Bizkor ibili behar

Diru eskasia dela eta, Bilbo Basketek azkar mugitu behar izan du merkatuan. Sei jokalari fitxatuta, ia osatua dute taldea.

Pere Tomas da Bilbo Basketek fitxaturiko jokalari bat. Irudian, umeekin jolasean. BILBO BASKET.
Mikel O. Iribar.
2017ko uztailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurrekontu txikia izateak irudimena piztu du Bilbo Basketeko bulegoetan. Uztaila izan arren, dagoeneko sei jokalari fitxatu dituzte, eta taldea ia osatua daukate. Igor Mintegia da iaztik Bilbo Basketeko kirol zuzendariaren aholkularia, eta garbi mintzatu da egoeraren inguruan: «Aurrekontu handia duzunean bi aukera dituzu: nahi duzun jokalariaahal bezain laster fitxatzea, edota abuztu-irailera arte itxaron, eta beste taldeetatik baztertuta dauden jokalariak fitxatzea». Bilbo Basketek, ordea, aukera bakarra izan ohi du, merkatuan azkar mugitzea: «Uda amaiera arte jokalarien zain egotea loteria hutsa da».

Kazetari izateari utzi eta saskibaloi talde bateko kargudun bihurtzea aldaketa gogorra izan dela esan du Mintegiak. Halere, «naturala» izan da. «Amets bat betetzen ari naiz. Modu berean, presioa sumatzen dut, erantzukizun handia baitaukat». Horren adibide, azken asteetan lanez gainezka ibili da. Oraingoz egin dituzten sei fitxaketetatik bostek ez dute ACB ligan esperientziarik. Pere Tomas da bertan jokatu duen bakarra. Europako merkatua albo batera utzi, eta beste kontinenteetara joan dira arrantzatzera; baita harrapatu ere: Izan ere, Lucio Redivo argentinarra, Ricardo Fisher brasildarra, Shane Hammink herbeheretarra, eta Jameel McKay eta Tim Kamptonestatubatuarrak fitxatu dituzte. Bost jokalari horiek Europan jokatu ez duten arren, Mintegia itxaropentsu dago: «Guk apustu hau egin dugu, jokalari horiek daukaten joko mailarengatik».

Espainiako Kopa jokatu osteanhasi zen zuzendaritza datorren sasoiari begira lanean. «Martxo-apiril aldean badakizu zein jokalariri amaituko zaien kontratua eta zein jokalari behar dituzun datorren denboraldirako». Scott Bamford jokalaria ipini du adibide gisa: «Guk bagenekien Bamfordek eskaintzak jasoko zituela. Haren agenteak hala esan zigun. Beraz, bagenekien taldea utziko zuela».

Hala, hilabete hauetan merkatua goitik behera arakatzen aritu dira. Talde gutxi dira NCAA AEBetako unibertsitateko ligari erreparatzen diotenak fitxaketak egiteko orduan. Bilbo Basket da horietako bat. Izan ere, Hamminkek eta Kamptonek bertan jokatu dute. Mintegiak bi jokalari horiek nabarmendu nahi izan ditu: «Biak ala biak saskibaloi profesionalean ibiltzen ziren jokalarien semeak dira. Hortaz, badaukate nolabaiteko kirol kultura bat». Horrez gain, bienaitek ACB ligan esperientzia izan zutela gogorarazi du: «Kemptonen aitak Giroran eta Leonen jokatu zuen, eta Hamminken aitak Baskoniarekin egin zuen denboraldi-aurre bat».

ACB ligarekin alderatuz, NCAA ligako jokalariak fitxatzeko diru gutxiago behar dela azaldu du. Horregatik jotzen dute merkatu horretara. «Aurrekontu txikia badaukazu, ACB ligan eskua sartzea zailagoa da. Tanteoa dago tartean, eta jokalariaren prezioa asko garestitzen da. Horrez gain, beste taldeekin lehiatu beharra duzu, ea zein taldek eskaintzen duen diru gehiago jokalariaren eskubideak lortzeko».

Ondorioz, Bilbo Basketek beste bide alternatibo bat hartu du uda honetan. Ondo aterako dela espero du, baina oinak lurrean ditu: «Ikusiko dugu jokalari horiek zer-nolako bilakaera izaten duten. Egia da jokalari berriei Europako saskibaloira egokitzea gehiago kostatzen zaiela, eta beti esaten da arriskutsua dela horrelako fitxaketak egitea. Eskerrak gure taldean eskarmentu handia duten jokalariak ditugun». Alex Mumbru, Javi Salgado eta Axel Hervelle jokalariak jarri ditu horren adibide.

Baina fitxatutakoak ez dira jarraitu dituzten jokalari bakarrak. Mintegiak urte osoan jokalari mordoa segitzen ditu. NCAA ligan, adibidez, 40 jokalari izan ditu begiz jota. Horietako asko Portsmouth txapelketan jokatutakoak izan dira, azaldu duenez. «NBAko draft-ean sartzen ez diren jokalari gazteek parte hartzen dute txapelketa horretan. AEBetan jokalari horien kalitatea azpimarratzekoa ez izan arren, Europan nabarmentzeko aukera handiagoa izan dezakete». Bideoen bidez ere arakatzen dituzte beste merkatuetako jokalariak. «ACB ligak eskaintzen duen plataforma bati esker aztertzen ditugu jokalariak. Beraz, erraza da beste ligetako jarraipena egitea». Fitxaketa gehiago egingo dituzten galdetuta, erantzun du zaila izango dela: «Taldea ia osatuta daukagu»

Baina fitxaketak egiteaz gain, aurreko sasoian taldean zeuden jokalarien inguruan ere erabakiak hartu behar izan dituzte. Mumbruren eta Salgadoren etorkizunaren inguruan asko hitz egin da. Mintegiak jakinarazi du kontratua berritzeko eskaintza egin dietela. Zuzendaritzak espero du bi jokalariak taldean jarraituko dutela.

Mintegia, behintzat, lasai dago. «Mumbru eta Salgado erreferente nagusiak dira taldearentzat, ez bakarrik kantxan, baita aldagelan ere». Aurten gazteekin arituko direnez, haien esperientzia oso garrantzitsua izango dela azpimarratu du Mintegiak. «Daukagun oinarri sendoa kontuan izanik, uste dut jokalari berrien egokitzapen hori leunagoa izango dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.