Saskibaloia

Caja Laboralek astindua jaso du, berriz ere, CSKA Moskuren pistan (90-68)

Gasteiztarrek laurden bakarra egin dute ona, lehenengoa (20-26), baina hortik aurrera ezinean ibili dira, herenegun bezala. Hurrengo asteazkenean jokatuko dute hirugarren partida, Gasteizen (20:45).

2013ko apirilaren 12a
19:46
Entzun

Herenegun kolpe handia hartu ondoren, itxaropentsua izan da Euroligako final-laurdenetako bigarren partidaren hasiera, CSKA Mosku eta Caja Laboral Baskoniaren artekoa. Defentsan estutuz eta hirukoetan asmatuz, 12-21 aurreratu dira gasteiztarrak zazpigarren minuturako. 20-26 amaitu da lehen laurdena, baina Lampek hirugarren falta egitearekin batera hasi da itzaltzen taldea. Bigarren laurdenean 11 puntu soilik saskiratuta, etxekoak 44-37 iritsi dira atsedenaldira, Krsticek azken segundoan lortutako saskiratzeari esker.

Atsedenalditik bueltan agertu da pistan CSKArik onena. Jokoa antolatzen artistak dira Teodosic, Papaloukas eta Jackson, eta nahi izan duten bezala nagusitu dira errusiarrak uztaipean. 69-50 amaitu da hirugarren laurdena; ordurako etsita zeuden gasteiztarrak. Laugarren laurdenean gozatu egin dute etxekoek, eta 90-68 amaitu da, azkenerako, bigarren partida. 16na puntu lortu dituzte Krsticek, Kaunek eta Ercegek, eta 14 Teodosicek. Caja Laborali dagokionez, berriz, Lampe izan da onena, 19 punturekin; 13 lortu ditu San Emeteriok. Hurrengo asteazkenean jokatuko da hirugarren partida, Gasteizen (20:45), eta, galduz gero, Euroligatik kanpo geratuko dira arabarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.