PILOTA

Bizkartzainik fidagarriena

Jon Apezetxeak eta Xabi Tolosak Julen Martijaren «segurtasuna» goraipatu dute. Biek argi daukate: «Askotan erakutsi du gai dela Jose Javier Zabaletari aurre egiteko».

Julen Martija, pilota jotzeko prest, Binakako Txapelketan jokatutako partida batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Martija, pilota jotzeko prest, Binakako Txapelketan jokatutako partida batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko martxoaren 29a
05:00
Entzun

Indarra ez da dena. Alferrikakoa da fidagarria izan ezean. Julen Martijak (Etxeberri, Nafarroa, 1997) sobran du horretatik. Horri esker ari da bide ederra egiten profesionaletan. Zortzi urte egin berri ditu onenekin jokatzen, eta uzta oparoa bildu du jada, bitan izan baita Lehen Mailako binakako txapeldun: 2020an, Joseba Ezkurdiarekin; eta 2022an, Jokin Altunarekin. 24 urterekin jantzi zuen bigarren txapela. Binakakoa bitan irabazi duten atzelarien artean gazteena da. Igandean are marka handiagoa lor dezake baldin eta hirugarrenez txapela irabazten badu.

Binakakoa da atzelarien neurgailurik onena; haien txapelketa nagusia da. Bikain aritu da Martija. Zazpigarrenez jarraian ari da, eta bostetan sailkatu da gutxienez finalerdietako ligaxkarako: lau aldiz Altuna III.arekin, eta behin Ezkurdiarekin. Hirutan egin du gero finalerako urratsa. Ezin eraginkorrago aritu da horietan: bi jokatu ditu, eta biak irabazi.

«Edozein aurrelarik nahiko lukeen atzelaria da: segurua, fina, oso langilea eta oso erregularra; urte osoan aritzen da ondo. Azken binakakoan ez ezik, beste guztietan ere oso ondo aritu da. Hirugarren finala du. Zerbaitengatik da hori». Jon Apezetxea Aspeko intendenteak (Goizueta, Nafarroa, 1988) berehala goraipatu du Martija.

Baita Xabi Tolosa (Anoeta, Gipuzkoa, 1995) enpresa bereko atzelariak ere. «Oso segurua da. Oso pilota gutxi galtzen du. Batez ere eskuinarekin, oso ondo jotzen du pilota gora, kontrako aurrelariari pilota kentzeko; ia ez dio uzten pilota errazik. Pilota aurrean harrapatzen duenean, berriz, oso ondo atzeratzen du. Sasoi oso onekoa ere bada; gutxi nekatzen da, eta horri esker, oso ondo eusten dio partidari. Pilotari osoa da».

«Edozein aurrelarik nahiko lukeen atzelaria da: segurua, fina, oso langilea eta oso erregularra».

JON APEZETXEA Aspeko intendentea

Eta «pilotari petoa», Apezetxearen iritziz. «Badaki noiz igo behar den pilota, eta noiz baztertu. Lehen kosta egiten zitzaion atzetik pilota kentzea, baina lan asko egin du, eta, horren poderioz, izugarri hobetu du».

Aspeko intendenteak aspaldi ikusi zion gaia. Begiz joa zuen afizionatuetan ari zenean. «Diario Vasco Txapelketa batean ikusi nuen jokatzen, eta asko gustatu zitzaidan. Harekin hitz egin eta gero fitxatu genuen. Haren profesionaletako ibilbide osoa ikusi dut: hastapenetatik orain arte. Izugarri hobetu du. Jokoan, asko hobetu du ezkerrarekin jotzen eta eskuinarekin pilota luzatzen. Afizionatuetan ere segurua zen, baina, orain, oso urruti jartzen du pilota laugarren koadroan harrapatzen duenean. Konstantzia handiko pilotaria da».

Behetik gora

Begi bistakoa izan dena nabarmendu dute Tolosak eta Apezetxeak: behetik gora egin duela. «Txapelketa hasierak ez zuen sasoi onean harrapatu. Pilotari bakoitzak bere prestaketa izaten du, eta hark oso ondo daki noiz egon behar duen ongi. Prestaketa ezin hobea egin du. Lehen partidak kenduta, txapelketa ikaragarria egin du. Partida handiak jokatu ditu, bai Jokinekin, bai Zabalarekin. Etengabe hitz egiten da Jokini buruz, eta ulertzekoa da, Jokin Jokin baita. Baina Martija handi bat ikusi dugu», azaldu du Apezetxeak.

Tolosak, berriz, Martijaren eskarmentua azpimarratu du. «Une erabakigarrietan, sumatu da aurreko urteetan nolako esperientzia pilatu duen. Mesede egin dio, eta horri esker, ez du huts egin. Hori oso garrantzitsua da, pilotari batzuek halakoetan ez baitira gai euren maila emateko».

Atzelariak ere garrantzitsutzat jo du laugarrenez bikotekide berberarekin jokatzea. Altuna III.ak eta Martijak bikote ona osatzen duten galdetuta, barrez esan du Altuna III.a «edozein atzelarirekin» moldatzen dela ondo. «Baina bai, aurretik elkarrekin aritu izanak, eta are gehiago, horren ondo aritu izanak lagundu egiten du elkarri laguntzeko eta baikortasunari eusteko».

«Oso pilota gutxi galtzen du. Batez ere eskuinez, oso ondo jotzen du pilota gora. Aurrean, berriz, oso ondo atzeratzen du».

XABI TOLOSA Aspeko pilotaria

Zabaletak jokatzen duen aldiro erreparatzen zaio beste atzelariari, ea gai izango ote den hari aurre egiteko. Hala gertatu da oraingoan ere. Apezetxeak eta Tolosak ez dute zalantza izpirik ere. Seguru daude Martija Zabaletarekin nor baino nor gehiago aritu daitekeela. «Aurreko urteetan erakutsi du, baita txapelketa honetan ere», esan du atzelariak. Intendenteak, berriz, gehitu du jakina dela Zabaleta «pilotari handienetako bat» dela, baina Martija «hor» dagoela, eta «guztiz kapaz» dela hari aurre egiteko. 

Finala «oso irekia» dagoela esan eta Nafarroako Erresumako frontoiaren berezitasunari erreparatzea, biak bat izan dira. «Han aritu direnek diotenez, pilota bizi ateratzen da frontisetik; beraz, aproposa da Zabaletarentzat. Aukera izanda, nik nahiago nuke Bilboko frontoian jokatu haren aurka, Nafarroa Arenakoan baino», azaldu du Tolosak. 

Iritzi bera heldu zaio Apezetxeari, baina abisua eman du: «Aizu, Altuna eta Martija daude aurrean! Ez dira edozein! Laurak sasoi betean daude, eta aitzakiarik ez dago, frontoia bera baita guztientzat. Opari gutxien egiten duenak irabaziko du txapela».

buruz burukoaren atarikoak jokatuko dituzte gaur eta bihar

Gaur eta bihar jokatuko dituzte Lehen Mailako buruz burukoaren Baikoko atarikoak. Gaur, Jon Ander Peña eta Iker Larrazabal ariko dira Bastidan (Araba), 17:00etan (ETB1). Bihar, berriz, Mikel Urrutikoetxea eta Joanes Bakaikoa ariko dira Lekeition (Bizkaia), 17:15ean (ETB1). Bi irabazleak, Unai Laso, Erik Jaka, Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena —eskua osatzen bazaio— izango dira Baikoren ordezkariak buruz burukoan. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.