Merezimendu osoz jantzi du Juan Martinez de Irujok bosgarren aldiz buruz buruko txapela. Ongi aritu dira Irujo eta Julen Retegi, baina maila bat gorago dagoela eraktusi du Irujok; maisu aritu da partidaren lehen zatian, eta abantaila kudeatu du ondoren.
Irujo nagusitu da lehen tantoetan, sakea baliatuz. Hutsik egin gabe, aurrera eta atzera mugitu du Julen Retegi, hura ongi defendatu den arren. Aldea zabaldu du gero Iberokoak, Retegi huts egiten hasi denean. Tanto ederrak ikusi ahal izan dira, 15-7a kasurako. Sakea izan duen bakoitzean Retegik ez du dominatzea lortu, eta ederki baliatu du hori Iberokoak.
Irujo pozik mintzatu da finala irabazi ostean: "Lan handia egin behar izan dut txapelketa osoan, eta bost txapel ez dira egunero irabazten". Eskuin eskuari esker irabazi duela nabarmendu du: "Ongi hasi naiz; eroso egotea kostatzen ari zitzaidan, baina oso ongi nuen eskuina, eta horri esker irabazi dut". Halaber, Retegi zoriondu du eginiko txapelketarengatik.
"Triste" hitz egin du Retegik: "Juan fuerte hasten da partida gehienetan, eta gero zaila izaten da buelta ematea". Aitortu du finalean ere hala gertatu zaiola: "Hasieran egon da gakoa; abantaila handia kendu dit, eta horrela zaila da irabaztea".
Markagailua: 4-0, 4-1, 10-1, 10-6, 15-6, 15-7, 21-7, 21-9, 22-9.