Kaikuk irabazi du Bizkaiko traineru txapelketa. Eta Kaikuko patroia ageri da bandera jasotzen. Irudi hori 2009an ikusi zen aspaldiko partez, eta, harrezkero, ez da besterik izan. Irudi bera bost aldiz gertatu da dagoeneko. Atzo ere, Kaiku gailendu zen herrialdeko txapelketan, eta Lekeitioko uretan aurkari guztiak azpiratu.
Ez zen hutsik egon aurreikuspenetan. Bera zen faboritoa, eta bete egin zuen bere lana. Azkeneko txandan egin zuen arraun, laugarren kaletik, eta soilik beste traineru batek estutu zuen. Ez zen izan Urdaibai, Portugalete baizik. Zierbena izan zen laugarren taldea txanda handi horretan, eta hasieratik geratu zenatzean, batere aukerarik gabe.
Kaikuren baitan garaipenen bat pilatzeko gogoa zegoela antzeman zitekeen Asier Zurinaga patroiaren hitzetan; bezperan, hala iragarri zuen berripaper honetan, eta bazekien zerbait. Hasi orduko, estropada txikitzera atera zen, ontzia gidatzen beste patroia zuela, Cristian Garma. Berehala samar ireki zion tartea alboan zeukan Urdaibairi. Aurkaria beste muturrean zeukan, lehen kaleko Portugalete. Lehen luze lehiatua egin zuten biek, baina Kaiku aurrerago joan zen ia beti. Ziabogan lau segundo aurretik zen.
Lehen luze horretan, hainbat kontu geratu zen argi: batetik, Kaiku oso indartsu atera zela; bigarrenik, Portugalete lan bikaina ari zela egiten; eta, hirugarrenik, Urdaibairen inguruan bere entrenatzaile Jon Salsamendik esandakoa berripaper honetan egia zela; hau da, Bermeokoen helburu nagusia ez zela Bizkaiko txapelketa. Bigarren luzea hasterako, kontuak oso argi zeuden. Txapelketak ia erabakita zirudien, Portugalete lan oso ona egiten ari bazen ere. Kaiku menderatzea oso zaila zirudien. Hala gertatu zen gero. Bigarren eta hirugarren luzeetan, Jose Luis Kortaren kuadrillak aldea atera zion Joxan Olaskoaga Aizperro-ren taldeari: zazpi segundo bigarren ziabogan, eta hamar hirugarrenean. Banderak bazuen jabea: aurreko lau urteetan eduki duen bera. Atzo Kaikuk berretsi egin zuen igandean Orion azaldu zuena, egun hartan zorte txarrak handiren bat egitea galarazi bazion ere: edozein txikitzeko gai dela.
Irabazlea bera da, eta Portugalete ere har daiteke irabazletzat. Hirugarren luzera arte oso lan ona egiten ari bazen ere, laugarren eta azken luzeak berretsi egin zuen hori guztia. Kaikuri sei segundo jan zizkion azken luze horretan, eta lau baino ez ziren egon bien artean. Bukaera onak erakusten du ondo prestatutako taldea dela. Eta beste ondorio hau ere utzi zuen: San Miguel ligan bete behar den araudia bete gabe, arraunlari onenak sartzeko aukera izanda atzo bezala, oilarren pare edo gertu dagoela. Iraila urruti dago, baina Kontxara begira, mezu indartsua zabaldu zuen atzo Portugaletek.
Urdaibai sartu zen azkeneko txandan hirugarren lekuan. Oso urruti. Hogeita bederatzi segundo asko dira. Zierbenak askozatzerago bukatu zuen, berrogeita bat segundora. KAE 1 ligako liderra izanagatik, nabarmen geratu zen atzo ere aldea dagoela San Miguel ligakoen eta besteen artean.
Santurtzi, laugarren
Zierbena ez da izango Euskadiko txapelketan datorren asteazkenean, Lekeition bertan (18:00). Laugarren lekua Santurtzik kendu ziolako. KAE 1 ligako hirugarren sailkatuak sei segundo gutxiago behar izan zuen estropada bukatzeko. Bigarren txandan joan zen Santurtzi, eta aise menderatu zuen lana. Ondarroak egin zuen bigarren txanda horretan, Isuntzaren aurretik. Ezustea izan zen. Lehen txandan, Arkotek irabazi zuen.
Bosgarren aldia jarraian
Bizkaiko traineru txapelketa ontzi bakar batek irabazi du 2009tik, eta aurtengoa ere Kaikurentzat izan da, Lekeition nagusitutaPortugaletek bigarren egin du, sekulako estropada eginda eta Kaiku estututaAitor Manterola

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu