Burua tente agurtu da

IDK Gipuzkoak 73-62 galdu du Mann Filterren aurka final-laurdenetako hirugarren partidan, eta ondorioz, lehiaketatik kanpo geratu da

Ellen Nystrom IDK Gipuzkoakoa eta Maria Pascua Mann-Filterrekoa, lehian, bigarren partidan. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kito. Amaitu da denboraldia IDK Gipuzkoarentzat. Donostiako taldeak 73-62 galdu zuen atzo Zaragozan (Espainia), Mann Filterren aurka, Espainiako Ohorezko Mailako final-laurdenetako hirugarren eta azken partidan. Kanporaketan bigarren porrota duenez, lehiaketatik at geratu da.

Triste amaitu zuten neurketa IDK-ko jokalariek, baina eguneko atsekabea izan beharko luke.Pozik egon beharra dute, sekulako denboraldia egin baitute. Final-laurdenetarako sailkatu dira bigarren urtez jarraian, eta azken unera arte borrokatu dira historia egin eta lehen aldiz finalerdiak jokatzeko. Espainiako Kopan, berriz, finalerdietaraino iritsi ziren. Taldea erabat sendotuta dago ligan, eta hori albiste bikaina da.

Lagun zahar bat izan du borrero IDK-k, Paola Ferrari. Joko-antolatzaile paraguaitarraren lana erabakigarria izan da Mann Filterrek kanporaketa irauli dezan. Bigarren partidan min handia egin zion Donostiako taldeari, hemeretzi puntu saskiratuta. Atzo, berriz, txikitu egin zituen taldekide izandakoak: 29 puntu sartu zituen, bost errebote jaso eta lau asistentzia eman. Lyndra Weaverrek izan behar zuen haren neurriko zapata IDKn, baina hegal-pibot estatubatuarrak min hartu zuen hirugarren laurdena hasi eta gutxira, eta ez zen gehiago itzuli kantxara.

Hala ere, Azu Muguruzak entrenatutako taldea gai izan zen azken txanpara arte partidan bete-betean sartuta egoteko. Defentsako lanari eta Toch Sarri esker lortu zuen. Weaverren faltan, pibot senegaldarrak hartu zuen erantzukizuna, ondo hartu ere: hamahiru puntu sartu zituen, eta buruhauste bilakatu zen etxekoentzat.

Nekea eta Weaverren lesioa

Bi puntu bakarrik zen atzetik IDK neurketa amaitzeko hiru minutu eta erdi falta zirela (63-61). Baina orduan azaldu ziren nekea eta argitasun falta erasoan. Eta etxekoek ondo baliatu zuten bisitarien txakalaldia zazpi puntu jarraian sartu eta norgehiagoka erabakita uzteko.

Amaitu da, beraz, denboraldia Espainiako maila nagusian ari diren hiru euskal taldeentzat. IDK Gipuzkoak atzo esan zuen agur. Lointek Gernika Bizkaiak, berriz, joan den igandean amaitu zituen lanak, final-laurdenetako beste kanporaketan Uni Ferrolen aurka bigarrenez galduta. Lehenago geratu zen bidean Lacturale Araski, Gasteizko taldea ez baitzen sailkatu kanporaketetarako.

Xehetasunak gorabehera, denboraldi ona izan da euskal taldeentzat. Meritu handia du beste urtebetez Euskal Herriko hiru ordezkari maila gorenean aritzeak. Hori gutxi ez, eta lau izan daitezke datorren sasoian, GDKO Ibaizabal Galdakaoko (Bizkaia) taldea mailaz igotzen baldin bada —sailkatu egin da igoera fasea jokatzeko—. Sekulakoa eta historikoa litzateke maila nagusiko hamalau talderen artean lau Euskal Herrikoak izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.