Txirrindularitza

Bost orduko etapa Tourra hasteko

Brest hirian hasi da Frantziako itzulia, 12:30ean; azken 40 urteetan ez bezala, aitzin-etaparik gabe. 1,7 kilometroko igoera izango dute etapa amaieran, %6,2ko batez besteko pendizearekin.

2008ko uztailaren 5a
17:14
Entzun
Unai Zubeldia

Londres-Londres, 7,9 kilometro. Esprint txiki bat. Hasterako, bukatuta. Fabian Cancellara suitzarrarentzat goxoki gozoa. Hori izan zen iazko Tourraren hasiera. Iazkoa, eta aurreko 39 urteetakoa. Aitzin-etapa motz-motza, eta bakarkako lanean abilak zirenen arteko borroka. David Millarrek berak lotsarik gabe onartu zuen urte osoa pasatu zuela Londresko aitzin-etapa hura prestatzen, amets bakarra zeukala, Londresen maillot horia janztea. Urte osoa pasatu, eta kale. 1967az geroztik itxura hori izan du Tourraren hasierak, baina aurten ez da halakorik izan.

Bretainiako Brest hirian hasi dira txirrindulariak lanean, eguerdi partean, 12:30ean. Ez dira banaka-banaka irten, ordea, eta ez dute 8-9 minutuko ahalegin itoa egin beharko. Brestetik Plumelecera, 197,5 kilometro, eta tartean oso ibilbide gorabeheratsua. Laugarren mailako lau muino igo beharko dituzte Tourreko estreinako etapan, 29. eta 48. kilometroetan lehen biak, eta amaiera ere bihurria izango da oso. 1,7 kilometroko igoera izango dute txirrindulariek etapa amaieran, eta oso-oso aldapa tentea ez bada ere, %6,2ko batez besteko pendiza daukate azken bi kilometro horiek.

Gainsaririk gabe

Aitzin-etapa kendu duten moduan, tarteko helmugetako gainsariak ere kendu egin dituzte aurten antolatzaileek, eta, beraz, oso etapa urduria da gaurkoa. Etapa irabazleak maillot horia jantzita irtengo du bihar Auray herritik, eta hori sari gozoa da tropeleko txirrindulari guzti-guztientzat. Freire, Cavendish, Hushovd, McEwen... Esprinter horiei begira daude gehienak, baina amaiera bihurri horretan aukerarik gabe gera daitezke esprinter gehienak; Cavendish eta McEwen, batez ere. Freire eta Hushovd abilagoak dira muino txikietan, baina balizko irabazleen zerrenda asko zabalduko du Plumeleceko azken igoerak.

Itxura batean, aproposa izan daiteke Alejandro Valverderentzat, eta baita Fabian Cancellararentzat ere. Samuel Sanchez ere abila da horrelako etapa amaieretan, baina den-denak saiatuko dira azken igoera horretara aurre-aurrean iristen. Eta ondoren zer? 1,7 kilometroko aitzin-etapa txiki bat, baina maldan gora. Hamar minutu eskaseko ahaleginaren ordez, bost ordu pasatxokoa egin beharko dute txirrindulariek gaur, Tourreko lehen etapan. Bost orduko tentsioa, bost orduko borroka, bost orduko nekea, eta, atzoko eguraldi iragarpenak betez gero, bost orduko euritea. Euri dezente egin zuen atzo Bresten, eta tenperatura ere nahiko freskoa izan zen, 14 gradu ingurukoa. Tourraren hasierako tentsioa eta eguraldi txarra lagun gaiztoak izaten dira horrelakoetan, eta gaur etapa irabaztea baino garrantzitsuagoa izango da ez galtzea, lurrera ez erortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.