Bizpahiru ukituko etxe sendoa

Bilbo Basket finala bukatu eta berehala hasi da hurrengo sasoia prestatzen; Mumbruren kontratua berritu du

Bizkaia Bilbo Basketeko jokalariak, zaleei eskerrak emanez, herenegun, ACB ligako finaleko hirugarren partidaren amaieran. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Ereindako uzta onak Bilbo Basket hauspotu du. Lanean jarraitzeko borondate tinkoa dute Bilbo aldean, eta finala 3-0 galdu izanaren samina aitaren batean ahaztu dute. Emandako aurrerapausoa sendoa izan dela badakite, eta ez dute bat bera ere atzera egin nahi. Proiektua badago, kantxa ere bai, eta zale talde fidela ere bai. Oinarri sendoko etxea da bizkaitarrena, eta 2011-2012 sasoiari begira ukitu txiki batzuk eman beste lanik ez dute, hurrengo sasoia bukatu berri dena bezain distiratsua izan dadin. Ahaleginakmerezi du, taldea Europara bueltatuko delako berriro, eta Espainiako Kopa ez jokatzea eta zortzi onenen artean ez sartzea porrotaren pareko gisa hartuko direlako aurrerantzean.

Zuzendaritza piezak mugitzen hasi da. Alex Mumbruri kontratua luzatzea erabaki du, eta gaur bertan jakinaraziko dute prentsa agerraldian luzapen hori zenbat urtekoa den. Ziurtzat jotzen da, era berean, Raul Lopez kataluniarraren etorrera. Joko antolatzailea Errusiako Ligako finala jokatzen ari da Khimkirekin, CSKA Moskuren aurka, eta final hori bukatu arte ez da ezer argituko. Raul Lopez iaz ere etortzekotan egon zen, baina akordioa ez zen itxi azken unean. Oraingoan azken orduko arazorik ez dela sortuko dirudi. Bat etorri, besteak jarraitu, ez da Henao kaleko bulegoetan egun hauetan egongo den mugimendu bakarra.

Raul Lopezen etorrerak tokirik gabe utziko du Josh Fischer. Estatubatuarrak nahiko txukun jokatu du kanporaketetan, baina sasoi osoa aintzat hartuta, ez du beragan espero zen mailarik eman, eta ez du jarraituko. Gorabeherarik gabeko joko antolatzaile bi nahi ditu Fotis Katsikarisek, eta aukera egina dago: Aaron Jackson eta Raul Lopez. Kanpoko lerroan mugimendu gehiago egongo dira. Aukera asko eman dizkiote Chris Warreni, baina denak pasatzen utzi ditu, eta Italiako Legan erakutsitako jokoaren arrastorik ez du erakutsi Bilbon.

Zalantzak ere badaude. Bi, batez ere: Janis Blums eta Eduardo Hernandez-Sonseca. Letoniarra jokalari merkea da, eta dagoeneko hiru denboraldi daramatza Bilbon. Batzuetan bikain aritzen da, eta besteetan makal samar, baina inork ez du zalantzan jartzen talde gizona dela, eta langile fina, eskatzen diotena beteko duela batere kexatu gabe. Txukun samar aritu da kanporaketetan, eta hilabete atzera bere etorkizuna Bilbotik urrun bazegoen, orain geratzeko aukera du. Taldeak merkatuan lortzen duenaren arabera, beti ere. Zuzendaritzako kideak zaleek jokalariak nola agurtu zituzten ikusi zuten herenegun gauean, hirugarren partida bukatuta, eta Blums zaleen kutuna dela ikusi zuten. Eskoltaren aldeko arrazoi garrantzitsua izan liteke hori.

Zailagoa da Hernandez-Sonsecarekin antzekoa gertatzea. Hura fitxatzeak zalantza asko sortu zituen joan den udan adituen artean, eta egiari zor, ez du espero zen neurririk eman. Minutu gutxitan erabili du Katsikarisek, eta izan dituenetan ere, zenbaki kaskarrak izan dira nagusi. Egin ditu partida onak, baina ale solteak, sasoi osoko jarduna aintzat hartzen bada. Esan beharrik ere ez, Paco Vazquezek ere ez du jarraituko. 37 urte ditu, eta normalean erretiroa hartu beharko luke. Javi Rodriguezen etorkizuna ere Bilbotik urrun dago, aspaldi.

Arrastorik ez

Lau joango dira ziur, eta bosgarren bat ere bai, agian. Raul Lopez etortzea da ziur samarra den bakarra, baina taldeak garbi du zein diren lehentasunak. Saskipean mina egingo duen pibot indartsu bat nahi dute, saskiratzailea, Dimitros Mavroeidis eta Axel Hervelle langile petoak baitira. Lagun Aroko David Doblas merkatuan dago, eta zurrumurruek esan dutenez, beretzat nahi luketen pieza da. Doblasek, ordea, kontratua dauka Lagun Arorekin, eta hori oztopo serioa izan liteke.

Hegaleko on bat ere lehentasuna da, baina oraingoz ezin jakin Bilbo Basket bilatzen ari den jokalari hori zein ezaugarrikoa den: jaurtitzailea, fisikoki indartsua, kanpotik barrura jokatzen duena... Normalean hirukoetan ondo moldatzen den jokalaria izan beharko luke, Kostas Vasileiadis greziarra lekukoa hartuko dion taldekideren bat bilatu ezinik aritu baita sasoi hondarrean.

Hastear den uda luze samar joango da fitxaketei dagokionez, eta ez da fitxaketa sonaturik espero hurrengo asteetan. Argitzeko dago oraindik kupoen afera, alegia, Espainiako herritartasuna duten zenbat jokalari eduki behar duten gutxienez. Ez da baldintza bakarra izango. Talde aberatsek agintzen dute merkatuan. Haiek mugitzen dira aurrena, eta haiek finkatu baten eta bestearen salneurria. Haiek uzten dituzten pieza interesgarriak bereganatzen saiatuko da Bilboko taldea.

Euroligaren kontua ere airean dago. Astebete beharko da oraindik Bilbo Basketek atariko batean parte hartu beharko duen edo ez jakiteko. Errusia, Turkia eta Italiako liga txapelketetan gerta daitekeenaren esku dago Bilbo Basketek atarikoa jokatu edo ez, baina hiru txapelketa horietako finalak jokatzen ari dira. Errusian, bana berdinduta dira Moskuko CSKA eta Khimki, baina Khimkik partida bat irabazi du CSKAren kantxan. Hiru partida irabazten dituena izango da txapelduna, eta Bilbo Basketi txapela CSKAk lortzea komeni.

Turkian 3-2 da aurretik Fenerbahçe Galatasarayren aurka, eta bi aukera izango ditu titulua lortzeko. Fenerbahçeren alde hor ere bizkaitarrak. Montepaschiren alde ere bai. Sienakoek 2-0 hartu diote aurrea Canturi, eta ez dirudi kale egingo dutenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.