Eskalada, surfa eta skateboarda. Horra datorren urtean Tokion egingo diren Olinpiar Jokoetan estreinakoz jokatuko diren hiru kirolak. Nazioarteko Olinpiar Batzordea (NOB) aspaldi dabil gazteak erakarri nahian, eta hiru kirol horien alde apustu egin izana da horren erakusle. Bada, asmo horretan beste pauso bat eman nahi du 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetako Antolaketa Batzordeak. Izan ere, batzorde horrek NOBri gaur proposatu dio ekitaldi horretan breakdancea kirol gonbidatua izan dadin. Tony Estanguet 2024ko Olinpiar Jokoetako Antolaketa Batzordeko presidenteak egin du eskaera, eta, azaldu duenez, asmoa dute breakdanceaz gain eskalada, surfa eta eskaladaren aldeko apustuari eusteko. NOBk ekainean erabakiko du proposamenari baiezkoa eman edo ez. Iaz Gazte Jokoak egin zituzten Buenos Airesen, eta breakdancea presente izan zen.
Hain zuzen, 2024ko ekitaldi horretan pilota ere present izan dadin saiatu dira Xabier Cazaubon Nazioarteko Pilota Federazioko presidentea eta Lilou Etxeberria Frantziako Federazioko lehendakaria. Cazaubonek eta Etxeberriak pilota erakusketa kirol gisa onartua izateko egindako txostena aurkeztu zioten Estangueti duela hiru aste, baina azkenean hark ez du babestu eskaera. Pilota 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan izan zen present azken aldiz, orduan ere erakusketa kirol moduan.