Txapelketa bat gidariren artean jokatzen denean, sarri konbinazio asko dira titulua baten edo bestearen albora makurtzen dutenak. Biren ordez, hautagaiak hiru direnean, orduan eta konplexuagoa gertatzen da dena. Gauzak ahal bezain erraz aurkezteko, esan daiteke Hamiltonek lehen edo bigarren amaituz gero titulua berea duela seguru. Eta Alonsok podiumetik kanpo amaituko balu, oso zail luke txapela eramatea. Raikkonenek lehen bi postuetan amaitu behar du nahitaez, baina horrela ere, bere aukerak oso urriak dira. McLareneko bi gidarien arteko talka batekin amesten du Ferrarikoak.
Azken egunotan bi zifra dabiltza ahotan, etengabe: lau eta zazpi. Horixe baita Alonsok eta Raikkonenek, hurrenez hurren, Hamiltonekiko duten atzerapena. Urtean alde horrek gorabeherak izan ditu, baina kontua da azken lasterketara oso parekatuta iritsi direla. Orain arte, txapelketan ehun puntu lortzen zituenak ia ziurtatua zuen titulua, baina aurten dagoeneko hiru hautagaiek gainditu dute zenbaki hori. Gol askoko finala izango dela esan daiteke hortaz.
Interesgarria litzateke jakitea McLareneko bi gidarien artean izan den lehia dialektikoak zenbat puntu galduarazi dizkien. Baten kaltea, bestearen mesede. Alonsok erronka berri modura hartu zuen McLarenekin fitxatzea, baina luzarora begira helburu argi batekin: Michael Schumacherrek Ferrarin egin zuen pareko balentria hastea. Kontratu izugarria, talde sendoa eta etorkizun ziurrekoa, eta munduko bi titulu besapean. Schumacher antzeko baldintzetan sartu zen Ferrarin, 1995 amaieran.
Baina McLaren ez da Ferrari, eta Alonso ez da Schumacher. Eta Hamilton ez da Eddie Irvine -Schumacherrek Ferrarin izan zuen lehen taldekidea-. Espainiarra ez dute ondo aholkatu askotan bere ingurukoek, eta ez du ulertu nahi izan McLarenen bera ez dela nagusia. Ingalaterrako taldean Ron Dennisek agintzen du, eta taldean arrakasta lortu nahi duenak harekin harreman estua osatu beharko du. Historiak hala erakutsi du; McLarenen arrakasta izan duten gidariek, Ayrton Sennak eta Mika Hakkinenek, ezaugarri bera zuten: Dennisen kutunak ziren.
Alonsok babes hori gabe hartu nahi izan du taldearen gidaritza, eta huts egin du. Hamiltonek, aldiz, denboraldia umil hasi zuen, lan gogor eginez eta ereindako hazia jasoz. Mutiko zintzoaren aurpegi eta jarrera erakutsi zituen hasieratik, taldearen eta jarraitzaile askoren begiko bilakatuz. Jokaldi hori ere ez zaio biribil atera, taldearekiko leialtasuna erakutsi behar izan duenean ez baitu hala egin. Berekoikeria eta harrotasuna agerian utzi ditu, gehienek pentsaezin zuten izaera bat azaleratuz.
Dennisek uste zuen oilar bat eta txita bat zituela etxean, baina oker zegoen. Bera konturatzerako, bi oilarrak elkarri mokoka ari ziren. Eta bitartean, Ferrariren espioitza akusazioak. Berez egoera nahasia bazen, Alonsok dinamitatu egin zuen. Aurrena taldeari mehatxu eginez, eta ondoren informazioa FIAren eskutan jarriz. Ondoren, Alonso ez zen Parisera azaldu bere taldea defendatzera, McLarenek hala eskatu bazion ere. Bien bitartean, espainiarrak taldearen kontra egiten zuen etengabe, berak eman zion baino gutxiago jasotzen zuela adieraziz. Espainian haren babes kanpaina hasi zuten, jakinik Europan ez zutela gehiago jasaten haren jarrera negartia.
Egoera horrek ez die mesederik egin ez Hamiltoni, ez Alonsori. Biek presio gehigarria izan dute bizkarrean udatik aurrera, eta behartu gabeko hutsak egitera bultza dituzte. Horrek egin dio nolabait bide Raikkoneni, azken txanpan proa erakusteko. Finlandiarrak ere izan du bere ibilbide partikularra, asko kosta baitzaio Felipe Massari aurrea hartzea. Brasildarra erabat argi atzean utzi arte ez da aurrekoen arteko lehian sartu, eta denboraldia motz gelditu zaio.
'POLE'-A, MASSARENTZAT. Hain justu ere, film honetan protagonista ez denak lortu zuen atzo pole-a, duela urtebete bezala. Massak beste inork ez bezala gidatzen du etxean, eta bigarren mailako aktore izango bada ere, lehen mailako rola izan dezake. Bera da gaur faborito nagusia, baina ez dago argi, ahal izanda ere, garaipena eramango ote duen. Talde lana egitea tokatuko zaio agian, eta bere tokia Raikkoneni utzi, betiere «talde aginduak» tarteko ez direla argi utziz.
Atzo Hamiltonek egin zuen bigarren denborarik onena, eta egoera onean da titulua irabazteko. Haren atzetik Raikkonen aterako da, eta ondoren Alonso. Hiru hautagaiak errenkadan izango dira, hortaz. Irteera alde zikinetik hartuko dute Hamiltonek eta Alonsok, beraz, posturen bat irabaz dezake Raikkonenek. Zirkuitua aurreraketak egiteko aproposa da, batez ere helmugako zuzengunean. Hor puntako abiadura onena McLaren autoek zuten, orduko 317 kilometrokoa. Ferrari 316 km/o-rekin, bigarren zen. Alde horretatik ez dago alderik.
