txirrindularitza

Contador, erlojupekoan ere onena

Astana taldeko txirrindulariak erabakita utzi du Frantziako Tourra, gaur irabazita. Armstrong hirugarren jarri da sailkapen nagusian, baina 34 segundo baino ez dizkio kentzen seigarrenari. Astarlozak postu bat aurreratu du, eta bederatzigarren dago. Etzi Mont Ventouxen bukatuko da etapa.

2009ko uztailaren 23a
18:18
Entzun
Alberto Contador da Frantziako Tourrean igotzailerik onena, eta erlojupekoan ere onena dela erakutsi du gaur, Annecy-Annecy 18. etapa berak irabazi duelako. 40,5 kilometro zeuzkan saioak.



Liderrak atzo sendotu egin bazuen Tourreko garaipena, gaur errematea jo du. Astana taldeko txirrindularia hasieratik izan da, gainera, denbora tarte onenak egin dituena: 18. kilometroan hemezortzi segundo kendu dizkio Bradley Wiggins bigarrenari, 28,5.ean 30 segundo berriro Wigginsi. 28,5.eko mugarriko beste alde batzuk: Andy Schlecki 1.17, Frank Schlecki 1.47, Lance Armstrongi 1.12, Andres Klodeni 46.

Helmugan Fabian Cancellara geratu da bigarren, hiru segundora. Tourreko sailkapen nagusiko lehenen artean liderrak Andy Schlecki 1.45 kendu dio, Frank Schlecki 2.34, Armstrongi 1.30, Klodeni 54, Wiggins 43. Mikel Astarloza izan da lehen euskal txirrindularia: 22., 1.48ra.

Sailkapen nagusian, Contadorrek Andy Schleck bigarrenari 4.11 kentzen dio orain, Armstrong hirugarrenari 5.25, Wiggins laugarrenari 5.36, Kloden bosgarrenari 5.38, Frank Schleck seigarrenari 5.59. Ondorioz, 34 segundo barruan daude hirugarrena, laugarrena, bosgarrena eta seigarrena.

Astarloza da lehen euskal herritarra: bederatzigarren dago -postu bat aurreratu du-, 12.38ra. Duela bi urte lortu zuen Tourreko bere posturik onena: bederatzigarren izan zen.

Bihar korrituko dute Tourreko 19. etapa: Bourgoin-Jallieu Aubenas (178 kilometro). Laugarren mailako bi mendate izango dituzte hasieran, bigarren mailako bat bukaera aldera.

Larunbatekoa Mont Ventoux maila bereziko mendian amaituko da. Aurretik, hirugarren mailako hiru gain izango dira eta laugarren mailako bat.

Itzulia igandean bukatuko da, Parisen. Contadorrek eskuan du bere bigarren Tourra -2007an erdietsi zuen aurrenekoa-. Eta oraindik 26 urte ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.