Buruz buruko finalerako kantxako sarrerek 150 euro balioko dute, iazkoek baino 50 euro gehiago. Irujok eta Olaizola II.ak jokatzea amu ona da zaleak erakartzeko, eta sarrerak Bilboko pilotalekua eraiki aurreko prezioetara itzuli dira. Aurtengoa, baina, Bizkaia pilotaleku handian jokatuko da, ekainaren 24an, eta sarrera merkeenek 40 euro balioko dute. Gaur jarriko dituzte salgai, 10:00etan, enpresen ohiko telefonoetan —Aspekoak 661259009 zenbakian, eta Asegarcekoak 656799423an—, eta Internet atari hauetan: ticketea.com eta ticketmaster.es.
Bilboko pilotalekua eraiki aurreko prezioak jarri dituzte aurtengo buruz buruko finalerako. Egia da iazko finala ez dela lagin egokia prezioak neurtzeko, Xalak ez baitu Irujoren tiradizorik, eta atzerapen ugarien erruz hasiera batean zehaztu baino hiru aste geroago jokatu zelako. Gauzak hala, aurten kantxek 150 euro balioko dute, bigarren solairuko harmailakoek 80, eta hirugarrenekoek 50. Errebotekoei dagokienez, 70 euro balioko dute, bigarren solairukoek 50, eta hirugarrenekoek 40. Iazkoekin alderatuta, kantxakoak 50 euro garestiagoak dira, eta beste harmaila guztietakoak hamar euro garestiagoak. Aurreko buruz buruko bost finaletan kantxek 150 euro balio zuten; haiek, baina, Gasteizko Ogeta pilotalekuan edo Donostiako Atanon jokatu ziren, biak ala biak Miribillakoak baino eserleku gutxiagokoak.
EPELen finaletan jakina da enpresek gonbidapen asko ematen dituztela, eta ikusle guztiek ez dituztela euren sarrerak ordaintzen. Hala ere, enpresek sarrera guztiak kobratuko balituzte, 258.530 euro bilduko lituzkete Sanjoan eguneko finalean. Dena den, banaketa ez litzateke Aspe eta Asegarceren artean bakarrik izango, Custom Sport pilotalekua kudeatzen duen enpresarekin sinaturiko akordioan adostu zutenez, azken horrek salduriko sarreren araberako kopuru bat jasotzen duelako. Aldi berean, bere irabazi zati handi bat Bizkaiko Aldundiarentzat da.
Finalistak gaur bertan hasiko dira finalerako entrenamenduekin, eta Juan Martinez de Irujok Abel Barriolarekin egingo du lehen saioa. Aimar Olaizola, berriz, bihar hasiko da pilotalekuko lanarekin. Bestalde, aurten jokatu egingo da 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida. Mikel Idoatek eta Oinatz Bengoetxeak larunbatean neurtuko dituzte indarrak, Iruñean. Biak jokatzera behartuta zeuden, arrazoi sendorik gabe partida bertan behera utzi izan balute, hurrengo urteko zerrendaburu postua gal zezaketelako.
Buruz buruko finalerako kantxak, 150 eurotan berriz
Gaur jarriko dituzte salgai hilaren 24an Irujok eta Olaizola II.ak Bilbon jokatuko duten finalerako sarrerak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu