Bulegoan du zain saria

Asobal ligan aritzeko gonbita egin dio Espainiako Federazioak Bidasoari, eta Irungo taldea lanean hasi da jada

Adrian Crowley Bidasoakoa, penaltia jaurtitzen, Angel Ximenezen aurka, igoera faseko finalean. IÑIGO URIZ / ARP.
Julen Etxeberria.
2013ko uztailaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pistan gutxigatik ihes egin ziona lortzear da Bidasoa orain bulegoetan: Asobal liga jokatzea. Irungo taldeak atzo jaso zuen Espainiako Eskubaloi Federazioaren gonbita Espainiako maila nagusian lehiatzeko. Hasiera batean, Academia Octaviok bete behar zuen Atletico Madrilek Asobal ligan utzitako tokia —Espainiako hiriburuko taldea desagertu egin da zorrengatik—, baina Vigoko taldeak (Galizia) ez ditu bete Asobalek jarritako baldintzak. Gauza bera pasatu zaio Palma del Rio Kordobako taldeari (Espainia). Aurreko sasoian maila galdu zuten bi taldeek aukerarik gabe geratu ondoren, Espainiako Ohorezko B Mailako txapeldunordeari eman dio gonbita federazioak, Bidasoari, alegia. Horrek ez du esan nahi Irungo taldeajada Asobal ligan aritzea bermatua duenik. Horretarako, zenbait betebehar ditu. Horiek betetzen baditu, maila nagusian ariko da, sei urte geroago.

Asobal ligan aritzeko betebehar garrantzitsuenak, noski, diruarekin zerikusia dutenak dira. Lehenbizi, etorkizunean jokalariekin, Asobalekin eta federazioarekin izan ditzakeen zorrak ordaintzeko berme bat aurkeztu beharko du: 67.000 euro guztira. Horri Asobal ligan jokatzeko ordaindu beharreko lehen ordainsaria gehitu behar zaio: 20.000 euro pasatxo. Federazioari ere beste 7.500 euro ordaindu beharko dizkio. Ordaindu beharrekoaren batura ia ehun mila eurokoa da. Dirutza da, eta ez da batere erraza izango lortzea. Egoera ez da batere aproposa diru eske ate-joka ibiltzeko.

Diru arloan lan handia, eta beste horrenbeste kirol arloan. Izan ere, jauzi handia dago Asobal ligaren eta Espainiako Ohorezko B Mailaren artean. Bidasoak taldea dezente indartu beharko du lehiakor izan nahi badu, eta horretarako ere dirua beharko du. Hurrengo astean prentsaurrekoa emango du Jose Angel Sodupe Bidasoako presidenteak, eta orduan emango ditu argibideak. «Ezin dugu aukera hau pasatzen utzi. Baina ez dugu erokeriarik egingo», aitortu du Sodupek.

Bidasoa Asobal ligara igoko balitz, bi euskal talde ariko lirateke berriz ere maila nagusian: Helvetia Anaitasuna eta Bidasoa bera.Irundarrek ere badakite zein egutegi izango lukete, zozketan Academia Octaviori egokitutakoa hain zuzen ere. Hala, ligako estreinako partida Logroñon (Espainia) jokatuko lukete, Naturhouseren aurka, irailaren 14an edo 15ean. Talde horretan ari dira Bidasoako hiru jokalari ohi: Gurutz Aginagalde atezain irundarra, Unai Arrieta ezker hegaleko elgoibartarra eta Alexander Tiumentsev erdiko errusiarra. Artalekun jokatu beharreko lehen lehia, berriz, Cangasen aurka litzateke. Anaitasunaren aurkako derbiak, berriz, lehen eta bigarren itzuliko azken jardunaldian jokatuko lituzke, joanekoa Iruñean eta itzulikoa Irunen. Nafarren aulkian irundarren aspaldiko laguna ari da: Aitor Etxaburu, Bidasoako jokalari eta entrenatzaile ohia.

Bidasoa Asobal ligara itzultzea albiste bikaina litzateke, zalantzarik gabe. Izan ere, Irungoa talde historikoa da. 1990eko hamarkadan izan zuen urrezko aldia. Aurretik Liga irabazitakoa zen (1986-1987 sasoian), baina hamarkada horretan hamaika titulu irabazi zituen: Liga bat, bi Kopa, Superkopa bat, Asobal kopa bat, Europako Kopa bat eta Europako Errekopa bat. Gero etorri zen gainbehera, Elgorriaga babeslea desagertuta. Eta horrela iritsi zen 2007a, taldeak maila galdu zuen urtea. Sei urte geroago, Bidasoa onenekin aritu daiteke berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.