Iñigo Cervantes

"Datorren urtean ATPko final bat jokatzea gustatuko litzaidake"

Urte bikaina izan da aurtengoa tenislari hondarribiarrarentzat. Duela bi urte, gurpil aulkian egon zen zortzi hilabetez, lesio larri baten ondorioz. Minari gaina hartu dio, ordea, eta lehen aldiz sartu da ehun onenen artean.

Urte bikaina izan da aurtengoa Iñigo Cervantes tenislari hondarribiarrarentzat. ORLANDO BARRIA / EFE
2015eko abenduaren 16a
09:24
Entzun

Duela hiru urte, munduko ehun onenen artean sartzea zenuen amets. Lortu duzu dagoeneko. Pozik zaude?
Oso gai delikatua da tenisean. Ehun onenen artean ez dauden asko eta asko ditut profesionaltzat, baina egia da ehun onenetan sartzen ez bazara agian ezin zaitezkeela honetatik bizi. Jokalari batentzat ehun onenen artean sartzea eta txapelketa handi guztiak jokatu ahal izatea poztasun handia da. Oso pozik nago helburu hori bete dudalako, eta orain gehiagoren bila noa.

Ehun onenen artean sartzeak, ematen duen prestigioaz gain, zein abantaila ekartzen ditu?
Hasteko, ATPko txapelketetan (handi zein txiki) edo Grand Slametako azken koadroetan lor ditzakezun puntuen eta Challengerretan lor ditzakezunen arteko aldea oso handia da, eta agian maila ez da horren ezberdina. Challengerrei dagokienez, erregularra eta oso konstantea izan naiz: partida asko irabazi ditut. ATPkoetan, berriz, partiden erdiak irabazita puntu berberak atera ditzaket. Bestetik, maila ekonomikoan ere badago aldea. Dena ondo badoa eta lortzen badut urte osoa ehun onenen artean egotea, ekonomikoki lasaitasuna emango dit gauzak hobeto egin ahal izateko, entrenatzailearekin edo prestatzailearekin bidaiatzeko eta gastu gehiago hartu ahal izateko, asko baitira.

Denboraldia 72. postuan bukatu duzu Sao Pauloko Challenger Mastersa irabazita. Finalean Daniel Muñoz de la Nava garaitu zenuen. Nola joan zen partida?
Urteak dira Dani [Muñoz de la Nava] ezagutzen dudala, baina aurtengo denboraldira arte ez dut inoiz bere kontra jokatu. Finalaren aurretik, baina, bi partidatan izan nuen aurrean, eta bi alditan hiru setetara irabazi nion. Beraz, banekien partida gogorra izango zela baina ondo jokatuta aukerak izango nituela. Aste bat lehenago Montevideoko Challengerrean finala jokatzetik nentorren, eta gogotsu iritsi nintzen. Partida oso ongi hasi zen niretzat, 6-2. Sakearekin ez nuen ia arazorik izan, eta berak ohi baino akats gehiago egin zituen. Bigarren setean sakea apurtu zidan, eta partida erabat aldatu zen: koska bat gehiago igo zuen maila, eta nik alderantziz. Hirugarren setean, berriz, denbora guztian azpitik joan nitzen, eta partida galtzeko zorian izan nitzen partidako bi pilota kontra nituela. Azkenean, errekuperatzea lortu nuen. Tie break-era iritsi ginen, eta irabazi egin nuen.

Amonari eta izebari eskaini zenien garaipena.
Arantza sartuta neukan aspalditik. 2010ean lesio larri bat eduki nuen, pubiseko osteopatia bat, eta zortzi hilabete egon nintzen min hartuta; gerora bi aldaketan izan ditudan lesioen zantzu bat izan zen. Urte horretan denbora asko egin nuen etxean, eta, hain zuzen, urte horretan amona hil zen lehenbizi, eta handik hilabete batzuetara izeba. Oso urte gogorra izan zen. Horregatik, pentsatua nuen txapelketa garrantzitsu batean finalen bat-edo irabazten banuen eurei eskainiko niela.

Orain, behintzat, pozik egoteko arrazoiak badituzu, kontuan hartuta lesioekin bizi izan duzun gurutze bidea.
Egia esan bai. Batik bat gogorra izan zen justu momentu onenean nengoela etorri zitzaidalako okerrena. 2012an, oso gazte nintzela ehun onenen artetik oso gertu geratu nintzen, 130. tokian. Itxaropena nuen 2013ko denboraldiari begira, baina dena etorri zitzaidan gainera, eta ezin izan nuen denboraldia hasi ere egin. Hasteko, ukondotik operatu ninduten, eta errekuperatuta, parte hartu nuen lehen txapelketan bertan min hartu nuen berriro. Aldaka. Gero beste aldaka. Gero oina. Ez nintzen guztiz errekuperatu 2014ko apirilera arte. Hamabost hilabete egon nintzen pistatik kanpo, eta tenisak duena da ez baduzu jokatzen rankingean dituzun puntu guztiak galtzen dituzula. Hutsetik hasi behar duzu. Horrenbestez, denbora galtzen duzu batetik, lesioetan, eta nire kasuan beste urtebete rankinga errekuperatzen. Azkenean, 251. postuan bukatu nuen.

