'Branka' sartu du

Traineru eredu berritzailea sortu eta egin du Jon Lasa oriotarrak, eta haren herriko emakumezkoen taldea dabil ontzi horrekin. Orain arteko moldeen ondoan, ezberdina da.

Aitor Manterola Garate.
2016ko uztailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Badabil traineru berritzaile bat euskal kostaldean azkenaldian. Branka du izena, eta Orioko emakumezkoen taldea ari da erabiltzen. Ez doakio gaizki; emaitza onak hor daude. Jakina, ez da bakarrik ontziagatik izango, baina probatu eta erabiltzeko hautua egin dutenean, zerbaitegatik izango da.

Historian, traineru egile asko izan dira Euskal Herrian, eta ezagun askoak dira Fontan eta Amilibia ontziak, esate baterako. Berri honek izenean ez darama abizenik; horretan ere berritzaile: Branka Composites enpresak egina da, eta hortik datorkio izena. Jon Lasa oriotar ingeniaria dago enpresaren atzean, eta hura da ontziaren sortzailea. Southamptonen (Ingalaterra) egin zituen ikasketak, eta harako egin zuen Branka-ren aitona gisa izenda daitekeena. «Lehen belaunaldia», berak BERRIAri esan dion bezala: «Baina hura ez zen maketatik atera. Bigarrena bai, bigarrena ontzi bilakatu genuen Tnika egitasmoaren barruan, eta hau da hirugarrena».

Orioko gizonezkoen taldeak ere probatu du aurtengo prestakuntza garaian, eta maiatzean jaso zuten emakumezkoek. Xanti Zabaleta entrenatzaileari gustatu, eta harekin ari dira. Zabaletarekin ere hitz egin du BERRIAk, eta Branka zergatik hartu duen azaldu du: «Traineru gogorra eta sendoa da, orain arte egindako guztien artean berritzailea. Gustura gabiltza harekin, eta, gehiago ezagutu behar dudan arren, oso itxura ona hartu diot».

Sortzaileari galdetu zaio esateko zein diren traineruaren beste ezaugarriak: «Itsasoari begira egindako ontzia da, nabigazioa optimizatzeko. Gorputz gehiago dauka erdialdean eta txopan, eta, brankan, orain arteko beste traineru moldeen arteko nahasketa antzeko bat da». Gehiago xehatu du azalpena: «Kanpora joateko gozoa da, eta olatuak hartzeko oso egokia, olatua hartzera doan unean txopa altxatu egiten zaiolako. Bestalde, ura ukitzen duen traineruaren zatiaren azalera txikiagoa dauka beste traineruen aldean».

«Talde arinentzat, egokia»

Azalera txikiagoa izateak balantza bixiagoa eragiten dio ontziari: «Arraunlariek arreta handiagoa jarri beharra daukate itsasoan teknikako lanean», esan dute biek, Lasak eta Zabaletak. Azalera txikiagoa ura ukitzen, ontzi txoroagoa, baina ibairako erabat egokia; eta hau ere bai: «Traineru hau arraunlari arinentzat aproposa da. Horregatik, emakumezkoak erosoago ari dira moldatzen», azaldu du Lasak. Ari da, baina, arraunlari astunagoentzat beste eredu bat prestatzen: «Lanean ez naiz hasi, baina buruan daukat nolakoa izan beharko duen».

Egiten duena egiten duela, araudiak ezartzen dituen neurrien barruan moldatu beharko du: «Hori garbi dago. Neurri horiek mugatu egiten naute, berez traineru bizkorragoak egin daitezkeelako. Baina ulertzen dut neurriena eta arauena, kenduz gero, talde guztiek ezingo luketelako traineru berriena eta azkarrena erosi. Sekulako aldeak eragingo lituzke neurrien askatasunak taldeen artean».

Denborak esango du Branka-k aurrera jarraitzen duen edo ez, baina berrikuntza ekarri du arraun mundura, hor ez da inongo zalantzarik. Hobekuntza ere bai, bistan denez. Baina non dago hobetze horren muga kirol honetan? Zabaletak erantzuna: «Arraunean ia dena iritzira egiten da, nahiz eta orain zientzia sartzen hasi den. Baina asko dago egiteko; horren araberakoa izango da taldeek etorkizunean izan dezaketen hobekuntzaren maila. Eta, jakina, kirolarien eta arraunlarien berezko ezaugarriak eta mugak ere kontuan hartzekoak izango dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.