Contik samurtu du atsekabea

Tropelak paseorako baliatu du Bilbo eta Urdazubi arteko etapa, eta jarrera hori italiarrak baliatu du ondoen, ihesaldian sartu eta irabazita. Faboritoak 34 minutura helmugaratu dira

Contik samurtu du atsekabea.
jon eskudero
2016ko irailaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Usteak erdia ustel. Espainiako Vueltako hamahirugarren etapak ikusgarritasunetik asko izango zuela aurreikusten zen, Bilbo eta Urdazubi artekoak, orain arteko luzeenak. Baina ez. Atsekabea jaso izango zuen batek baino gehiagok. Eta ez txikia. Hasi eta buka, lasai ederrean igaro baitzuen atzo eguna tropelak. Azken etapetako egurrak eta gaurkoaren errespetuak zapuztu zuten lasterketa, eta, hala, eguneko ihesaldian sartu zirenak beren artean lehiatu ziren garaipenaren bila. Bada, Valerio Conti (Lampre) izan zen indartsuena hamabi laguneko taldean, eta profesional mailako garaipen garrantzitsuena lortu zuen. Faboritoen artean aldaketarik ez, eta Nairo Quintana (Movistar) dago lidergoan, Chris Froome (Sky) 54 segundora duela.

Lehen kilometroetan, bai, abiadura bizi samarrean ibili zen tropela. Ondorioz, kosta egin zen ihesaldia osatzen. Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Lapurdiko lurrak igaro behar, eta euskal txirrindulariak saiatu ziren ihes egiten. Besteak beste, Romain Sicard hazpandarra (Direct Energie) askotan agertu zen buruan. Ordea, garairik erabakigarrienean, kale egin zuen, eta hamabi laguneko ihesaldian, ez zen etxeko inortxo ere sartu.

Azkar ireki zuten atzekoekin tartea iheslariek. Igeldoko gainean, esate batera, hemezortzi minuturen aldea zuten. Beraz, gauza jakina zen etapa garaipenaren lehian ibiliko zirela aurrekoak. Paseorako baliatu zuen eguna tropelak; Kontxaren aurretik ere igaro zen, lasai ederrean, igandea balitz bezala. Bada, Vueltan estreinakoz, ihesaldiak askatasun osoa izan zuen. Elkarlanean ongi aritu ziren, baina, azken 60 kilometroetan, bakoitzak bereari begiratu zion, bazekiten-eta atzean ez zutela inolako arriskurik. Lehenengo mugimenduak helmugarako 30 kilometro falta zirela hasi ziren, eta taldea erdira murriztu zen berehala; alegia, hamabi txirrindulari izan ostean, sei ziklista geratu ziren.

Ibilbide gorabeheratsua izaki, indartsuenak asko zuen irabazia, eta ez buruz bizkorrenak. Bada, Larhuneko igoera hasi bezain laster erritmoa bizituta, bakar-bakarrik abiatu zen aurrera Conti. Maisuki abiatu ere, helmugarako hogei kilometro falta zituela. Pedal kolpe freskoarekin, aise egin zuen Urdazubirainoko bidea, eta 55 segundora ailegatu ziren gainerako bostak: Danilo Wyss (BMC), Sergey Lagutin (Katuxa), Michael Gogl (Tinkoff), Stake Laengen (IAM) eta Yves Lampaert (Etixx). Tropela ia 34 minutura iritsi zen.

Gaur, etapa nagusia

Tropelaren atzoko jarrera alferrak gaur ez du balioko, etapa nagusia izango baitute, Urdazubin hasi eta Aubisquen amaituko dena. Gogortasunez josirik egongo da ibilbidea, eta lau mendate gainditu beharko dituzte txirrindulariek: Inharpu, Soudet, Marie-Blanque eta Aubisque bera. Faboritoek ez dute inolako aitzakiarik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.