sasKIBALOIA

Caja Laboral Baskonia, Espainiako Kopako finalerdietara

88-64 hartu du mendean CAI. Bartzelonan 108-111 irabazi dio Real Madrili, bi luzapen jokatuta. Uxue Bilbo Basketek bihar jokatuko du.

2013ko otsailaren 7a
23:30
Entzun

Hirugarren laurdenean partida hautsi, eta Espainiako Kopako finalerdietara sailkatzea lortu du Caja Laboral Baskoniak, Gasteizen CAI Zaragozari 88-64 irabazita. Etxean ari da jokatzen Kopako fasea, eta lehen hesia behintzat, gainditu du. Larunbatean Bartzelona izango du aurkari finalerdietan, 19:00etan.

CAIk ustekabean harrapatu du Caja Laboral lehen laurdenean, eta bigarrengoan eutsi egin dio. 40-41 iritsi dira atsedenera. Hirugarren laurdenean beste nerbio batekin aritu dira etxekoak, bai defentsan eta bai erasoan. Hamabost puntuko aldearekin bukatu dute laurden hori. Laugarren eta azken laurdenean handitu egin dute alde.

Maciej Lampe izan da Caja Laboraleko saskiratzailerik onena, 17 punturekin. Partidakoa, Pablo Aguilar, 23rekin. Partidako fitxa.

Bartzelona bi luzapen jokatuta sailkatu da 

50 minutuko final-laurdena jokatu dute Real Madrilek eta Bartzelonak Espainiako Kopan, Gasteizen, eta bigarrena izan da garailea: 108-111. ACB Ligan gaizki dabil Bartzelona, hogei partidatatik zortzi galdu egin duelako —Real Madrilek, bakarra—. Euroligan, aldiz, oso ondo ari da, eta Espainiako Kopari ere ederki ekin dio, iazko txapelduna kanporatuta.

Aurreneko 34 minutuetan, oro har, Bartzelona izan da nagusi, Pete Mickealen joko bikainarekin, baina sei minutu falta zirela Real Madrilek aurrea hartu dio, eta harrezkero pare-parean ibili dira. 77-77 bukatu dituzte lehen 40 minutuak.

Lehen luzapenean Real Madrilek eskuan izan du garaipena, Sergio Rodriguez basearen dominioari eta puntuei esker, baina Erazem Lorbek-ek azken segundoan 93-93koa sartu du, jaurtiketa libre batean bere taldeak errebotea hartu ondotik. Bigarren luzapenean hobeak izan dira katalanak.

Mickeal izan da saskiratzaile nagusia, 26 punturekin. Tomicek 20 egin ditu. Real Madrileko saskiratzailerik onena, Sergio Llull, 23rekin. Juan Carlos Navarrok (Bartzelona) 11 puntu soilik egin ditu, baina lesio batekin dabil, ezinean. Partidako fitxa.

Beste bi finalerdiak, bihar

Bihar Valentzia-Estudiantes (19:00, TVE1) eta Kanaria Handia-Uxue Bilbo Basket (21:30, ETB1) finalerdiak jokatuko dituzte.

Finala igandean izango da, 19:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.