Futbola. 2012-2013ko denboraldia: Athletic

Bizkarrezurra, erditik bi eginda

Bielsaren haserrealdia, Llorentek berritu nahi ez izana eta Javi Martinez Bayernera joatear egotea kolpe latzak izan dira AthleticentzatTriste dago kluba, eta berriro ilusioa sortzea da taldeak duen erronka nagusia

Bizkarrezurra, erditik bi eginda.
haritz gallastegi
Bilbo
2012ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Zerutik infernurako bidea laburra da. Azkar egin daiteke. Galde diezaiotela, bestela, Josu Urrutiari. Galde diezaietela, era berean, Athleticeko jarraitzaileei. Zale zuri-gorriek ez dute sekula ahaztuko Marcelo Bielsaren aginduetara Athleticek aurreko sasoian egin zuen jokoa eta lortu zituen emaitzak. Azken 30 urteetako Athletic onena ikusi zen. Lehiakorra. Lotsagabea. Irabazlea. Artelana borobiltzeko, kopa bat altxatzea baino ez zen falta izan.

Bai Europako Ligan, eta baita Espainiako Kopan galdutako finalek min eman zuten. Athletic ez baitzen lehiakorra izan. Horrek aho zapore garratza utzi zuen. Halere, hiruzpalau urterako proiektu sendo bat zegoela zirudien.Goitik hasi eta oinarriraino. Goian, nagusi gisa, klubak ondo funtzionatzeko eta beharra lasai egiteko bere esku dagoen guztia egiteko gertu dagoen presidentea dauka Athleticek. Horretarako, entzun beharreko kritika guztiak eta hartu beharreko egur guztia hartzeko gertu dago. Urrutia Athletic da eta. Aulkirako, goi mailako entrenatzailea dauka egitasmo zuri-gorriak. Eta teknikariak bere jakituria zertzeko maila oneko talde gaztea dago. Lehoi kuadrilla aproposa. Ezin gehiago eskatu.

Baina gauzak okertzeko, gutxi behar da. Proiektu guztia kolokan jartzeko nahikoa izan daiteke lekuz kanpoko beroaldi bat. Bielsaren agerraldi bat, esate baterako. Kontratua luzatzea kostatu egin zitzaion entrenatzaile argentinarrari. Aurrera egin aurretik, kluba bere ideiekin bat zetorren jakin gura zuen. Hala zela jakin zuenean eman zuen baiezkoa. Athletic talde indartsuagoa izateko, Lezama zaharberritzeko eskatu zuen. Obrak lehen taldea oporretan zegoela egingo zirela agindu zioten. Ezinezko bat agindu zioten. Eta atsedenaldiaren ostean —Bielsa ez da lasaitzen oporretan—, berba egindakoa bete ez zela ikusi zuenean, sutan jarri zen. Sua, itzali beharrean, indarra hartuz joan zen klubeko inork obren ardura zuen enpresari kontuak eskatzen ez ziola ikusita. Athleticen azken urteetan zeresan gehien eman duen prentsa agerraldi bat izan zen horren guztiaren ondorioa. Urrutiak eta Bielsak osatutako bikotearenkrisiaren erakusgarri izan zen. Halaber, elkar ondo ulertzen zuen bikote baten hausturak ezzuela atzera bueltarik izango zirudien. Zer esanik ez hurrengo egunean zuzendaritzak Bielsari arrazoia kendu zionean. Baina ezinezkoa bazirudien ere, sutea kontrolatzea lortu zuten Ibaiganen. Presidenteak, bere kontra egindako erasoaren gainetik, klubarentzat onena zena egitea erabaki zuen. Errazena Bielsa kargutik kentzea izango zen. Entrenatzaileak, berriz, hilabete lehenago emandako hitza betetzea erabaki zuen. Jarraitzea, alegia.

