelketa. Ez ninduen sasoi onean harrapatu». Galdu egin zituen final-laurdenetako ligaxkako lehen bi partidak, eta finalerdietan aritzeko aukerarik gabe geratu zen. 

Txakalaldia espero baino gehiago luzatzen ari zen, eta horrek ezinegona eragin zion. «Luze egin zitzaidan. Berriro bolada ona noiz harrapatuko besterik ez nuen buruan». Orduan hasi zen aurretik bizi izan zuen garai ederrari garrantzia ematen. «Ondo gaudenean ez diogu garrantzia ematen ondo egoteari, baina kontrako egoeran zaudenean askotan gogoratzen zara zenbat gozatu duzun ondo egonda. Halakoek balio dute ikasteko garai onak ahalik eta gehien gozatu behar direla, eta garai txarretan ez dela etsi behar, eta lanean jarraitu behar dela».

Elastiko gorria ez da zama

Txapeldunaren elastiko gorriak pisatzen duen edo ez galdetuta, azaldu du lau eta erdikoan besterik ez zuela sumatu «presio pixka bat». Bestelakoan, ez. «Norberak nola kudeatzen duen da kontua. Nire ustez, onenari erreparatu behar zaio: niretzat pribilegioa da elastiko gorria eramatea; denok nahiko genuke jantzi. Hala ere, nik ez diot gehiegi erreparatzen elastiko gorria soinean eramateari. Eguneroko lanean dut jarria arreta osoa. Horri esker lor ditzakegu helburuak».

Orain, binakakoan du arreta osoa. Beñat Rezustarekin jokatuko du. «Oso pozik» hartu du. «Askotan entrenatu gara elkarrekin, eta polita izango da harekin jokatzea. Asko emango diogu elkarri. Seguru txapelketak gure artekoa sendotuko duela». Bikotekidearen ibilbidea nabarmendu du. «Punta-puntan ibili ohi da binakakoan». Palmaresak ere horixe dio: bitan izan da txapeldun, eta beste bitan txapeldunorde.

«Bideaz gozatu» nahi du. «Gozatzeak eramango gaitu onena ematera». Ados daude. «Lehen entrenamenduan argi utzi genuen elkarrenganako konfiantza izan behar dugula, une onetan zein txarretan. Gure onena ematen saiatuko gara». Oraindik ia astebete dute estreinakoa prestatzeko: hilaren 30ean jokatuko dute, Danel Elezkanoren eta Julen Martijaren aurka, Eibarren (Gipuzkoa). 

«Txapelketa gogorra» izango dela dio. «Gero eta gogorragoa da, pilotariok gero eta prestatuago gaudelako. Polita da gero eta maila handiagoa egotea. Bikote gogorrak daude bi enpresetan». 

Lasoren kexa

Unai Lasok kritikatu egin du bikoteen osaketa; besteak beste, ez dago batere ados Elordik eta Rezustak elkarrekin jokatzearekin. Elordiren iritziz, ezin dira guztien gustuko bikoteak egin. «Enpresek egiten dituzte, eta pilotariok horiek onartu beste aukerarik ez dugu. Txapelketa hau jokatze hutsa jada aukera handia da». 

Nolanahi ere, ulertzen du Laso. «Egoera zailean dago: hilabete asko daramatza kantxetatik kanpo, eta lesioa sendatu nahian dabil. Atzelari jotzaile bat nahi zuen, hari lana errazteko eta egoerari buelta ematen laguntzeko. Baina ez du gaiarekin burua horrenbeste berotu behar. Gainera, nire ustez, Arangurenekin ondo moldatzen bada, eta erritmoa hartuz ondo jokatzen badu, bikote oso ona egin dezakete».

GAUR HASIKO DA TXAPELKETA, AZKOITIAN

Gaur ekingo diote binakakoari, Azkoitian (Gipuzkoa), 22:15ean (ETB1). Aspeko bi bikote ariko dira elkarren aurka: Joseba Ezkurdiak eta Xabi Tolosak Peio Etxeberriaren eta Jose Javier Zabaletaren aurka jokatuko dute. Bi bikoteek lehen partida irabazi nahi dute.
Helburu bera izango dute bihar Baikoko bi bikotek, Aizarnazabalen (Gipuzkoa), 17:15ean (ETB1): Erik Jaka eta Jon Mariezkurrena Iker Larrazabalen eta Aitor Arangurenen aurka ariko dira. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.