Espainiako Liga. Euskal taldeak: Osasuna

Burua galdu gabe

Osasunak denboraldi-aurreko itxura onari eustea eta aurreko sasoiko sufrikarioa ahaztea izango du helburuJokalari garrantzitsuek utzi egin dute taldea, eta Raul Garcia ezusteko oparia izan da

Jose Luis Mendilibar, igandean, taldearen aurkezpenean. Alboan, zutik eta bizkarrez: Lekic, Nino, Zabal eta Ruper. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2011ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Sufrikarioa ahaztea da helburua. Osasunarentzat eta hura bezalako talde xumeentzat zaila da Lehen Mailan ez sufritzea, baina Jose Luis Mendilibarren asmoa Nafarroako Erresumako takikardia kopurua murriztea da. Iruñeko taldeak mailari arazo handirik gabe eusten badio, arrakastatzat jo daiteke. Aurreko sasoian azken partidan salbatu zen taldea, eta oroitzapenak zuhurtzia ekarri beharko luke, langa oso altu ez jartzeko. Are gehiago kontuan hartuta Monreal eta Camuñas jokalari garrantzitsuek taldea utzi dutela eta iritsi direnen artean bakarra dela entzutetsua: Raul Garcia. Akordioa erabatekoa da, erdilaria utzita iritsiko da eta aurki egingo dute aurkezpena.

Aurreko sasoian ez bezala, Jose Luis Mendilibarrek bere gustuko egitasmoa diseinatzeko aukera izan du. Zaldibarko entrenatzaileak ondo kostata salbatu zuen taldea, baina haren postua ez da ezbaian egon. Diru gutxirekin mirariak egiten iaioa da, eta beste behin erakutsi beharko du larre motzean ondo konpontzen dela. Izan ere, eta Raul Garciaren oparia salbuetsita, Osasunak ez du fitxaketa handirik egin. Ez du burua galdu, ezta etorkizun ekonomikoa mailegatu ere. Erdi mailako jokalariak fitxatu dituhutsune handiak betetzeko.Larritzeko moduko apustua beharko luke, baina Osasunan ez, ohikoa da. Patxi Izko presidenteak dioen bezala, bere txikitasunean, «talde saltzailea» izatera behartuta dago.

Udaberrian, Juanfran Torresek esan zion agur Iruñeari, eta denboraldi-aurrean, Natxo Monrealek eta Javi Camuñasek. Hiruren artean 13 milioi utzi dituzte Taxoareko kutxan, baina Osasunak ez du xahutu. Herren ekin zion denboraldi-aurreari, ezker hegala ia hutsik gelditu zelako, eta hori betetzea izan da lehentasuna. Romain Lamah belgikarra fitxatu nahi du, eta aurki iritsiko dela dirudi. Taldeak 1,5 milioi euro ordaindu beharko du.

Hutsune handiekin hasi zen Mendilibar bere egitasmoa zizelkatzen. Era berean, Camachorenarrastoa zuen oro taldetik atera zuen: Soriano, Aranda, Pandiani... Mendilibarri presioa eta oso joko dinamikoa gustatzen zaizkio, abiada, eta sistema horretan ez zuten tokirik joko zuzenean ohitutako jokalariek. Eta hori bilatu du merkatuan Osasunak: bizitasuna... eta ofizioa.Nino eta Bertran 2. B Mailara jaitsitako talde batetik iritsi dira Iruñera, baina jokalari zailduak dira biak. Ruben Gonzalezek ere ondo ezagutzen du liga, eta arrisku handienaRaitala finlandiarra fitxatzen hartu du taldeak. Haren gain egongo da Monreal ahantzarazteko lana, eta kostako zaio, besteak beste hizkuntz arazoak dituelako entrenatzailearekin.

Hutsuneak betetzeko bilaketa horretan, pagotxa aurkitu du. Mendi buelta egitera joan, eta onddoa ikusi du Mendilibarrek: Atletico Madrileko entrenatzaileak ez du nahi Raul Garcia, eta etxera itzuliko da. Taldeko indargune nagusia zelai erdia da, Puñal eta Nekunamekin, baina duela lau urte taldetik joan zen Taxoareko semea itzultzen ikusteak ilusioa piztu du Nafarroako Erresuman. Fitxatutako beste hiru jokalari onak etxean zituen Osasunak. Lehena, Xabi Annunziata. Harrobiko erdilariak oso itxura ona eman du denboraldi-aurrean, baita hiru gol sartu ere. Asko jokatuko du. Bigarrena, Dejan Lekic. Sasoian dago, eta lanerako agertu da. Aurreko denboraldian ez zuen eman berarengandik espero zenik, baina gramoak galduaz bat jokoa irabazi du, eta lau gol sartu ditu dagoeneko. Eta hirugarrena, Roversio. Belauneko lesiotik osatu eta Betisen utzita jokatzeak emaniko bultzadaren ondoren, bera izan da udan gehien nabarmendu den erdiko atzelaria.

Aurkari gogorrak hasteko

Denboraldi-aurrea ez da distiratsu-distiratsua izan, baina ez du larritzeko arrazoirik eman ere. Azken partida izan zen onena, eta gol gutxi sartu dizkiote taldeari. Partidarik gogorrena Lazioren aurkakoa izan zen, eta gorritxoek 0-1 irabazi zuten. Ez zen euforia sortzeko modukoa izan, baina bai bide zuzenetik doala pentsatzeko modukoa. Hor ere ezin da burua galdu. Eta ezingo da galdu denboraldi hasiera txarra bada ere, Osasunak Atletico Madril, Bartzelona, Valentzia eta Sevilla baititu aurkari lehen bost jardunaldietan.

Lerroz lerro, atea oso ondo zainduta dago. Ricardo eta Riesgori Andres Fernandez gehitu zaie, aurreko sasoian Bigarren Mailan gol gutxien sartu zioten atezaina. Dena den, gauzak asko aldatu ezean, Ricardo egongo da atepean. Zalantza gehien atzeko lerroan daude. Roversiok jokatzeko aukera izango du, Sergio eta Flaño ordezkatuz. Hegaleko berriak nola moldatzen diren ikusi beharko da. Raittalak ona dirudi, baina ez da Monreal. Beste hegalean, Etxaide nabarmendu da.

Perfumea erdialdean dago, Mendilibarren jokoaren muinean. Puñal, Garcia eta Nekunam setazko jokalariak dira, eta Cejudok, Callejak eta Lamahek jarriko dute abiadura. Dena den, ustekabeko lehia izan dezakete Annunziata gaztearekin. Zazpikote horren jardunak baldintzatuko du urtea. Aurrean, berriz, Kike Solak hasieratik aritzea irabazi zuen aurreko sasoian, baina lehia handia du. Nino aztia da, Ibrahima indartsua eta Lekic berpiztu egin da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.