Lasterketa lehorrean korrituko da aurreikuspenen arabera. Massak erregai gutxi daramala dirudi. Hamiltonek bikain kokatua dirudi, batez ere Alonsok ez zuelako maila ona eman atzo. Ingelesak historia egin dezake gaur, inoizko garailerik gazteena bilakatuta (22 urte, bederatzi hilabete eta 14 egun); marka hori Alonsok du oraingoz.
KImI raIKKonen
Jaioterria: Espoo (Finlandia)Jaioteguna: 1979ko urriaren 17a.
Garaiera: 1,75 metro.
Pisua: 62 kilo.
Lehen Sari Nagusia: Australiako Sari Nagusia (2001).
Ibilbidea 1 Formulan: Sauber (2001), McLaren (2002-2006) eta Ferrari (2007tik).
Estatistikak: 121 lasterketatan aritu da, 14 irabazi ditu eta 47 aldiz igo da podiumera. 14 pole ere lortu ditu.
Tituluak: Ez du inoiz irabazi Munduko Txapelketa.
FernanDo aLonso
Jaioterria: Oviedo (Espainia).Jaioteguna: 1981eko uztailaren 29a.
Garaiera: 1,71 metro.
Pisua: 68 kilo.
Lehen Sari Nagusia: Australiako Sari Nagusia (2001).
Ibilbidea 1 Formulan: Minardi (2001), Renault (2002-2006) eta McLaren (2007tik).
Estatistikak: 104 lasterketatan aritu da, 19 irabazi ditu eta 48 aldiz igo da podiumera. 17 pole ere lortu ditu.
Tituluak: Bi aldiz irabazi du Munduko Txapelketa (2005 eta 2006).
LewIs HamILTon
Jaioterria. Tewin (Ingalaterra).Jaioteguna: 1985eko urtarrilaren 7a.
Garaiera: 1,74 metro.
Pisua: 64 kilo.
Lehen Sari Nagusia: Australiako Sari Nagusia (2007).
Ibilbidea 1 Formulan: McLaren (2007tik).
Estatistikak: 16 lasterketatan aritu da, lau irabazi ditu eta hamabi aldiz igo da podiumera. Sei pole ere lortu ditu.Mundialeko liderra da.
Tituluak: Ez du inoiz irabazi Munduko Txapelketa.
Alonsok
Prosten balentria
du gogoanGidari frantziarrak titulua irabazi zuen 1986an, azken proban, dena aurka zuenean.
l. g.
Donostia
Gutxi gorabehera, bi urtean behin munduko 1 Formula txapelketa azken lasterketan erabaki ohi da, urte osoan lan onena egin duten bi gidariren artean. Eta oso noizbehinka, bi gidari izan ordez, hiruren arteko gauza izan ohi da. Azken aldiz duela 21 urte gertatu zen antzeko zerbait, Australiako Adelaida hiri zirkuituan. Nigel Mansell ingelesa, Alain Prost frantziarra eta Nelson Piquet brasildarra irabazteko aukerekin iritsi ziren bertara.
Azken lasterketaren faltan, Williams-Honda taldeko Mansell zen txapelketaren buruan. Sei puntuko alde ateratzen zion Prosti, garai hartan McLaren-TAG taldean zebilena. Hirugarrena zen Piquet, Mansellen taldekide Williamsen.
Itxuraz ezin hobea zirudien urte hark Frank Williamsentzat, taldeko bi autoek baitzuten titulua irabazteko aukera. Baina errealitatea bestelakoa zen, urte hartako martxoan aulki gurpildunera betiko kondenatu zuen istripua izan baitzuen Frantzian, Paul Ricard zirkuitutik Niz-ko aireportura gidatuz zihoala.
Garai hartan garaipenak bederatzi punturekin saritzen ziren -gaur egun hamar punturekin- eta urteko bost emaitzarik txarrenak ez ziren kontuan hartzen sailkapenean -egun guztiak batzen dira-. Gauzak horrela, Mansellek eskura zuen txapela.
LASTERKETA BESTE GAUZA BAT IZAN ZEN. Irteera eman eta berehala, Keke Rosberg -orain Williamsen gidatzen duen Nico Rosbergen aita- ziztu bizian atera zen, eta guztiak atzean utzi zituen. Lasterketak 82 itzuli zituen, eta hiru laurdenak beteta zirenean, Rosberg zen buruan, eroso. Piquet, Mansellen aurretik zen, eta Prost sailkapenean galduta, lehen postutik ia minutu batera.
Orduantxe gertatu zen erabateko saltsa. 62. itzulian, Rosbergen autoaren GoodYear pneumatikoa lehertu egin zen, aurretiko abisurik gabe. Bien bitartean, Mansell gorriak ikusten ari zen Prosti eusteko, frantziarrak berebiziko susperraldia izan eta Williams autoaren atzealdeari itsatsi baitzitzaion. Mansell autoari zeukan guztia ateratzen ari zitzaion, baina Rosbergen istripua gertatu eta bi itzulira, txapelketaren jabe zen Mansellek ere pneumatikoa lehertu zuen.
Prostek Piquet zuen oraindik aurretik, eta hura ere gainditu behar zuen, bigarren postuak sei puntu ematen zituelako bakarrik. Baina Piquet ere boxetara deitu zuten pneumatikoak aldatzera, eta horrek garaipena eman zion frantziarrari. Mansell ez zen burua hotz mantentzen zuen gidaria, eta horregatik galdu zuen txapela; beste askotan bezala, modu xelebrean.