Zonakako defentsa

Bizitzak berdin segitzen du

Andoni Urbistondo.
2011ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Berririk ez. No news, good news esaten da ingelesez (berririk ez, berri onak). ACB ligako euskal taldeen aktualitateari dagokionez, zaharrak berri, baina ez berri onak. Baskoniarentzat izan ezik. Zaharrak berri Bilbo Basketentzat, Gasteizen galdu ostean. Zazpigarrenez zortzi sasoitan. Mahai gainean kolpea emateko une aproposenean. Zaharrak berri, edo lehengo lepotik burua, Donostian ere. Kanaria Handiko muturrekoak erakusten du Lagun Aroren ustezko itxuraldaketak mami gutxi zeukala, eta Unicajaren aurka eta Euskal Kopan Bilbo Basketen aurka lortutako garaipenak anekdota bat direla. Granada dator bisitan igandean Donostiara, eta Aste Santu bukaera gogorra izan daiteke gipuzkoarrentzat. Aste bukaera iritsi bitartean, abesti bat, hausnartzeko, Bilbo Basket eta Lagun Aroko jokalarientzat: Julio IglesiasenLa vida sigue igual doinua.

'Remake' txarra. Bilbo Basketek galdutako aukerak zeresan handia eman du. Partida bat baino ez da, baina partida berezia zen. Laugarren postua lortzeko aukera, betiko bizilagun indartsua zigortzeko oparia, arabarren diktadura hausten hasteko une aproposa... Aaron Jacksonen zenbaki txarrek ondorio zuzena dute Katsikarisen taldean, eta Baskoniak asmatu egin zuen berriro estatubatuarraren sua itzaltzen. Kopan bezala, hain zuzen ere. Eta Kopan bezala, Huertas agintari izan zen. Ez da ulertzen erraza Bilbo Basket partidan hain epel sartu izana, eta orain arte hain emaitza onak eman dituzten ordezkoek eskas aritu izana. Baskoniaren meritua izango da. Derbiak laurden bakarra iraun zuen, Teletovicek lau misil saskiratu eta Barac nahierara aritu ziren tartea, Baskoniak 15 puntuko zuloa ireki arte. Lau jardunaldi geratzen dira, eta kanporaketetan bi taldeek elkarren aurka jokatzeko aukera indarra hartzen ari da.

Oporretan? Joan den denboraldian Ramoneda bera sutu zen Lagun Arok Kanaria Handian eman zuen itxura kaskarrarekin, eta hara oporretara ezin zela joan iradoki zuen. Partida ikusi ez eta taldeak 79-74 galdu zuela irakurtzen duenak Lagun Aro txukun aritu zela pentsatuko du, baina, laburpenak ikusi edo irakurri, eta sustoa hartu. 2011 urteko desastre bera errepikatu zuelako. Hasi eta berehala agur esan ziotelako garaipenari, eta agur esan ondoren noraezean aritu zirelako. Lehen laurdena Lagun Aroren erradiografia ona izan zen: oparitutako baloiak, erraztasun ugari defentsan, ezina erasoan, garaipen goserik ez... Igandean Granada dator bisitan. Lagun Arok maila galtzeko zeruak eta lurrak egin beharko lukete bat, baina Granada ondo ari da azken hilabetean, eta Lagun Aro ezin okerrago. Zazpi puntuko aldearekin irabazi zuen Lagun Arok Granadan lehen itzulian. Abendu bukaera zen, beste garai batzuk. Orduan zortzi onenak zituen jomugan Lasoren taldeak; gaur helbururik gabe dabil, noraezean, eta sufritzeko zorian, inoiz sufritu behar ez zuenean.

Hirugarren postua. Baskonia iazko sasoi bukaera errepikatzen hasi da. Euroligatik kanpo geratu ostean, bere puntu onena lortzen hasi dela dirudi. Bilbo Basket hankapean ibili zuen, eta hori asko egitea da, bizkaitarrak ligako talde onenetakoa zirela iritsi zirelako Gasteizera. Pasa den urteko arrakasta errepikatzeko funtsezkoa da ligako hirugarren postua lortzea, eta ez dirudi Valentziak berehalakoan galduko duenik postu hori. Besteak beste sei garaipen daramatzalako jarraian. Hirugarren postuak Bartzelona finaleraino saihestea dakar, eta Baskoniak iaz erakutsi zuen finalean ezustekoa emateko gai dela. Valentziak Unicaja hartuko du igandean, eta Estudiantesen aurka jokatu hurrengo asteburuan. Baskoniak lan zaila du larunbatean Real Madrilen aurka, eta partida errazagoa 32. jardunaldian: Valladolid, etxean.Asko dago jokoan. Bilbo Basketen aurkako derbia ikusiko ote dugu final-laurdenetan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.