Gurasoen etxean, Bilboko Santutxu auzoan ospatu zuen Javi Salgadok (Bilbo, 1980) joan zen igandean Miribillan Lagun Aro GBCk Gescrap Bizkaiaren aurkako derbian lortutako garaipen handia. Nerea zazpi hilabeteko alaba txikia gaixo eduki du aste honetan, eta horrek bakarrik kendu dio arreta. Bestelakoan, bihar Illunben Bartzelonaren aurka jokatu beharreko neurketa bakarrik du buruan. Espainiako Kopa ere bai, zeharka: «Zaleen eta prentsaren ilusioa ulertzen dut, baina izan gaitezen zentzudunak: Europako talderik onena dator, Donostiara, eta Murtzian irabaztea ere zaila izango da».
Bost garaipen jarraian, Bilbon luzapenean, 7-8 balantzea, Espainiako Kopa hortxe… lapiko horri guztiari buelta pare bat eman eta zer etortzen zaizu burura?
Aurren-aurrena, erakutsi dugun buruko indarra ez dela garaipen bolada on horretan sortu. 0-4 balantzearekin hasi genuen liga, eta 2-8 ere egon ginen. Hamar partida eta bi garaipen bakarrik. Une zaila izan zen hori, baina Sito Alonso entrenatzaileak lasaitasun mezua barnera genezala lortu zuen. Tenplea, konfiantza irabazi genuen ezinezkoa zirudienean. Garaipenak iritsiko zirela esan zigun mila aldiz, eta iritsi ziren. Badalonakoa,etxean lortutako biak eta batez ere Cajasolen aurkakoa, Bilbon lortutako azkenekoa… Urrian galdu egingo genituen partidak irabazten ari gara orain. Hain gaizki geunden, zulotik ateratzeko kemena eduki dugu.
Orain dena arrosa kolorekoa ikusten da, baina 2-8 balantzearekin egoera ez zen hain samurra izango. Zerk lagundu zizuen egoera iraultzen? Xehetasunen bat ba al duzu gogoan?
Egoera jakin askori buelta ematen diozu: jaurtiketa hori, beste errebote hori, defentsa hobea egin izan bagenu… Gakoetako bat jokaldiz jokaldi pentsatzen hastea izan dela esango nuke. Esan nahi dut: agian eraso bat kale egin, baina egurrean jarraitu, defentsa ona egin eta hurrengoan asmatuko duzula pentsatu. Horrela hasi ginen konfiantza eraikitzen, eta horrela egin gara aurkariak baino sendoago. Inoiz ez dugula amore ematen sentiarazi, gu garaitzeko lan handia egin behar dela erakutsi.
Bilbon ikusi zen: partida berdindu edo aurrea hartzeko erasoa kale egin baina taldeak ez zuela etsitzen, kementsuago jarraitu baizik.
Hala da, bai. Partidaz partida joan nahi dugula esaten dugunean jokaldiz jokaldi ere esan nahi dugu. Kale egiten dugula? Estutu defentsan, eta hurrengo erasoan asmatzen saiatu. Aurkariarekin daukagun buruko indar borroka baten parekoa da, eta borroka horretan indartsu sentitzen gara azkenaldian.
Cajasol eta Gescrap Bizkaiaren aurka ikusi zen garaitzen zailak zaretela.
Bai. Sevillan zazpi puntu ginen atzetik partida amaitzeko sei minutu falta zirela, eta irabazi egin genuen.Bilbon, berriz, luzapena behartu genuen azken unean… konfiantzarik ez baduzu, ezinezkoa da horrelako gauzak gertatzea.
Sarri aipatu duzu Sito Alonsoren izena.
Bai, bere lana funtsezkoa izan delako. Ez etsitzen, etengabe lanean jarraitzeko filosofia barnerarazi digu, eta hortik etorri da bolada on hori.
Marko Banic lagunak puntu bateko jaurtiketak kale egin zituenean poztu egingo zinen noski.
Jakina. Estimu handia diot Markori, baina kantxan ez daukat lagunik. Kantxatik kanpo, nahi duen guztia, baina kantxan bakoitzak berea babesten du, eta bi hutsegite horiei esker izan genuen aukera guk partida irabazteko.
Zu eskarmentu handiko jokalaria zara. Pentsatzekoa da emaitzen gorabeherak hobeto gainditzen ikasi duzula.
