Dardarka dago kronometroa

Maratoilari onenetako hiru ariko dira igandean Berlinen: Kenenisa Bekele, Eliud Kipchoge eta Wilson Kipsang. Dennis Kimettoren marka dute begiz jota: 2.02.57.

Kenenisa Bekele, Eliud Kipchoge eta Wilson Kipsang, Berlingo maratoia irabazten. Igandean, elkarren aurka ariko dira Alemaniako hiriburuko proban. EFE.
Julen Etxeberria.
2017ko irailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tenperatura aproposa, 10 eta 15 gradu ingurukoa; haizerik ez; zirkuitu egokia, gorabehera handirik gabekoa; erbi finak; diru sari bikainak; ikusle dezente; eta, horien guztien gainetik, inoizko sasoi onenean dauden atletak. Horra maratoian munduko marka egiteko beharrezkoak diren baldintzak. «Ez dute arrakasta ziurtatzen. Probak perfektua izan behar du, baina baita egunak ere. Hala ere, baldintza horiek mesede galanta egiten diote munduko marka egin nahi duenari», azaldu du Xabier Leibar kirol medikuak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1951).

Bada, baldintza horiek guztiak bete egingo dira igande honetan, goizean, Berlinen, bertako maratoi ospetsuan: eguraldi aproposa izango da; zirkuitua laua da, eta ederra; ikusle asko egongo da animatzen; antolatzaileek dirutza ordainduko dute, bai erbiei, atleta onenek marka bikainak egin ditzaten, bai atleta onenei, euren onena eman dezaten. Atletei dagokienez, egungo maratoilari onenetako hiru ariko dira: Kenenisa Bekele (Bekoji, Etiopia, 1982), Eliud Kipchoge (Kapsisiywa, Kenya, 1984) eta Wilson Kipsang (Keiyo, Kenya, 1982). Ezin da gehiago eskatu.

Brandenburgoko Atean irabazle helmugaratzea. Horra hiru maratoilari bikain horien lehen helburua. Bigarrena, berriz, Dennis Kimetto kenyarrak 2014an Alemaniako hiriburuan egindako munduko marka hobetzea da: 2.02.57. Ez da harritzekoa Berlingo maratoian egin izana balentria hori. Bertan ondu dira azken sei munduko markak. «Dena dauka: data aproposetan jokatzen da, eguraldia ere ona izaten da, zirkuitua laua da, ederra, ikusle askorekin. Eta, hori gutxi balitz bezala, antolatzaileek dirutza ordaintzen dute», dio Asier Cuevas iraupen luzeko atletak (Eibar, Gipuzkoa, 1973). Iritzi berekoa da Martin Fiz maratoilaria (Gasteiz, 1963). «New Yorkekoa bere sonagatik da ezaguna, eta Londreskoa ordaintzen duen dirutzagatik. Berlingoa, berriz, munduko markaren maratoia da».

Kimettoren marka txikitu dezakeenik baldin badago, Bekele-Kipchoge-Kipsang hirukotik atera beharra du. Maratoilari bikainak dira hirurak, inoizko onenetakoak. Bekelek dauka haien artean markarik onena: 2.03.03. Hura dago ere gertuen Kimettorengandik, sei segundora besterik ez. Etiopiarrak iaz egin zuen marka, nola ez, Berlinen. Bost aldiz lehiatu da maratoian, eta bitan nagusitu da, 2014an Londresen, eta iaz Berlinen. Irabazi ez dituen hiru maratoietako bitan Kipchogek hartu dio aurre.

Bekelek baino bi segundo eskas mantsoago egin du korri Kipchogek: 2.03.05. Kenyarrak Londresen lortu zuen marka hori, iaz. Hain zuzen, orduko hartan aritu ziren estreinakoz nor baino nor gehiago Kipchoge, Bekele eta Kipsang. Aurrenak irabazi zuen, Bekele hirugarren izan zen, eta Kipsang bosgarren.

Ez da Kipchogek lortu duen garaipen bikain bakarra. Sekulako emaitzak ditu. Izan ere, bere kirol ibilbidean zortzi aldiz lehiatu da maratoian, eta bat izan ezik, guztiak irabazi ditu. Maratoi ospetsuenetan nagusitu da, gainera: bitan Londreskoan, eta behin Berlingoan, Chicagokoan (AEB), Hanburgokoan (Alemania) eta Rotterdamgoan (Herbehereak). Rio de Janeiron (Brasil) nagusitu zen azkeneko aldiz, iaz, Olinpiar Jokoetan. 2013ko Berlingo maratoiko bigarren postua du orban bakarra. Kipsangek irabazi zion egun horretan, eta munduko marka berria ezarri zuen: 2.03.23.

Kipchoge da, halaber, 42,195 kilometroak azkarren egin dituen atleta, 2.00.25, hots, Kimettok baino bi minutu eta 32 segundo hobeto. Joan den maiatzaren 6an egin zuen, Monzako (Italia) zirkuituan, bi ordutatik jaisteko Nike AEBetako kirol enpresak sustatutako ekitaldian. Makina bat erbirekin eta hamaika laguntzarekin lortu zuen. Horregatik, Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF) ez zuen ontzat jo. Halere, hor dago marka, eta zer egiteko gai den.

Bekelek eta Kipchogek baino askoz sona gutxiago du Kipsangek, ziurrenik, haiekin alderatuz, pistan ia ez baita aritu. Asfalto gainean, ordea, sekulako bidea ari da osatzen 2010ean Parisen estreinakoz maratoian aritu zenetik. Hamahiru maratoitan parte hartu du, eta bederatzi irabazi ditu: bitan Londreskoa eta Frankfurtekoa (Alemania), eta behin Berlin, New York, Honolulu (AEB), Tokio eta Otsukoa (Japonia). Irabazi ez dituen lau maratoietan, gainera, gertu izan du garaipena: bitan izan da bigarren, behin hirugarren eta beste behin bosgarren.

2.03.13 da bere markarik onena, iaz Berlinen lortutakoa. Bigarren izan zen orduko hartan, Bekeleren atzetik. Kipchogek ere bitan hartu dio aurre, biak Londresen. Bekelek eta Kipchogek, hala ere, badakite Kipsang atzean utzi nahi badute oso azkar egin beharko dutela korri. Izan ere, irabazi edo ez, oso azkar egiten du beti korri: lautan jaitsi da 2.04tik, eta beste lautan 2.05etik. Inork ez du horren azkar korri egin horrenbeste alditan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.