Maider Altuna. Realeko jokalari ohia

«Bolada onetan asko gozatu dut, eta zailetan asko ikasi»

Belar hockeyaren gorenean hamabost urte eman eta gero, erretiroa hartu du Altunak. Fisikoki eta jokoari dagokionez, «onenean» dago, baina gero eta gogorrago egiten zaio hockeya lanarekin uztartzea.

GOTZON ARANBURU / FOKU.
ainara arratibel gascon
Donostia
2023ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Zelaitik harmailetara igaroko da hurrengo sasoian Maider Altuna Realeko hockey jokalaria (Hernani, Gipuzkoa, 1994), erretiroa hartu ostean. Hain zuzen ere, Bera Berako harmailetan izan da elkarrizketa. Patxadaz mintzatu da bizitakoaz, eta nabari zaio garai berri bati ekiteko ilusioa. «Beste gauza batzuk jarri nahi ditut erdigunean».

Hiru aste pasatu dira azken partida jokatu eta erretiroa hartu zenuenetik. Zer moduz zaude?

Denboraldia amaituta, beti izaten dugu etena. Gogorragoa egingo zait abuztua edo iraila iritsi eta taldekideak entrenatzen ikusten ditudanean. Baina, oraingoz, lasai nago, ondo. Hockeyak asko eman dit, eta nik hari ere bai. Oreka bat egon da hor, eta asebeteta noa.

Kirolari gehienek esan ohi dute gorputzak eta buruak nahikoa dela esatean hartu dutela erretiroa. Zuk, ordea, aitortu duzu zure boladarik onenean hartu duzula erabakia. Nolatan?

Egia da fisikoki eta jokoaren arloan oso ondo nagoela. Entrenatzaileak berak, erabakiaren berri eman nionean, esan zidan ezin zuela sinetsi, sekulako denboraldia egin dudalako. Baina kontuan izan urte asko daramatzadala geratu gabe, ikasketak edo lana hockeyarekin uztartzen. Erizaina naiz, eta zenbaitetan zera egin izan dut: ostiralean gauez lan egin, larunbatean taldearekin bidaiatu, igandean jokatu, eta bueltatzean gaueko txandan sartu. Edo bizpahiru ordu lo eginda partida bat jokatu. Lagunekin eta etxekoekin ere plan asko galdu ditut. Gainera, taldea gaizki dagoenean kezka hor izaten duzu. Batez ere azken bi urteetan, gogorrak egin zaizkit halakoak. Gogoz nago bizitzako etapa berri bat hasteko. Orain arte, hockeya izan da nire lehentasuna, baina, orain, beste gauza batzuk jarri nahi ditut erdigunean.

Taldekideek ezustean hartu dute erabakia?

Lehenbizi gertukoenei esan nien: Nerebari [Belzunegi] eta Aneri [Erguin], adinez paretsuen ditudanak direlako. Eta gero pixkanaka joan nintzen esanez, ez baitzait gustatzen jende askoren aurrean hitz egitea. Denek ondo ulertu dute nire erabakia, nahiz eta Nerebak berak esaten zidan beste urtebete jarraitzeko [barrez].

Aspalditik zenuten aldarrikapen bat betetzear denean hartu duzu uzteko erabakia: Zubieta ondoan zelai propioa izango duzuenean. Pena duzu?

Pena baino gehiago inbidia ematen dit. Izan ere, urte asko generamatzan hori eskatzen. Kontuan izan zelai erdian entrenatzen aritu garela beti. Horrek eragina izan du, batez ere partida taktikoak prestatzean. Izan ere, ez da gero zehazki partidetan egingo duzuna, hor zelai osoan jokatuko duzulako. Alde horretatik, urrats inportantea izango da, etapixkanaka ikusiko da.

Hartan jokatuko den lehen partida ikustera joango zara? Edo, beste kirolari ohi askok bezala, nahiago duzu aurrena zure kiroletik apur bat aldendu?

Joango naiz, noski. Hockeya utzi dut, baina taldearen partidak ikusten jarraituko dut, eta haiek animatzera joango naiz.

Eta aurrekoan zenioen ez duzula baztertzen makila hartu eta entrenamenduren batean haiekin aritzea?

Ez dut baztertzen aukera hori, ez. Ikusiko dugu irailetik aurrera.Oraingoz, mendi krosari heldu diot.

Zer eman dizu kirol horrek?

Iaz hasi nintzen. Nire entrenatzailearekin batera Anetora joan nintzen, eta jakin genuen mendi kros bat izaten zela. Aurtengorako izena ematea erabaki genuen, eta uztailean izango da. Urtarrilean Uliakoa korritu nuen, eta, egia esan, oso esperientzia polita izan zen. Korrika egitea beti gustatu izan zait, eta mendian entretenigarriagoa da. Dena den, taldekako kirol bat bilatu behar dut lehiatzeko grina hori ateratzeko.

Zein da hockeyarekin duzun lehen oroitzapena?

Santo Tomas lizeoan hasi nintzen, eskola kirolean. Ahizpak, gainera, jokatu egiten zuen. Haren partidak ikustera joaten nintzen, eta izugarri gustatzen zitzaidan. Pixkanaka, Realarekin entrenatzen hasi nintzen. Ostiralero hor egoten ginen, zain, deialdian sartuko gintuzten jakiteko. 13 urterekin egin nuen debuta. Gogoan dut hasieran bost bat minutu baino ez nituela jokatzen. Baina partida osoa jokatu banu bezala amaitzen nuen, dena ematen nuelako. Ilusio handiko garaiak izan ziren. Jokatzen nuen minutu bakoitza izugarri gozatzen nuen.

