Jaizkibelgo bigarren igoera erabakigarria izan ohi da Donostiako Klasikoan. Zinez aldapa tentea eta etenik gabeko sufrikarioa. Sasoitsu daudenentzat, mesedea. Estu eta larri dabiltzanentzat, errematea. Garaipena erdietsi eta aldeak handitzeko ezinbestean gainditu beharreko malda da Jaizkibelgoa. Aurten, hala ere, lehiakide gogor bat edukiko du: Igeldoko horma.
Txirrindulariek lehenbizikoz igoko dute bigarren mailako aldapa hori. Helmugako marra gurutzatzeko zortzi kilometro falta direnean egingo dute, Ibaeta eta Portuetxetik Igeldoko meteorologia behatokiraino. Antolatzaileek Bordako Tontorra izena jarri diote. Bi kilometro pasatxo ditu bideak, %9ko batez besteko maldarekin; tartean, %20ko hiru aldapa.
Bidezidor estu bezain maldatsua da. Tarte batzuetan askotxo estutzen da bidea, eta bihurgune itxi-itxiak ere baditu. Bukaerarako gorde du Klasikoak zati gogorrena, eta ezustea litzateke garaipena ez erabakitzea aldapa horretan. Bide bazterrean uzta ederra jasoko du lasterketak, txirrindularitza zale franko espero baitira.
Ohartarazpena egin du dagoeneko antolakuntzak. Jakinarazi du autoek ezingo dutela tarte hori egin txirrindularien atzetik. Eta ez da harritzekoa. Bidearen zabalera estua dela eta, bakarrik motoen bitartez jaso ahalko dute laguntza txirrindulariek. Eguraldiak ere zeresana emango du, giro nahasia iragarri baitute. Ekaitza nagusituko da, eta zaparrada bortitzen bat bota dezake arratsaldez.
Berrituta dator, beraz, lasterketaren 34. aldia; ikuskizuna emateko prest. Urtero bezala, faborito argirik ez da. Frantziako Tourrean erakutsitako maila berretsi gurako dute batzuek. Sartuak geratu zaizkien arantzak kendu besteek, garaipen ahaztezin batekin.
Beste behin, eskarmentu eta izen handiko ziklistak elkartuko ditu gaur Klasikoak: Jean Christophe Peraud (Ag2r), Alejandro Valverde (Movistar), Romain Bardet (Ag2r), Bauke Mollema (Belkin), Tejay Van Garderen (BMC), Peter Sagan (Cannondale), Laurens Ten Dam (Belkin), Joaquim Rodriguez (Katuxa), Jakob Fuglsang (Astana), Michael Rogers (Tinkoff) eta Richie Portek (Sky) parte hartuko dute, besteak beste.
Euskal ordezkariak ere ez dira faltako, baina azken urteotako kopururik txikiena izango da. Hamabik hartuko dute parte: Haimar Zubeldia (Trek), Markel Irizar (Trek), Mikel Nieve (Sky), David Lopez (Sky), Xabier Zandio (Sky), Igor Anton (Movistar), Jona-than Castroviejo (Movistar), Mikel Landa (Astana), Romain Sicard (Europcar), Amets Txurruka (Caja Rural), Peio Bilbao (Caja Rural) eta Javier Aramendia (Caja Rural). Nieve taldeburu bezala doa, eta bere abileziak erakuts ditzake Igeldon gora. Beste guztiak, berriz, laguntzaile gisa arituko dira.
Tourra amaitu eta astebetera, sasoiari eutsi nahiko diote oilarrek. Nekeak, ostera, berea egin dezake. Atseden hartu eta fresko iristen direnek ezustea eman dezakete orduan. Ezin ahantzi Klasikozaleak; beti daude hor, erne. Horren lekuko dira Tony Gallopin (Lotto) iazko irabazlea, eta Philippe Gilbert (BMC) orain dela hiru urtekoa. 2012ko garaile Luis Leon Sanchezek (Caja Rural), berriz, ez du izena eman gaurko Klasikoan. Atzo bertan jakinarazi zuen heldu den sasoian Astanan arituko dela.
Garateren ordez, Iturburu
Azken urteotan bezala, Jaizkibel eta Arkale bi aldiz igoko dituzte Donostiara iritsi aurretik. Ondoren, Bulebarreko helmuga igaro, eta Igeldora abiatuko dira Kontxa pasealekutik. Beste berrikuntza bat dakar lasterketak: Garateren ordez, Iturburu mendatea —lehen mailakoa da— igoko dute. 219 kilometro egingo dituzte orotara.
Maldan gora moldatzen direnek zorioneko daude ibilbide berriarekin. Ez hainbeste lasterketa ihesaldi edo esprintean erabakitzea nahi zutenek. Aldapak segituan aterako ditu argitara sasoitsu ez direnen ahuleziak. Betiko ibilbidera itzultzea eskertuko lukete askok, eta lasaitasun bila datozenek ez dute topatuko. Ikuskizuna, berriz, bai: ziurtatuta dago.