Bost jokalarik utziko dute taldea

2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aldaketak izango dira Bidasoako jokalarien artean datorren denboraldiari begira, gutxienez bost jokalarik utziko baitute Irungo (Gipuzkoa) taldea. Aspalditik jakina zen Esteban Salinas pibote txiletarrak eta Paco Barthe ezker alboko alemaniarrak ez zutela jarraituko: klubak ez dio berritu kontratua Esteban Salinasi, eta Barthek Alemaniara itzultzea erabaki du, Biettigheim taldera. Atzo, berriz, klubak jakinarazi zuen Rangel Luan da Rosa atezain brasildarrak eta Rudy Seri eta Leo-Renaud David ezker alboko frantziarrek taldea utziko dutela. Guztiei orain amaituko zitzaien kontratua, baita Sergio de la Saludi ere, baina erdiko kataluniarrak aurki luzatu dezake lan hitzarmena. Oraingoz, fitxaketa bakarra dago baieztatua, Julen Aginagalde pibotearena. Irundarra Bidasoara bueltatuko da, Irun utzi eta hamalau urtera.

Gaur-gaurkoz, hamabi jokalari izango ditu bere aginduetara Jacobo Cuetara entrenatzaileak: Xoan Ledo atezaina; Kauldi Odriozola eta Iñaki Cavero eskuin hegalekoak; Julen Aginagalde, Iker Serrano eta Matheus Da Silva piboteak; Mikel Zabala eta Adrian Crowley ezker hegalekoak; Rodrigo Salinas eta Donat Bartok eskuin albokoak; Jon Azkue erdikoa; eta Tomas Tesoriere ezker albokoa. De la Saludekin, hamahiru lirateke. Horiez gain, harrobiko jokalari gazteak leudeke, laguntzeko prest. Klubak, beraz, gutxienez atezain bat eta bi ezker alboko fitxatu beharko ditu. Halakoetan gertatu ohi den bezala, hasi da izen dantza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.