Eta, lau urte geroago, liga irabazi zenuten. Zu pixkanaka tokia egiten ari zinen taldean. Nola bizi izan zenuen?

Egia esan, asko disfrutatu nuen titulu hura. Oraindik ere ez nuen hainbesteko ardurarik eta zamarik taldean, eta ederra izan zen. Dena gozamena. Oso talde ona genuen. Urteak generamatzan titulua irabazteko lehian, eta azkenean lortu genuen. Etxean izan zen, gainera, eta ez dut ahaztuko han izan zen giroa.

Bigarren liga 2019an ailegatu zen. Orduan jada leku garrantzitsua zenuen taldean.

Hala da. Titulu hura ere berezia eta hunkigarria izan zen, ezustean irabazi genuelako. Pentsa, liga seigarren amaitu genuen. Baina lehen kanporaketa gainditu, eta Lauko Finala jokatu genuen. Presiorik gabe joan ginen, disfrutatzera. Baina behin finalerdia igarota, esan genuen: «Eta zergatik ez?». Irabaztea izugarria izan zen. Gero, gainera, Urrezko Danborra eman ziguten.

Horrek Europan jokatzeko aukera eman zizuen. Zer izan zen zuretzat Europako talderik onenen kontra lehiatzea?

Nik beti esaten dut hockeyaren friki hutsa naizela. Asko erreparatzen diet nazioarteko ligei, batez ere Herbehereetakoari. Hain zuzen ere, herrialde horretan jokatu genuen Lauko Finala, hango talde baten kontra. Sekulako maila dute hango jokalariek, eta azpiegiturak izugarriak dira. Baziren klubak entrenatzeko zazpi zelai zituztenak, pentsa.

Beste liga batean ez jokatu izanaren pena geratu zaizu?

Argi dago Alemanian edo Herbehereetan jokatzea handia izango zela. Baina ez dut kanpoan jokatzeko aukera hori bilatu.

Zuk aipatu bezala, taldea beheko postuetan egon da azken urteetan. Zer ikasi duzu garai zail horietan?

Beti esaten dut bolada onetan asko gozatu dudala, eta zailetan asko ikasi. Eta zer ikasi dudan bolada zail horietan? Bada, pazientzia eta lasaitasuna izaten, baita enpatia edukitzen ere. Talde kirol batean ezinbestekoa da taldekidearen lekuan jartzen jakitea. Ikasgai horiek oso baliagarriak izan zaizkit bizitzan.

Hockeyak loa kendu dizu?

Uste dut jakin dudala hockeya eta hortik kanpokoa bereizten.

Asko aldatu da hockeya zu hasi zinenetik?

Bai, jokoa gero eta dinamikoagoa eta biziagoa da. Ni hasi nintzenean, 35 minutuko bi zati zeuden. Orain, berriz, lau zati daude, eta batetik bestera bi minutuko atsedenaldia jarri dute. Jokoa biziagoa da. Taldeak fisikoki hobeto prestatu behar izatea ekarri du horrek, eta arlo hori garrantzi handiagoa hartuz joan da.

Horiek hala, nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?

Ondo. Uste dut trantsizio aldi batean gaudela, baina oso baikor izan behar dugula etorkizunari dagokionez. Zutarri onak eta sendoak jartzen ari dira. Batetik, zelaiaren kontua dago; esan bezala, hori pauso garrantzitsua izango da. Bestetik, lehen taldean dauden jokalariak ere esperientzia hartzen ari dira pixkanaka. 20 urte inguru dituzte, eta lauzpabost denboraldi daramatzate lehen taldean. Gero eta garrantzitsuagoak bihurtzen ari dira, ardurak hartzen, eta heldutasun puntu ona lortzen. Harrobian ere neskato asko dago, eta ziur nago horietako batzuk lehen taldera iritsiko direla.

Realak berriz Liga irabaztearekin amets egin dezake?

Uste dut oraingoz hiruzpalau talde koska bat gorago daudela, esperientzia handiagoko jokalariak dituztelako. Baina bizpahiru urte barru jokalari horietako batzuek erretiroa hartuko dute, eta beren taldeek gu egiten ari garen trantsizio hori egin beharko dute. Baliteke Realak aukera polita izatea orduan.

Aitak garajeko paretetako batean ditu zintzilik zuk erabili dituzun makila guztiak. Jada eman diozu azkena? Zenbat dira?

Oraindik ez. Nire etxean daukat.Ez dauzkat zenbatuta, ahizparen baten bat ere badagoelako. Baina hamabost baino gehiago izango dira, denboraldi bakoitzean gutxienez bat erabili baitut. Berezia izango da han uztea. Azken batean, gurasoak beti egon dira ondoan, eta asko lagundu didate. Haiek ere ulertu dute nire erabakia, baina, nik bezala, hutsune hori nabarituko dute. Izan ere, urte asko eman dituzte beste taldekideen gurasoekin batera, eta hainbat gauza bizi izan dituzte elkarrekin. Lagunak dira denak. Datorren urtean ere partidetara joan behar dutela esan diete batek baino gehiagok. Ziur joango direla. Azken batean, hori da hockeyak ematen duen gauzarik politena. Niretzat ere, taldekideak lagunak dira, eta elkar babestea funtsezkoa izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.