Caparrosen ondarea

Entrenatzaile espainiarra Athleticen dagoenetik 27 jokalarik egin dute debuta

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Ibai Gomez izan da elastiko zuri-gorriarekin debuta egin duen azken jokalaria. Inork ez du oraindik ahaztu Santutxuko gazteari gertatutakoa. Urriaren 17an jokatu zuen lehen aldiz Athleticeko lehen taldearekin, San Mamesen, Zaragozaren aurkako Ligako partidan, baina ez zen inondik inora espero zuen estreinakoa izan: hiru minutu baino gutxiago jokatuta, aldagelara itzuli behar izan zuen, belauneko lesio larri baten ondorioz. Erdilari aurreratuaren aurretik, beste 26 jokalariri eman die aukera Joaquin Caparrosek Athleticekin maila nagusian jokatzeko. Jokalari horien ekarpena aztertzen hasita, denetarik aurkitu daiteke: aukera aprobetxatu dutenak, espero baino askoz gutxiago eman dutenak, uste baino maila hobea ematen ari direnak, apurka-apurka taldeari eta mailari neurria hartzen ari zaizkienak, fitxaketa ulertezinak... Onerako zein txarrerako, jokalari guztiek eman dute zeresana.

Fitxaketak.

Jokalari asko, baleko gutxi.

Athleticek jokalari asko fitxatu ditu etxetik kanpo, orain hiru urte Fernando Garcia Makua klubeko presidente hautatu zutenetik. Talde zuri-gorria larri zebilenean hartu zuen kargua abokatu bizkaitarrak. Eta, egoerari lehenbailehen buelta emateko, egokiena taldea indartzea zela erabaki zuen hura buru zuen zuzendaritzak.

Jakinekoa da talde bat amildegitik gertu dagoenean ez dela erraza esperientzia gabeko jokalariei ardura ematea. Gehienak ez dira egoten taldeari laguntzeko prestatuak, esperientzia baita une latzetan lasai aritzeko giltzetako bat. Hori gutxi ez, eta gehiegizko presioa ezarriz gero harribitxien kirol ibilbidea okertzeko arriskua ere badago. Athleticeko agintari berriek Caparrosen oniritzia izan zuten merkatuan zegoen ia guztia fitxatzeko -bizpahiru euskal jokalari onenak fitxatzea ezinezkoa da talde zuri-gorriarentzat-. Hala egin zuten, baina apustuak txarretik gehiago izan du, onetik baino, ez baita zuzena fitxaketak egitearren egitea.

Athleticen elastikoa jantzi bezain laster maila ona emateko fitxatutako jokalarietatik bakarrik Iraizozek eta San Josek hobetu dute dezente lehendik zegoena. Biak ala biak Lezaman hazitakoak dira, baina beste talde batzuetara joan behar izan zuten euren kalitatearen berri emateko. Bata zein bestea ezinbestekoak dira egungo Athleticen: taldearen batez bestekoa hobetu egiten dute. Armandoren ekarpena ere aintzat hartu beharrekoa da. Cadizen ordezko atezain zela fitxatu zuen Caparrosek; izan ere, atean arazo larria zuen Bilboko taldeak, eta teknikariak haren alde egin zuen. Ez zen goi mailako atezaina, baina jokatzea egokitu zitzaionean ondo aritu zen. Ociok, Castillok eta David Lopezek ere asko jokatu dute. Ezin da esan gaizki ibili direnik, baina orain arte erakutsi duten baino gehiago espero zen fitxatu zituztenean. Diaz de Zeriok ere ez du bere gol sena erakutsi, baina ezin da ukatu izan zuen lesio larriak erabat baldintzatu diola jokoa. Eta zer esan Cuellar, Muñoz eta Iñigo Velez de Mendizabalen fitxaketez. Zentzu barik egindako apustuak dira. Caparrosek ez du sekula haien jokoan sinistu. Beraz, zertarako fitxatu zituzten?

- Fitxaketak: Iraizoz, David Lopez, Muñoz, Armando, Iñigo Velez de Mendizabal, Castillo, Diaz deZerio, San Jose, Ocio eta David Cuellar -azken biak aurrez ere jokatutakoak ziren Athleticen-.

Apustuak.

Bizkaiko harrobiaren garrantzia.

Zulo beltzetik lehenbailehen irteteko, fitxaketa asko egin zituen talde zuri-gorriak. Epe laburrera begira taldea hobetzeko eskatu zitzaien jokalari horiei, aurkeztu bezain laster. Baina epe ertain eta luzera begirako fitxaketak ere egin ditu Athleticek: Igor Martinez, Balentziaga eta De Marcos dira etorkizuneko apustuak. Lehen Mailan aurreneko urratsak egiten ari dira, baina oraindik ez dute pisu handirik taldean. Eta, beraz, oraindik goiz da fitxaketa onak ala txarrak izan diren esateko.

Inolako zalantza barik, Athleticek Bizkaiko harrobiaren alde egin duen apustua da Caparrosi eta haren lan taldeari aitortu beharreko lorpen nagusia. Duela gutxira arte, inork ez zuen sinesten Lezamatik kanpo zegoen produktuan; jokalari onenak etxean zituztela uste zuten teknikari zuri-gorriek. Caparrosek erakutsi du hori ez dela horrela, eta Koikili eta Toquero dira entrenatzaile zuri-gorriak egindako apustuaren erakuslerik argienak: azken hiru sasoietan, titularrak izan dira Athleticen. Gasteiztarra, gainera, zaleen kutuna bihurtu da. Ibai Gomezek ere egin dezake antzeko bidea; min hartuta dago, baina orain arte erakutsi duena interesgarria da oso. Joseba del Olmok izan du zorterik gutxien Sestaotik fitxatutakoen artean. Halere, argi dago Caparrosek bide berri bat zabaldu duela.

-Apustuak: Koikili, Balentziaga, Del Olmo, Toquero, De Marcos, Igor Martinez eta Ibai Gomez.

Harrobikoak.

Sarri egin du tira Lezamatik.

Beste bide batzuk zabaldu izanak ez du esan gura ohikoak alde batera utzi behar direnik, eta Caparrosek ere ez ditu utzi. Lezaman egiten den lana gertutik jarraitzen du teknikari zuri-gorriak. Gazteen gainean dago. Baina denak ez daude gustura Caparrosek lan egiteko duen erarekin. Entrenatzailearekin kritiko direnek uste dute mailarik ez zuten futbolari batzuek ere egin dutela debuta, aukera bizkorregi ematearren edo curriculuma hobetzearren. Datuak hor daude: hamabi jokalarik egin dute azken urratsa azken hiru denboraldi pasatxoan. Nolanahi ere, Susaeta eta Muniain dira gaur egun talde zuri-gorrian funtsezkoak diren jokalari bakarrak. Ion Velez, Iturraspe eta Aurtenetxe ere maiz erabiltzen ditu Athleticeko entrenatzaileak.

- Harrobikoak: Velez, Susaeta, Aitor Ramos, Iturraspe, Etxeita, Etxebarria, Boveda, Adrien Goñi, Muniain, Aketxe, Iñigo Perez eta Aurtenetxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.