Ez pentsa. Hala izan beharko luke, baina emaitza txarrei buelta asko eman nizkion bizpahiru astez. Zer egin nezakeen hobetzeko, taldea garaipenaren arrastoan jartzeko… Entrenatzaileak ondo ezagutzen nau, eta urduri nengoela sumatzen zuenean hizketaldi luzeak izaten zituen nirekin. Eskertzekoa da.
Kopa hor dago. Non dago Kopa zuentzat?
Han, Bartzelonan. Ezin dugu zuek, kazetariek, zaleek, jendeak esaten duenetik ihes egin, aparte bizi, baina aurretik zer dugun badakigu. Zentzudunak izan behar dugu, eta erronka zaila dela onartu. Bartzelona dator, Europako talderik onena, eta badirudi hanka batekin garaituko ditugula. Edo Murtziara joan eta 30 puntuz irabaziko dugula. Goazen suabe-suabe, pausoz pauso, puztu gabe. Bidezkoa iruditzen zait jendeak ilusioa, grina erakustea, baina gu Huertas nola gelditu pentsatzen ari gara. Haien jokalari garaien eraginkortasuna nola murriztu, edo Eidson eta Mickeal bikoaren defentsa nola antolatu. Horrek arduratzen gaitu orain.
Latza litzateke klubarentzat, hiriarentzat, Kopa jokatzea.
Bai, sekulakoa. Nik bi jokatu ditut dagoeneko, biak Euskal Herrian: lehena Gasteizen eta bigarrena Barakaldon, biak Bilbo Basketekin. Denboraldiko lehiaketa politena da, saskibaloi giroa erabatekoa da, eta lorpen itzela litzateke. Klubarentzat ere bultzada handia litzateke. Mahai gainean kolpea eman eta «hemen gaude» esan ozen. Pixkana-pixkana hazten ari garela erakutsiko genuke.
Kopa jokatzeko aukerekin kalkuluak egiten ari zarete?
Ez, ziur aski, geratzen zaizkigun bi partidak irabazi beharko ditugu, aurrekoek huts egitea zaila delako.
Illunbek sasoiko sarrera ona izango du bihar. 8.000 lagun pasa espero dira.
Ona da hori, saskibaloia eta kluba gizartean gero eta errotuago gauden seinale. Goza dezatela, guk egiten dugun bezala, etairabazten badugu, bada, festa handia izan dadila.
Taldearen hobekuntzan funtsezkoa izan da zure hobekuntza.
Bai, gustura nago.
Bilbo utzi eta Donostiara etorri zinenetik une gozoenean zaudela esan al daiteke?
Bai, baliteke hala izatea. Gorabeherei ere garrantzia bere neurrian ematen diezu urteetan aurrera egin ahala. Nik 31 urte ditut dagoeneko, eta lasaiago ari naiz. Taldearen jardunean eraginkorrago nola izan naitekeen aztertuz. Jakina da ez naizela saskiratzaile petoa, baina behar denean nahiko ondo moldatu naiz. Kanaria Handian, lehen laurdenean lau hiruko saskiratuta, adibidez. Dena ez da, dena den, puntuak saskiratzea. Guk gure erreferentzia finkoak ditugu: Andy Panko, Jimmy Baron, Sergi Vidal… eta haiek bero-bero daudenean haiei baloi onak ematea da nire lehen zeregina.
Etorkizun handiko gazte bat daukazu alboan. Ez daukagu haren izaeraren berri handirik. Zer moduz Raul Netorekin?
Oso ondo. Oso mutil ona da, langilea, eta lanerako prestasun handia duena. Brasilgo kirolariaren ohiko profilak oso langileak ez direla erakuts dezake, baina hau guztiz kontrakoa da. Niri, behintzat, gorriak ikusarazten dizkit lan saio askotan. Oso azkarra da, barneraketetan iaioa. 19 urte ditu, eta denbora pixka bat eman behar zaio. Pazientzia izan behar da.
Javi Salgado. Lagun Aro Gipuzkoa Basketeko jokalaria
«Buruko indarra da gakoa; edonor baino indartsuago gara»
Lagun Arok Espainiako Kopa jokatzeko bere bi partidak irabazi beharko dituela uste du, «besteek ez dutelako kale egingo». Sito Alonsoren lana goratu du. «Bera da errudun nagusia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu