Buruaren pedalkadak

2005ean egin zuen moduan, Euskaltel-Euskadi berrian prestatzaile fisiko lanetan ari da Iñigo Mujika iruindarra. Entrenamendua arrakastarekin uztartzeko zeregin zaila dauka.

unai zubeldia
Vila Joiosa
2013ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Potentziometroaren eta pultsazioen daturik ez du eman, badaezpada ere, baina fin, oso fin dago Iñigo Mujika Euskaltel-Euskadiko prestatzaile fisikoa (Iruñea, 1968). Ispilu dotorea daukate txirrindulariek begira jartzeko. Goizero egiten diote nafarrari logelara bisita. «Pisua zaintzeaz gain, gernuaren hainbat datu ere aztertzen ditugu». Gau partean egunean bildutako datu guztiak ordenagailura pasatzen eta sailkatzen aritzen da. «Eta arratsaldeetan, 20:00etan, ordu erdiko hitzaldia ematen diet txirrindulariei, prestaketaren oinarriak barneratu eta lan horren parte direla senti dezaten».

«Kirol fisiologoa eta entrenatzailea naiz ni». Mujikak esaldi bakarrera mugatu du orri osoa hartzeko modukoa den titulu zerrenda. Gasteizen SHEE ikasketak egin ondoren, Saint Etiennera (Frantzia) joan zen Kirolaren Fisiologiari buruzko doktoretza egitera, eta doktore ondorengo egonaldiak egin zituen gero Hegoafrikan eta Australian. Australiako Kirol Institutuan, Athleticen, Euskaltel-Euskadin, igeriketa munduan, triatloian... esparru askotan aritu da lanean. Proiektu berriko zutabeetako bat da egun, Igor Gonzalez de Galdeano managerraren ekimenez.

Aldaketaren izenean iritsi da Mujika Euskaltel-Euskadi berrira. «Izena eta oinarria berberak ditu taldeak, baina aldaketak egon egon dira. Guztiek atzerritarrak aipatzen dituzte aldaketaz hizketan hasitakoan, baina sakonagoa da errealitatea; txirrindularitza bera aldatu da, eta geuk ere aldatu egin beharra geneukan, ezinbestean».

Prestatzaile fisikoak psikologotik dezente daukala onartu du iruindarrak. «Jakin egin behar da kirolari bakoitzarekin lan harreman ona lortzen; batzuei makila eman behar zaiela eta besteei, azenarioa; hala dio esaera zahar batek, eta, tira, kirolariak klik hori zeren eraginez egiten duen jakin beharra dauka prestatzaileak. Esperientziak ematen du jakintza hori». Mujikaren hizketaldian berehala agertu da talde lanaren filosofia. «Mekanikariek, masajistek, managerrak, zuzendariek... denok daukagu oso harreman estua txirrindulariekin, eta denon artean lortu behar dugu bakoitzari ahalik eta errendimendurik handiena ateratzea». Harremanik gertukoena «sukaldariarekin» daukala argitu du nafarrak. «Fisiologia ikasketak ere badauzkat nik, eta elikadura ezinbesteko oinarria da alor horretan. Asteak daramatzat jada Patxi Gimeno sukaldariarekin elkarlanean».

«Perfekzioa» da bidea. Baina esatetik egitera tarte handia dago. «Lana behar bezala egin duela jakiteak ematen dio kirolari bati ziurtasunik handiena. Ondo prestatuta dagoela dakienean, eta entrenamenduetan eta lehiaketa egunetan emaitzak lortzen dituenean, orduan sentitzen du kirolariak benetako ziurtasuna. Momentu horietan ez da behar izaten inolako psikologiarik». Txirrindulari bakoitzari entrenamendu plan zehatza prestatzen saiatzen ari dira Euskaltel-Euskadin. Hogei txirrindulari daude egunotan Benidorm aldean (Herrialde Katalanak), beste zortzi Australian daude, eta etxean dago Pello Bilbao, belauneko minez. «29 txirrindulari asko dira; 29 errealitate dira. Ezinezkoa da guztiei denbora tarte berbera eskaintzea, baina saiatzen gara guztien beharrei erantzuten». Herenegun, esaterako, ordubetez aritu zen hizketan Andre Schulze eta Steffen Radochla alemaniarrekin. Ricardo Mestre portugaldarraren txanda izan zen atzo.

«Etsaia ez, laguntzailea»

Zer behar du prestatzaile fisikoak ona izateko? «Lehenik eta behin, jakintza. Entrenamendu teknikarik onenak zein diren jakin behar du; fisiologiari buruz ere jakin beharra dauka; psikologo zati hori ere eduki beharra dauka, horrek erraztu egingo duelako ondorengo harremana; eta, funtsezkoena, prestatzailea euren etsaia ez, laguntzailea dela konbentzitzen asmatu behar da».

Etengabe presiopean bizi da. «Kirolariak huts egiten duenean, prestatzaileak ere huts egiten duelako, neurri batean». Arrakasta eta porrota, ordea, ez dago zorrozki prestaketari lotuta. «Kirol errendimendua, zorionez, ez da hain sinplea. Kirolaria izaki biologiko konplexua da; eta lehiatzean ere fisikoa, burua, taktika, teknika... alor asko eduki behar dira kontuan». Eta eskerrak, gainerakoan laborategietan gorpuztuko liratekeelako kirolari irabazleak.

Perfekzioaren bila, Sky eta Greenedge taldeei begira jartzen dira gehienak. «Baina, gainerakoen gauza onak aintzat hartuta, Euskaltel eredua sortzea eta garatzea da gure helburua». Pultsometro, potentziometro eta datu saltsa txirrindulariaren sentsazioekin uztartzea da Mujikaren helburua. Eta, lan konplexu horretan, errepidea, gimnasioa, belodromoa... esparru guztiak baliatzearen aldekoa da. «Helburuak ondo zehaztuz gero, ez dago entrenamendu debekaturik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.