Hala ere, pitzadura eginda zegoen. Ordutik aurrera denboraldi-aurrea ez baita normala izan. Irabaztea horrenbeste kostatu zuen ilusioa argiaren abiaduran galdu zen klubean eta inguruan. Batzuk entrenatzailearen alde jarri ziren. Beste batzuek, aldiz, presidenteari erakutsi zioten babesa. Kontua da apurtuta zegoela inoiz baino batuago eta indartsuago beharko lukeen Athletic familia.

Izarren ihesa

Zauriak ixteko, denbora eta lan ona izaten dira erremediorik onenak. Bada, asteak pasatu ahala, agintari nagusiaren eta entrenatzailearen arteko distantzia laburtzen ari dela dirudi. Halaber, Europako Ligan aurrera egiteak ere lagundu du egoera bere onera etortzen. Baina gauzak bere onerabueltatzen ari zirela, bonba bi jarri zituzten erakargarria zirudien proiektuan. Taldeko bi izar nagusiek hegan egiteko unea iritsi zaiela erabaki dute. Herri arteko trena utzi eta abiadura handikoa hartzeko unea dela iritsi diote. Europako talde indartsuenetan jokatzeko unea dela erabaki dute. Urtero txapelketa guztiak irabazteko lehian egoten diren taldeetan. Beste pauso bat ematea erabaki dute. Javi Martinezek aurki egin dezake. Bayern Munichek jada jakinarazi du jokalaria fitxatzea erabaki duela eta orain fitxaketa nola finantzatu aztertzen ari dela —40 milioi euroko etete klausula dauka, eta BEZarekin, 48koa—. Bundesligan sekula egin den fitxaketarik garestiena litzateke, eta atzelari baten truke ordainduko litzatekeen kopuru handienetako bat. Horren aurrean ezin du Athleticek ezer egin. Gainera, Javi Martinezen inguruan ezin da sentimendua aipatu. Izatekotan, sentimendu gorritxoa du —Osasunatik etorri zen 2006an—. Jokalariak ez du adierazpenik egin, ez herenegun Barakaldon, ez atzo Lezaman. Atzo, gainera, zaleen kritikak entzun behar izan zituzten berak eta Llorentek.

Javi Martinezekin gertatu dena aintzat hartuta, beharbada hobeto ulertuko da Urrutiak Fernando Llorenteren auzian izan duen jarrera. Datorren sasoiaren amaieran bukatzen zaio kontratua, eta ez berritzea erabaki du aurrelariak. Errespetatu beharreko erabakia da, baina, hala bada, berandu hartu du erabakia. Athleticen kirol helburuak ez baitira hilabete batean, urtebetean edota bost urtean aldatzen. Aspalditik zekien zer eman diezaiokeen azken hamazazpi urteotan defendatu duen elastikoak. Hordagoa bota du, eta eutsi egin dio Urrutiak. Ez omen du salduko. Ez eta diru kopuru handi baten truke. Erabaki arriskutsua da, 2013an klubak ez baitu ezer jasoko harengatik.

Zaleak, burumakur

Taldeko izar nagusiek eragindako bigarren suteak erre-erre eginda utzi ditu zaleak. Urte gaitza izango da aurrelariarentzat. Eta, era berean, sasoi gogorra izan daiteke taldearentzat. Hala ere, Urrutiak argi dauka: Llorenterekin eta Javi Martinezekin galduko duena hurrengo belaunaldiei pentsarazteko balioko diela espero du. «Ezberdinak bagara, ezberdin jokatu behar dugu». Gaur egungo izar nagusien atzetik ate- joka joateko asmotan daudenentzako mezua da hori. Gainontzean, beste bide batzuk jorratu beharko dira.

Bistan dago oso nahastuta hasiko duela liga Athleticek. Hiru lehiaketatan ariko da berriz. Kopan eta Europan hobetzea ia ezinezkoa izango da. Ligan, berriz, iaz baino hobeto hasi beharko du sei onenen artean egoteko. Horretarako, koska bat igo beharko dute De Marcos, Iturraspe, Aurtenetxe, Muniain —ez da ariko etzi, min hartuta baitago—, Susaeta eta enparauek. Adurizen eta Isma Lopezen laguntza izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.