ATLETISMOA. 200 METROAK

Boltentzat ez dira oraindik bukatu Olinpiar Jokoak

Usain Boltek nagusitasunez irabazi du 200 metroko finala, 19.32 segundoko denbora eginda. Jarraian, Blake eta Weir herrikideak helmugaratu dira. Hiru jamaikar podiumean, eta bihar, lau izan daitezke: 4x100 txandakako proba jokatuko dute (22:00). Boltek seigarren urrea irabazi eta historia idazten jarrai dezake.  

2012ko abuztuaren 10a
21:48
Entzun

Denek espero zutena gertatu da: Usain Boltek (Jamaika) irabazi du 200 metrokoa, eta, bide batez, bere izena urre kolorez idatzi du atletismoaren eta Olinpiar Jokoen historian. 19.32 segundotan, inoiz inork egin ez duena lortu du: bi jokotan jarraian 100 eta 200 metroko probak irabaztea.

Baina Olinpiar Jokoak ez dira bukatu, ez eta marka berriak lortzeko aukerak. Bihar, seigarren urrea lor dezake Boltek Londresen, 4x100 metrokoan (22:00).

Fisiko itzelarekin —1,96 metro eta 93 kilo— eta 26 urterekin, mito bilakatu da Usain Bolt; ohi duen eran, erraztasuna eta patxada iradokiz. Handitasunez. Kamerari agur lehenik, zerura keinu gero, eta tximista bezala korritu. Helmuga  isiltzeko keinua eginez igaro du. 

Bada, hala ere, huts bat egin zuen final historikoa izan zedin: garaipena munduko markarekin apaintzea falta izan zuen. 19,32 izan zen haren denbora helmugan, marka bikaina, baina bere munduko markatik urruti (19,19).  

Blakek estu hartu zuen Bolt bihurgunetik irtenda, baina Bolt ez zen urduri jarri, eta azkar lortu zuen alde erabakigarria. Behin hori lortuta, lasaitu egin zen. Boltek ez zuen bere burua estutu; urrezko domina irabazte "hutsarekin" konformatu zen. 

Yohan Blake sailkatu zen bigarren (19,44), 100 metroko lehen bi postuak errepikatuta. Hori gutxi balitz bezala, Warren Weir jamaikarrarentzat izan zen brontzea (19,84). Hiru jamaikar podiumean. Historikoa hori ere. Handiagoak etortzeko daude ordea. Biharkoan lau jamaikar igo daitezke urrez jantzita podiumera. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.