Bizipozik gabe geratu da

Imanol Ansa lanean ari da, baina, koronabirusaren ondorioz, ezin ditu egin bere zaletasunik gustukoenak: ezin da erremontean aritu, eta ezin du lagundu familiaren sagardotegian. Aitortu du horiek gabe «zerbait» falta zaiola.

Imanol Ansa, Setien sagardotegian, artxiboko argazki batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Imanol Ansari (Urnieta, Gipuzkoa, 1995) kolpe batez aldatu zaio egunerokoa. Koronabirusak eragin dio bat-bateko aldaketa. Lanean ari da, besteak beste industria kimikoan erabiltzen diren zenbait prototipo diseinatzen baititu Poliprecis enpresan, Asteasun (Gipuzkoa). Baina dena ez da lana, eta, COVID-19 birusaren ondorioz, bere zaletasunik gustukoenak egin ezinik geratu da: batetik, ezin da erremontean aritu, Oriamendi 2010 enpresak ez baitie kontratua berritu erremontistei, ezin delako partidarik jokatu; eta, bestetik, ezin du lagundu familiaren sagardotegian, Setienen —Urnietan dago—, egoerak bultzatuta aspaldi geratu baita bertan behera txotx garaia.

Gehien zeinen falta sumatzen duen galdetuta, ez du erremontearen eta sagardotegiaren artean aukeratu nahi izan. «Izugarri» gustatzen zaizkio biak. «Bien falta sumatzen dut asko. Gainera, biak elkarrekin zihoazen oraintxe. Sagardoaren Txapelketa jokatzen ari ginen, eta ni etxeko sagardotegiaren izenean ari nintzen. Lan ona egin nahi nuen txapelketan, eta gure sagardotegiarentzat saria lortu».

Kirolarien artean, erremontistak izan ziren azken ordura arte lehiatzen aritu ziren bakarretakoak. Martxoaren 14an jokatu zuten azken aldiz, Espainiako Gobernuak alarma egoera eta Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdiko egoera ezarri baino egun bat geroago. Jokatzen ez, baina entrenatzen jarraitu zuten gero astebetez; «beti txanda eskatuz eta banaka arituz», zehaztu du. Baina joan den astean esan zieten jada hori ez zela posible. Hori gutxi ez, eta gaurtik ez daude kontratupean.

Ansaren iritziz, «ulergarria» da Oriamendik hartutako erabakia, «dena geldirik» baitago. Baina aitortu du erremontistak «pixka bat urduri» daudela, eta «ezinegon apur bat» dutela. «Enpresak esan digu hau dena pasatzen denean asmoa duela guztioi urtea amaitu arteko kontratua eskaintzekoa, eta gero, dena ondo badoa, beste urtebetez luzatzeko».

Erremontea, «beheraka»

Hiru hilabeterako hitzarmenak sinatu dituzte azkenaldian. Ohituta daude. «Debutatu nuenean, 2015ean, Galarreta ixtear zireneta hilabeteko kontratua egin ziguten. Zorionez, ez zuten itxi». Esan du geroztik egoerak ez duela hobera egin. «Oriamendik erremontea berpiztu zuen, baina apurka behera egin du kirol honek. Erremontistok sakrifizio handia egiten dugu, ia doan jokatzen baitugu, zaletasun handia dugulako. Enpresari ezin diogu ezer leporatu, egoera dagoena baita: zaila da ikusleak, babesleak eta telebista erakartzea». Horregatik, argi du erremontea ez dela inoiz izango ogibide berarentzat, «zaletasun eta pasioa» baizik.

Egoera argitu bitartean, etxean ari da «entrenatzen», eta horretarako, bikain etorri zaio anaiak garajean inprobisatutako gimnasioa. «Suhiltzaile izateko oposizioak egiteko asmoa du anaiak, eta ariketa fisikoak egiteko tokia prestatua zuen horretarako. Hor ari naiz lanean, gogor. Anaia dut entrenatzaile orain». Frontoira joan gabe, ordea, alferrik du zesta. «Izugarri botatzen dut faltan Galarretara joatea, zestarekin aritzeko. Ia bizitza osoa daramat horretan, eta, hori egin gabe, zerbait falta zait». Pena du, egoerak eten egin baitu haren garapena. Ekinaren ekinez, tokia egina zuen txapelketa nagusietan. Iaz, adibidez, banakakoaren finalerdietako ligaxkan aritu zen, eta Berria txapelketa irabazi zuen. «Lesio batetik osatu berri nintzen, eta oso gustura ari nintzen. Faena bat da».

Erremontean aritzearen falta sumatzen du, baita urtero legez txotx garaian etxeko sagardotegian aritzea ere. «Denetarik egiten dut, edozer laguntzeko: txotxean egon, zerbitzatu, kozinatu... Gustuko dut jendearekin izaten den tratua. Gainera, kuadrillan egiten ditugun bazkari eta afari gehienak etxeko sagardotegian egiten ditugu. Niretzat toki oso berezia da». Aurten, baina, txotx garai erdia besterik ezin izan dute egin sagardotegian, koronabirusagatik. «Buruhauste handia» izan dela azpimarratu du. «Negozio txikia da, etxekoa, eta martxo-apiriletan, sagardo garaiko punturik onenean, bertan behera utzi behar izatea kolpe handia izan da. Diru sarrera handia da, eta kalte egingo digu». Ari dira «nola edo hala» kaltea arindu nahian. «Hornitzaileek aukera eman digute janaria itzultzeko. Sagardoa, berriz, botiletan sartzen ari gara, saldu ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.