Gustagarri eta gozagarri. Halaxe joan zen atzo Frantziako Tourreko hamaseigarren etapa. Bestela esanda, Pirinioetako lehena. Ikuskizuna espero zen, eta ikuskizuna gailendu zen. Nola gailendu ere. Bai ihesaldian eta bai tropelean elkarri mokoka aritu baitziren txirrindulariak. Ihesaldian, Michael Rogers (Tinkoff) izan zen jaun eta jabe: 21 laguneko ihesaldiari errematea jarrita, Tourreko lehen etapa garaipena eskuratu zuen. Tropelean, berriz, ez zen zalapartarik falta izan. Movistarrek lehenik, eta Thibaut Pinotek (FDJ) ondoren, erritmo bizia jarri zuten, eta batek baino gehiagok estutasun galantak igaro zituen. Pinot bera izan zen indartsuena faboritoen artean, eta hiru galtzaile nagusi utzi zituen egunak: Romain Bardet (Ag2r), Bauke Mollema (Belkin) eta Tejay Van Garderen (BMC). Hirurek ere atzera egin zuten sailkapen nagusian. Vincenzo Nibalik (Astana), berriz,sendo jarraitzen du lidergoan.
Sufrikario horien guztien lekuko nagusia Bales mendatea izan zen, eguneko azkena. Ordura arte lasai antzean joan zen etapa. Ihesaldia ez zen berehalakoan osatu, baina, azkenean, 48. kilometroan, 21 lagunek lortu zuten tropelaren baimena. Goi mailako ziklistak sartu ziren aurrean: Rogers bera, Thomas Voeckler eta Cyril Gautier (Europcar), Vasili Kirienka (Sky), Jose Serpa (Lampre)... Eta Ion Izagirre (Movistar) ere bai. Beste behin, bista ona duela erakutsi zuen ormaiztegiarrak. Ihesaldia osatu orduko, argi eta garbi zegoen aurrean egongo zela etapa garaipena, eta ziklistek zuhurtziaz jokatu zuten. Sasiordekako lanean, batez ere.
Ordea, Balesko igoerak bere tokian jarri zuen bakoitza. Mugimendu ugari izan zen, baina eraso erabakigarria Rogersek jo zuen. Taldetxotik abiadura bizian atera zen australiarra, erbi baten gisan. Bada, orduantxe geratu zen indar hustuta Izagirre. Onenei ezin jarraituta. Mendate gainerako 4,5 kilometro falta zirela amore eman zuen Movistarreko txirrindulariak. Hala, Rogers, Voeckler, Gautier, Vasili, Kirienka eta Serpa elkarrekin heldu ziren mendate gainera.
Zehazki, hogei kilometro egin behar zituzten tontorretik helmugara. Hortaz, jakina zen etapa sei horien artean jokatuko zela. Hori bai, etapa garaipenak ez ezik, sailkapen nagusiko lehiak ere eman zuen zeresanik. Balesen gora, Beñat Intxausti buru harturik, sarraski galanta eragin zuen Movistarrek tropelean, eta hainbat faborito geratu ziren atzean. Intxaustik etsi zuenean, berriz, Pinotek hartu zuen aginte makila, eta Nibali bera ere estu eta larri ibili zen frantziarrari jarraitzeko. Alejandro Valverdek ere (Movistar) gogotik sufritu zuen. Baita Jean Chistophe Peraudek ere (Ag2r). Dena den, kaltetu nagusiak Bardet, Mollema eta Van Garderen izan ziren.
Bien bitartean, atzean ikuskizuna nagusi zela, aurrean etapa garaipena zegoen jokoan. Iheslariek abiadura bizian egin zituzten azken hogei kilometroak, eta azken txanpan elkarri begira egotea tokatu zitzaien. Bada, Rogers izan zen bizkorrena. Helmugarako bost kilometro falta zirela eraso bortitza jo zuen, eta inor ez zen hari jarraitzeko gai izan. Italiako Giroan aurten lortutako bi garaipenei Tourreko bat erantsi zien, beraz, australiarrak.
Zubeldiak, gurpila zulatu
Faboritoen taldetxoa irabazlearengandik zortzi minutu pasara helmugaratu zen, eta Haimar Zubeldiak (Trek) denbora gehixeago galdu zuen. Izan ere, Bales jaisten ari zela gurpila zulatu zuen. Zoritxar hori gertatu izan ez balitzaio, behin-behineko sailkapenean lehen hamarren artean egongo zatekeen usurbildarra.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra
Buruz eta hankaz, bizkorrena
Michael Rogersek irabazi du Pirinioetako lehenengo etapa, 21 laguneko ihesaldiari errematea jarrita.Sailkapen nagusian aldaketak izan dira, eta Vincenzo Nibalik lidergoan sendo jarraitzen du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu