Burua da dena

Aritz Begino binakako txapelketan oraintxe ondo oraintxe pattal ibili da, eta berak dio emaitzen presioagatik dela. Roberto Garcia Ariño Asegarceko intendenteak antzeko iritzia eman du atzelariari buruz.

Aritz Begino kirol arroparen jertsea eranzten, atzo, Eibarko Astelena pilotalekuan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Eibar
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Metamorfosia jasan du. Eguna eta gaua. Txapelketako lehen sei partidak irabazi, eta hasierako pilotaririk onena zen, eta orain, finalerdietan ozta-ozta sartu da, eta tokia ezin aurkituta dabil. Aritz Begino da (Auza, Nafarroa, 1980), eta konfiantzarik ez daukalako hainbeste gorabehera izan dituela esan du. «Burua da, berak sortzen du presioa. Gorputza ondo daukat, baina burua da goian edo behean egonarazten dizuna».

Astelena pilotalekuko harmailetatik mintzo da Begino, eta han da ere Roberto Garcia Ariño, Asegarceko intendente eta bikoteen botilero, konfesore eta ia psikologoa dena. «Ondo hasi ziren, baina Logroñon partida galdu ondoren —Titin-Pascualen aurka 22-21— hasi ziren zalantzak. Aritzek konfiantza galdu zuen, eta endredatzen hasi zen. Bateko zorte txarra, besteko 'baina ez dute ezer egiten-eta…' eta azkenean berak estutu zuen bere burua».

Atzelaria Ariñoren dibanetik pasatua dela dirudi, antzeko hitzak erabili baititu. «Txapelketaren presioa da; Titinen aurka 22-21 galdu genuen, eta zalantzak hasi ziren. Txapelketak berak sortzen du presioa. Irabaztean ere zalantzak sortzen badira, pentsa galtzean…». Arrazoiak, baina, urrunago eraman ditu. «Aimarrek ezker eskua minduta eduki du, eta nik ezkutatu nuen arazotxoren bat. Aimarren kasuan jendea ez da konturatu sei hilabetez jokatu gabe egon ondoren oraindik finalean sar gaitezkeela. Hori lortzea oso zaila da». Beginok txapelketaren luzera eta irabazi beharra gehitu dizkio azalpenari, baina ez faborito izaera. «Aimar lesio batetik irten berritan? Nik ez dut inoiz halakorik pentsatu».

Tentsioaren eragina fisikoki eta guzti azaleratu zaio atzelariari. Ariño harrituta gelditu zen Bilboko partidan. «Izterrak gogor-gogor eginda zeuzkan, hasieratik, tentsioa zen». Era berean, tentsio horri aurre egitea asko kostatzen zaiola garbi du. «Aritz, esaterako, ez da Barriola bezala. Barriola pilotari pilotaria da, Aritz, berriz, kolpea da. Eskuin izugarria du, baina, horrek kale egiten badio, kostatu egiten zaio jokatzea. Modu bakarrean jokatzen du».

Iragan larunbatean Beginok Labriten irabazi zuen, eta arazoak izan zituen Olaizolarekin konpontzeko. «Lotuta irten nintzen», azaldu du, «baina bukaeran lortu nuen kolpea askatzea». Ariñok kontrakantxatik ikusi zuen partida, eta haren azalpena grafikoagoa da. «Oso atzean egin zuen partida osoa, zazpigarren koadroan. Baita agintzen ari zenean ere. Agintzen ari den atzelaria ezin da zazpian egon, lauan edo bostean egon behar du, kideak pilota uzten dionerako prest».

Lau kilo argalago, gutxienez

Kokapen arazoak konpontzeko moduetako bat partidako bideoak ikustea da. Beginok, baina, ez du gustuko, eta bere burua grabatuta ikusten ez duen pilotari bakanetakoa da. «Ez zait gustatzen neure burua eta nire hutsak ikustea. Jendeak nahikoa gogorarazten dizkit kaletik... Auzan, gainera, ez da Nitro katea ikusten». Bihar ez du ikusiko Irujo-Merino II.a eta Gonzalez-Laskurainen arteko partida. «Esan dizut herrian ez dela Nitro ikusten. Gainera, nire urtebetetzea da». 30 egingo ditu.

Eta sasoi fisikoa? Zergatik ezin izan daiteke gorabeheren arrazoietako bat? «Ez, lan asko egin dut, serie luze eta entrenamendu gogorrekin, eta ondo bukatu ditut partidak. Burua da dena». Aurpegira begiratu, eta nabaritzen zaio argalago dagoela; gorpuzkera ere aldatu zaio. Puztua baino, indartsuago dago. «Lau bat kilo galdu ditut, 89 edo 90ean nago orain —Asegarceko fitxan 96 kilo pisatzen duela ageri da—. Asko zaindu dut jana; ia obsesionatu eta guzti egin naiz. Garbi jan eta postreak albo batera utzita». Agerikoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.