Lanean jarraitzen du Realak, Bartzelonaren aurka hasiko duen ligari begira. Atzo ere bi lan saio egin zituzten txuri-urdinek, eta izan zen berritasunik. Claudio Bravo lehen aldiz aritu zen Zubietan entrenatzen denboraldi-aurrea hasi zenetik. Txiletarrak bere selekzioarekin jokatu zuen taldearen oporraldian, eta gainontzekoak baino geroago batu da taldearen entrenamenduetara.
Jokalari guztiak ditu bere aginduetara Philippe Montanier entrenatzaileak. Astelehenean Vadim Demidovek eta Antoine Griezmannek denboraldi-aurreari ekin ostean, Bravo zen Zubietan agertzeko falta zen bakarra. Realeko atezainak, dena den, lanean hasteko «irrikaz» zegoela ziurtatu du lehen entrenamenduaren ondoren: «Opor egun asko izan dira, eta pozik nago berriro Zubietan egoteagatik».
Ondo dagoela ziurtatu du lehen lan saioan gorputza probatu ondoren: «Ikusi dut lanean hasteko sasoi onean nagoela». Hala ere, azaldu du denboraldi-aurre honetan «gogor» egin beharko dutela lan, ligari «indartsu» ekiteko. Izan ere, lehenengo partidak oso zailak izango direla uste du Bravok. «Baina baita gerora etorriko direnak ere». Horregatik, ligari ondo ekitea oso garrantzitsua izango dela uste du.
Denboraldi berriari begira, itxaropen handia du txiletarrak: «Ilusio handia dugu». Baina, aldi berean, ligaren zailtasuna ere azpimarratu du: «Hain zuzen ere, horrek egiten du erakargarri». Horregatik, ziurtatu du gogor saiatuko direla Realarentzat 2012-2013ko denboraldia ona izan dadin.
Sasoi berriari ondo ekiteko, denboraldi-aurrea aprobetxatu beharko dute txuri-urdinek, baita lagunarteko partidak ere. Gaur jokatuko dute lehena, Les Englatinsen aurkakoa. Hendaian arituko dira Reala eta Lapurdiko taldea aurrez aurre, arratsaldeko zazpi eta erdietan. Ipar Euskal Herriko klubak ehun urte bete ditu aurten, eta mendeurre- na ospatzeko antolatu dute partida.
Guztira, bederatzi lagunarteko partida ditu Realak denboraldi-aurre honetarako. Hendaian aritu ondoren, Eibarren aurka jokatuko du, Azpeitian (uztailak 18). Bi egun geroago, Seaskaren aldeko partida jokatuko du Donibane Lohizunen, Olympique Lyonen aurka. Ondoren, Frantziako Ligako beste talde bat izango du aurkari, Bordeleko Girondins, Irunen (uztailak 28). Zaragoza izango du denboraldi-aurrean Espainiako Ligako kontrario bakarra. Uztailaren 31n ariko dira elkarren aurka, Bergaran. Hori izango da Italiara joan aurretik Realak jokatuko duen azken lagunartekoa. Izan ere, hamar eguneko egonaldia egingo du han. Tarte horretan, beste lau partida jokatzeko aprobetxatuko dute txuri-urdinek. Italiako lau talde izango ditu aurrean: Modena (abuztuak 5), Parma (abuztuak 8), Varese (abuztuak 10) eta Siena (abuztuak 11).
Lagunartekoak ere izan zituen hizpide Bravok. Partida horiek jokatzeko «gogo handia» dutela dio, eta ahal duen guztian lagunduko diola taldeari: «Jokatzen ez bada, gazteei aholkuak ematen edo beste edozertan». Izan ere, gauza horiek taldeari «mesede handia» egiten diotela uste du txiletarrak.
Elastiko berriak, aurkeztuta
Datorren denboraldirako elastikoak aurkeztu zituen Realak atzo. Lehenengo elastikoa txuri-urdina izango da beste behin. Antzinakoen antza izango du, 80ko urteetako elastikoetan baitago oinarrituta. Bigarren elastikoaren kolorea, ordea, aldatu egingo da: laranja izango da datorren sasoian, eta galtzak, beltzak. Atezainaren arropa, berriz, berdea izango da, guztiz. Realaren arropa Nikek egin du, aurreko denboraldian bezala.
Sasoi honetarako elastikoen berritasunetako bat zenbakietan dago. Izan ere, jokalariek bizkarrean eramango dituzten zenbakiak hautsita daudela ematen du. Bravori asko gustatu zaio taldearen arropa berria: «Ikusgarriak da, eta oso erosoa; horixe eskatzen dugu jokalariok».
Bravo, lanean hasteko «irrikaz»
Realeko atezaina hasi da Zubietan entrenatzen, taldeak sasoi berrirako elastikoak aurkeztu dituen egunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu