Brontzea, zilarra, urrea

Michael Phelpsek lortu du azkenean Munduko Txapelketako urrezko lehen domina, tximeleta estiloko 200 metrokoan

Erredakzioa
Donostia
2011ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Behin huts egin dezake; bigarrenean nahi eta ezinean gera daiteke; baina hiru huts jarraian gehiegi dira Michael Phelps estatubatuarrarentzat. Ez dago ohituta. Eta ezingo luke barneratu. 2008ko Olinpiar Jokoetan urrezko zortzi domina kolkoratuta, urtebetez atseden hartu eta Londresera begira jarri zen Phelps. Goizegi iritsi zaio Shanghaiko Munduko Txapelketaren erronka, eta alde guztietatik ari zaizkio agertzen aurkariak. Lehen finalean, 4x100 metro erreleboetako proban, hirugarren amaitu zuten AEBek. Ez zen gustura geratu, eta herenegun saiatu zen arantza ateratzen. Baina orduan ere, ezin. Zilarrezko domina kolkoratu zuen estilo libreko 200 metroko proban, Ryan Lochte herrikidearen atzetik. Brontzea, zilarra... Tximeleta estiloko 200 metroko proban eman beharra zeukan kolpea; eta eman zuen. Nagusitasunez.

Takeshi Matsuda japoniarra eta Wu Peng txinatarra ziren, itxura batean, aurkaririk gogorrenak. Baina zilarrarekin eta brontzearekin etsi behar izan zuten bi horiek. Hiru proba jokatuta, hiru domina irabazi ditu jada Phelpsek. Estatubatuarrak 200 metro estiloetako finalerako txartela ere eskuratu zuen, gainera, atzo, bigarren marka onena eginda —Ryan Lochteren atzetik—. Phelps ez dabil orain hiru urteko maila bikain hartan, baina urtebete dauka oraindik Olinpiar Jokoetarako sasoi puntua fintzeko.

Atzoko gainerako finalei dagokienez, aipagarria da oso Felipe Alves Franca da Silva brasildarrak gizonezkoen bular estiloko 50 metroko proban lortu zuen urrezko domina. Fabio Scozzoli italiarrak lortu zuen zilarra, eta Cameron van der Burgh hegoafrikarrak brontzea. Gizonezkoen estilo libreko 800 metroko finalean etxean geratu zen urrezko domina, Sun Yang txinatarraren eskuetan. Ryan Cochrane kanadarrak lortu zuen zilarrezko domina, eta Gargo Kis hungariarrak brontzezkoa. Eguneko azken finalean, Federica Pellegrini italiarrak irabazi zuen emakumezkoen 200 metroko finala, Kylie Palmer australiarraren eta Camille Muffat frantziarraren aurretik. Gaur beste bost final jokatuko dira Munduko Txapelketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.