Botoak puntu bihurtu nahian

Azken asteetako bide okerra zuzentzera behartuta dago Reala lau puntu gehiago dituen Rayo arriskutsuaren zelaianDe la Bella eta Zurutuza hasieratik ariko dira, eta Illarramendi deialdian dago

David Zurutuza, Sergio Busquets Bartzelonakoarekin lehian. Realeko erdilaria hasieratik ariko da gaur Rayo Vallecanoren aurka. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Maratoiaren laurdena egin ez arren, dagoeneko ur eskean dira Realean azken sei neurketetan puntu bakarra eskuratu eta gero. Erritmorik egokienaren bila zer edo zerk behar bezala funtzionatu ez duen seinale. Utikan proposamena, itxura eta dena delakoak. Beste ezeren gainetik garaipena lortzeko unea da. Ez dagoelako estualditik ateratzeko soka tinkoagorik. Philippe Montanierren hitzei zerien usaina da partidaren atarikoan. «Puntuak batzea da garrantzitsuena, ez ondo jokatzea». Ezin garbiago azalduz taldearen sentimendua zein den. Ikuspegi iluna argitzeko izpiak behar, derrigorrean.

Gehiago edo gutxiago gustatu taldea azken boladan, entrenatzaile frantziarrak hartutako erabakiekin ados egon ala ez, atzerantz egin du nabarmen Realak. Urduritasunaren eremuan sartzeraino. Kontu txarra. Horretatik ezin liteke ihes egin besterik gabe, benetakotasuna egoskorra baita: 30 puntu jokoan, zortzi batu. 1999. urteaz geroztik, soilik jaitsieraren sasoian aritu ziren makalago txuri-urdinak. Nahieran jantz daitezke zenbakiak, baina kopurua urriegia da. Batzar astea izanik, Jokin Aperribai klubeko presidenteak ez zuen galdu entrenatzailea sutsuki babesteko aukera. «Entrenatzailearen lanean sinetsiko ez bagenu, jada ez legoke gure artean. Harrobian sakontzen ari da, Illarramendi eta Iñigo Martinezi benetako aukera eman die, eta hor da Cadamuro bera ere. Non ziren hiru jokalari horiek hilabete batzuk atzera? Horri konfiantza deitzen diogu guk. Horrela eratzen dira taldeak. Bestela, sailkapenaren behealdean jarraituko dugu, den-dena ezbaian jarriz eta inora joan gabe», esan zuen Aperribaik joan zen ostegunean, akziodunen aurrean.

Jokalariak, azken batean film luze honetako protagonista nagusiak, lemazainarekin daude, Montanierrekin, alegia. Lanean taxuz ari diren sentipenarekin. «Futbola emaitzen arabera ulertzen da. Montanierrek ideiak garbi dauzka, eta berarekin bat gatoz», adierazi du Markelek. Horregatik emaitzak hobetuko dituztelakoan ziur dira. Urrutira joan gabe, gaur bertan Vallecasen, Rayoren aurka. Sormen lerroa behintzat zorrozteko moduan da frantziarra Zurutuza eta batez ere Illarramendi berreskuratu dituelako. Lehenak atseden hartu zuen Real Madrilen kontra. Bigarrena nahi baino denbora gehiagoz egon da geldirik, min hartuta. Sumatu dute bai txuri-urdinek mutrikuarraren hutsunea baloi ibilian. Montanier bera ere nahastu ibili delako errezeloa du zalegoaren gehiengoak. Proba ezberdinak egin ditu, sistema ezberdinak erabili eta hiruzpalau aldaketa eginez. Trukean jasotako saria ikusezina izan da, ordea. Hori bai, hilabetez min hartuta egon ostean goiztiarregia izan liteke Illarramendi hasierako hamaikakoan kokatzea; eta itxuraz, Markel, Mariga, Zurutuza hirukoaren aldeko apustua egingo du. Goiko lerroan, bestalde, Prieto, Vela eta Griezmann ariko dira, eta atzean, Carlos Martinez, Demidov, Iñigo Martinez eta De la Bella. 4-3-3 marrazkiaren barruan, noski.

Erantzukizuna berdeguneko ordezkarien bizkar dago, eta eurei dagokie korapiloa desegitea. Agintarien bulegotik nahi adina mezu irten litezke lasaitasuna eskatuz edota konfiantza emanez, baina horrek zelaian egiten denaren araberako zentzua izango du. Rayo, Espanyol eta Betisen kontrako norgehiagokek neurtuko dute hori.

Rayo txukun ari da

Izaera lehiakorra erakusten ari da Realak gaur aurkari izango duen taldea. Beharbada, joan den denboraldian igarotako sufrikarioak gogortu egin du taldearen borondatea. Hiru garaipen (Getafe, Betis eta Malagaren aurka) eta hiru berdinketarekin (Athletic, Zaragoza eta Racingekin) hamabi puntu ditu. Realak baino lau gehiago. Igo berrien joera apurtuz, etxetik kanpo erosoago ari da etxean baino Espainiako hiriburuko taldea. Puntuen hiru laurdenak Vallecasetik urrun atera ditu. Ez dago batere gaizki.

Jose Ramon Sandoval Rayoko entrenatzaileak aldaketak egingo ditu gaurko partidarako. Harmailetan eseriko da Sandoval, zigortuta dagoelako, eta, itxura guztien arabera, Mikel Labakak bere betiko taldearen kontra jokatzeko aukera izango du. Lehen aukera, izan ere, orain arte 45 minutu eskas jokatu ditu. Harmailetan egongo den bestea Raul Tamudo da, hura ere Realeko jokalari ohia. Goleatzaile amaigabeak ez du eten golarekin bizi duen maitasun harremana. Bi daramatza jada, baina min hartu zuen joan den astean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.