Igaro zenituen momentu gogor horietan garrantzitsuena burua kontrolatzea izango zen. Nola egin zenuen lanketa hori?
Gaur egun hainbat kirolari kirol psikologoekin ibiltzen dira, baina ni ez. Nahiko burugogorra naiz, eta burua indartsu mantentzen, familia eta inguruan ditudan jendearen babesarekin eta prestatzaile fisikoaren laguntzarekin egin dut aurrera. Azkenean beti saiatzen zara egoera txarrenetik ere zerbait positiboa ateratzen. Orain, berriz, iruditzen zait egoera zail horretatik irten ahal izatea lagungarri izango zaidala.

Aurten oso emaitza onak lortu dituzu. Espero zenuen urtea horrelakoa izatea?
2015a oso urte positiboa izan da. Postu asko egin ditut gora, baina posizioarengatik baino puntu eta emaitzengatik izan da urte sinestezina. Urte hasieran itxaropena banuen, baina banekien urte bikaina egin beharko nuela ehun onenetan sartzeko. Gainera, urtea gaizki hasi nuen emaitzei dagokienez, eta horrek konfiantza galtzea ekarri zidan. Baina entrenatzen jarraitu nuen eta irtenbideak bilatzen. Apiriletik aurrera emaitza onak lortzen hasi nintzen bata bestearen atzetik: bi hilabetean hiru Challenger irabazi nituen. Horrek animatu egin ninduen, eta beste helburu batzuk markatzera eraman. Denboraldia 11 hilabetekoa da, eta zaila da urte hasieran helburu zehatzak markatzea. Nahiago dut pixkanaka joan.

Aurten entrenatzailez aldatu duzu. Javier Ferrerrekin ari zara lanean. Bistan da emaitzak lortu dituzula. Zein lanketa egin duzue?
Bi entrenatzailerekin ari naiz lanean: Javier Ferrer (berarekin bidaiatu dut gehien) eta Israel Vior (aurrekin lan egindakoa naiz). Ferrerrekin lanean hasi naizenetik berak nigan ikusten zituen alde onak esan zizkidan; nigandik aldatu nahi ez zituen gauzak, eta gero, beste gauza batzuk hobetu zitezkeenak. Jokoari dagokionez, ez dugu aldaketa handirik egin. Batik bat oso zorrotza izan da nirekin, eta neure buruarengan konfiantza gehiago eduki behar nuela esan dit. Hori oso garrantzitsua da tenisa bezalako kirol batean.

Tenisari dagokionez, pistan, zertan hobetu duzu urte honetan?
Pistan garrantzitsuena burua da. Xehetasunak badaude, baina oso gauza txikiak dira hobetzekoak. Bat jada adin batera iristean jokoa gutxi aldatzen da, batik bat beste alderdi batzuk lantzen dira: fisikoa, burua… Iruditzen zait buruz oso konstantea eta indartsua izan naizela denboraldian zehar, eta horrek ere ahalbideratu dit hiru seteko hainbat partida irabaztea. Hainbat gauzen arteko nahasketa izan da, baina batik bat burua izan da garrantzitsuena partidak irabazterako garaian.

2016ra begira, zeintzuk izango dira zure helburuak?
Oso urte garrantzitsua da, eta itxaropentsu nago. Munduko 72. postuan bukatuta, eta urteko lehen hilabeteetan gauza asko defendatzen ez ditudala jakinda, aukera emango dit txapelketa onenak jokatzeko, ATPko eta Grand Slametako koadro nagusiak… Maila pixka bat igotzen badut (astero maila handiagoko jokalariekin aritzen zarelako), emaitza onak lortzen baditut, lesiorik ez badut eta konstantea banaiz… batek daki. Hasiera batean nire helburua da ehun onenen artean mantentzea eta gero, lana ondo egiten badut ea aukera dudan esateko urtea 50 onenen artean bukatu nahi dudala.

Amets eginez: zein txapelketa edo zein tenistari irabaztea gustatuko litzaizuke?
Ez daukat bat zehatza buruan. Datorren urtean ATP txapelketa ugari jokatzeko aukera izango dudanez, gustatuko litzaidake ATPko final bat jokatzea, 250eko bat bada ere, eta ATP titulu bat eskuratzea. Hori amets garrantzitsua litzateke. ATPko final bat jokatzea txikitatik amestu dut. Tenistari dagokionez, Grand Slam batean agian tokatuko zait Top 10 baten kontra jokatzea, pista zentralean, oso erronka garrantzitsua litzateke. Esperientzia berriak bizitzeko gogoarekin nago.

Grand Slamei dagokienez, lehenengoa laster etorriko da, Australiako Irekia. Aurten lehenengo aldiz sailkatze fasea jokatu gabe sartuko zara. Guztia ezberdina izango da. Nola biziko duzu?
Azkenean, txapelketa handiagoetan jokatzen denean, baldintzak hobeak dira, eta horrek agian egiten du hobeto jokatzea ere. Gero egutegiari ere begiratu beharko diogu, eta horrek ere egingo du gauzak argiago ikustea. Asmoa da Australiako Irekia aurretik urtea ATP batzuk jokatuz hastea, eta emaitza onak ematen badira oso-oso positiboa litzateke, baina esan dudan bezala, nik jarraitu behar dut astez aste lan eginez, eta pixkanaka helburuak markatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.