Osasunak hiru puntu bakarrik bildu ditu azken lau partidetan, Espanyoli Iruñean irabazita lortutakoak. Halere, gorritxoak seigarren dira, datorren sasoian Europako Liga jokatzeko postuetan. Hori bai, beste sei talde ere badaude lehia horretan, bosgarren postutik 11.era hiru punturen aldea besterik ez baitago.
Osasunan badakite borrokatu egin beharko direla Europarako sailkatzeko. Badakite, eta prest daude ahalegin hori egiteko. Azken emaitza txarrek, gainera, ez omen dute gorritxoen konfiantza zakua pitzatu. «Ziur naiz Europan jokatzeko aukera dugula», esan zuen atzo Alvaro Cejudok. Erdilariaren arabera, «edozein taldek» nahiko luke egon Osasunaren egoeran. Haratago joanda, Cejudok ez du baztertu Txapeldunen Ligarako sailkatzea. «Ez da barre egiteko kontua, betiere Malagari irabazten badiogu. Gero ikusiko genuke zer gertatuko litzatekeen Valentziaren aurka».
Ebakuntza Etxaideri
Jose Luis Mendilibarrek jokalari asko faltako ditu astelehenean Malagaren aurka aritzeko. Jakina da bost jokalari ez direla ariko: Raul Garcia (zigortuta dago), Ibrahima Balde (Senegalgo olinpiar selekzioarekin dago) eta Kike Sola, Masud Shojaei eta Jon Etxaide (min hartuta daude). Etxaideri ebakuntza egingo diote, ezker sorbalda atera baitzitzaion Betisen aurkako lehian. Zorte txarra du atzelariak, belauneko lesio larri baten erruz ia zortzi hilabete jokatu gabe egon ostean aritu baitzen Sevillan. Bost jokalari horiei, gainera, beste bat gehi dakieke: Sergio Fernandez, kili-kolo baitabil.
Cejudo «ziur» dago Europan jokatzeko aukera dutela
Erdilari espainiarraren arabera, «edozein taldek» nahiko luke egon Osasunaren egoeran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu