Osasunak azken bi hilabeteetan sailkapenean izan duen gainbeherak urduritasuna ekarri du Iruñeko taldearen ingurura. Orain bi urte Nafarroako hiriburura iritsi zenetik beti entzun behar izan ditu kritikak Jose Antonio Camachok, baina igande honetan inoiz ez bezalako protestak jasan beharko ditu Nafarroako Erresuman entrenatzaile espainiarrak. Zaleak haserre daude, sutan, eta haien txistuak zelaiko harmaila guztietatik iritsiko zaizkie seguru Patxi Izko presidenteari eta Camachori berari.
Osasunako presidenteak Camachorengan sinesten jarraitzen du, dena dela. Zuzendaritzan Camachoren balioa ezbaian jarri duen agintaririk bada, baina Izkorena da ardura, hark du aginte makila, eta azken egunetan entrenatzaile aldaketaren inguruko zurrumurru ugari dabilen arren, Camachok bere postuan jarraitzen du. Hurrengo bi partidetan Nafarroako Erresuman Real Madrilen eta Mallorcaren aurka emaitza onik lortu ezean, ordea, Camachoren egoera jasanezina izango da. Iruñera iritsi zenetik egunik zailenak bizi ditu Ciezako entrenatzaileak (Espainia).
Azaroko azken jardunaldian Osasunak galdu egin zuen San Mamesen Athleticen aurka. Orduan bost punturen aldea zuten nafarrek jaitsiera postuekiko, eta zazpi puntu ateratzen zizkioten Zaragoza azken sailkatuari. Ez zen alde erabakigarria, baina sailkapeneko hamabigarren postutik eroso ikusten zuten etorkizuna nafarrek. Hercules, Deportivo, Racing, Levante, Sporting eta orduan jaitsiera postuetan ziren Malaga, Almeria eta Zaragoza atzetik ikusteak lasaitasuna ematen zuen, zalantzarik gabe.
Hurrengo bi hilabeteetan, ordea, Osasunak emaitza bolada negargarria izan du. Zazpi jardunalditan Herculesek, Deportivok, Racingek, Sportingek eta Zaragozak aurrea hartu diete gorritxoei sailkapenean. Oraindik hiru talde dituzte atzetik —Almeria, Malaga eta Levante—, eta hori da une honetan Osasunako zaleek baikor izateko duten arrazoi bakarra, baina taldearen joera ikusita, inor ez du asetzen horrek. Javier Aguirre Osasunako entrenatzaile izandakoak zuzentzen duen Zaragozak tarte honetan Osasunak baino zortzi puntu gehiago batu ditu, esaterako: gorritxoek hiru puntu batu dituzte zazpi jardunaldi hauetan, eta Zaragozak, 11.
Gero eta okerrago
Sailkapenari begiratu bat emateak dar-dar eragiten du une honetan, amildegiaren ertzean baitira nafarrak. Hamazazpigarren postutik jaitsiera postuetako hiru taldeak soilik ikusten dira atzerago; Almeriak eta Malagak puntu bat gutxiago dute, eta azken sailkatuak, Levantek, berriz, hiru puntu gutxiago soilik ditu. Ez dago kontsolatzerik. Ligako talderik kaskarrena izan da Osasuna azken bi hilabeteetan. Levantek berak ere Osasunak baino puntu gehiago batu ditu. Eta bolada txarrari berehala amaiera eman ezean, Osasuna datorren astean jaitsiera postuetan izango da. Igande honetan Real Madril hartuko dute gorritxoek Nafarroako Erresuman, eta aurkari zuzen gehienek larunbatean jokatuko dutenez, igandeko partida jaitsiera postuetan has dezake Osasunak.
Hondamena etxetik kanpo
Nafarroako Erresuman hainbestean aritu badira ere, sasoia hasi zenetik etxetik kanpo jokatutako 11 partidetatik bakar bat ere ez du irabazi Osasunak. Mestallan eta Riazorren berdindu egin zuen. Beste partida guztietan, berriz, galdu. Horri iragan sasoiko azken zortzi irteeretan zortzi porrot bildu zituela gehituz gero, argi dago non dagoen Osasunaren arazo nagusia. Igande honetan urtebete beteko da gorritxoek etxetik kanpo azken partida irabazi zutela.
Arazoa, gainera, ez da atzokoa, aspaldikoa baizik. Izan ere, Camachok 2008ko urriaren 14an taldearen ardura hartu zuenetik 45 partida jokatu ditu Osasunak etxetik kanpo: sei irabazi ditu, bederatzi berdindu eta 30 galdu. Datuak argigarriak dira: jokoan izan diren 135 puntuetatik 27 soilik batu ditu Osasunak Camachorekin etxetik kanpo. Ez da harritzekoa, beraz, jokalarien aldartea ondoa jota izatea. Nafarroako Erresumatik kanpo jokatzen dutenean partida galtzera kondenatuta daudela barneratzen hasiak dira jokalariak. Geldikako jokaldietan gol gehiegi jasotzen dituzte, eta horri golak egiteko gaitasunik eza gehituz gero —sasoi honetan jokatu hogei partidetatik 11tan ez dute golik egin—, emaitza jakinekoa da: porrota ia beti.
Iragan asteburuan, Almerian —azken sailkatua zen orduan Almeria—, 3-2 galdu ostean, jokalariak lur jota eta burumakur itzuli ziren Iruñera. Herenegun, Javier Camuñasek argi hitz egin zuen Taxoaren: «Izorratuta gaude, eta lehenbailehen aldatu behar dugu. Denbora badaukagu, baina berehala zuzendu behar dira okerrak», esan zuen erdilari espainiarrak. Taldearen aldartea ondoa jota dagoela begibistakoa zen asteko lehen lan saioan, dena dela. Zurrumurruak etengabeak dira: Camachoren ordez Marcelino Garcia Toral fitxatuko dutela, hurrengo bi partidetan suspertu ezean bigarren taldeko entrenatzaile Miguel Merinok hartuko duela lehen taldea zuzentzeko ardura... Hargatik, oraingoz, Izkok Camachorekin tematuta jarraitzen du. Noiz arte? Ez dago jakiterik.
Camachoren egunik zailenak
Orain bi urte Iruñera iritsi zenetik kritikak jaso baditu ere, inoiz ez da egon hain zalantzan Osasunako entrenatzailearen lanaIruñeko taldearen txakalaldiak ez du etenik, eta egoera gero eta arriskutsuagoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu