Buruhausteak

Aurkariari ez eze, puntu premiari eta lesioei aurre egin beharko die Athleticek, Atletico Madrilen zelaian

haritz gallastegi
2007ko otsailaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gauzak txarto hasten direnean gaitza izaten omen da egoerari buelta ematea. Eguneroko jardunean nahiz futbolean gertatzen da hori. Athletic ere ari da gaizki egindakoak konpondu guran. Egindako liga hasiera negargarriak utzitako ondorioak pairatzen ari da. Azken bi hilabeteetan puntu dezente batzeko gai izan da talde zuri-gorria. Halere, jaisteko postuetan dagoen Levanteren puntu kopuru berberarekin dago Manek zuzentzen duen taldea -golen aldeak baino ez du salbatzen-.

Gauza askok eraman dute Athletic sailkapenaren zulora. Halere, ez da komeni aitzakia bila hastea. Alferrik da. Athleticek gauzak txarto egin dituelako dago ligako txarrenen artean. Merezi izan duelako, azken finean. Jokoa hobetzen hasi denean egin du gora. Ez futbolean ondo jokatzen duelako, baizik eta orain akats larri gutxiago egiten duelako. Egun, gaitza da Athletic mendean hartzea. Talde gogorra da, deserosoa. Beti izan den modukoa. Futbol ikusgarria ikusi gura duenak hobe luke bizkaitarren partidak alde batera uztea, baina Athleticen kontrarioek argi izan behar dute sufritu egin beharko dutela garaipena eskuratzeko. «Orain errespetua digute», esan zuen Joseba Etxeberriak. Horrek izan behar du Athleticen bidea. Horrela gurutzebidea laburragoa izango da. Lehenago ailegatuko da salbazioa.

Dena den, ez da nahikoa. Kontrarioarentzat astuna izatea baino gehiago eskatu behar zaio Lehen Mailako talde bati. Eraginkorra ere izan behar da. Batez ere, etxean. Athleticek ezin du, ordea. Horrek arazoak sortzen dizkio. Antsietatea. Puntu premiak eragiten duen presioa. Etxetik kanpo ez du presio hori nabaritu. Orain arte ez, behintzat. Aurkariek arazo gehiago izan dute eurek etxean dituzten arazoak konpontzen Athleticeko jokalariek aurrera egiteko behar dituzten puntuetan pentsatzen baino. Ondorioz, eroso aritu dira San Mamesetik urrun.

Halere, etxetik kanpo irabaztea ez da lan erraza. Egunen batean bolada ona amaitu egingo da. Egunen batean gainezka egingo dio etxetik kanpo irabazi beharrak sortzen duen presioak. Orduan izango ditu arazoak Athleticek. Larriak, oso larriak. Ordurako etxeko lanak eginda egon beharko dute, bestela...

Bitartean, ahal duen zelaian batu beharko ditu puntuak. Denboraldion, gainera, sasoi batean ezinezkoak ziren berdeguneetan sekula baino emaitza hobeak eskuratu ditu: Riazorren, Ono Estadio... Garaipena eskuratu du talde zuri-gorriak. Gaur, aipatutako zelaien zailtasun maila berean dagoen zelai batean jokatuko du: Vicente Calderonen. Manzanares ibaiaren inguruan ezinean aritzen da Athletic.



ERDIKO ATZELARI BARIK. Berez da zelai gaitza Vicente Calderon. Denboraldion, gainera, zailtasunak areagotu egingo dira. Batetik, Atletico Madril egiten ari den lana hartu behar da aintzat. Javier Agirreren taldea azken denboraldiotako emaitza onenak ari da eskuratzen. Goi mailako taldea dauka. Ondorioz, Athletici ez bezala, lesioek ez diote indar handirik kendu.

Izan ere, lesioak dira Athleticek duen gaitz nagusietako bat. Azkena Luis Prietorena izan da. Hilabete pasatxo jokatu barik egon ostean, zigortuta dagoen Amorebietaren lekua hartzeko hautagai bakarra zen. Osteguneko lan saioan, ordea, lesioa ez daukala guztiz osatuta ohartu zen.

Maneren lehen alternatibak porrot egin zuen, beraz. Orain, beste bi ditu entrenatzaile zuri-gorriak. Bata, Gaizka Bergarari jokatzeko aukera ematea da. Horrela, jokalari baten lekuan beste bat ipini baino ez luke egin beharko teknikariak. Hori bai, erdiko atzelari bati partida gaitz batean jokatzeko aukera ematea arriskutsua da. Beste aukera Murillo atzeratzea izan daiteke. Horrek beste jokalari batzuen postu aldaketa ekarriko du. Tartean, aspaldiko asteetan min hartuta egon den Joseba Etxeberria berdegunean ikusteko aukera eman diezaioke Athleticeko jarraitzaileari. Dena dela, luzaroan jokatu barik egon ostean ez dirudi neurketa osoa jokatzeko moduan egon daitekeenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.