Ametsa eta erronka. Biak zituen buruan Argentinara abiatu zenean. Lehenengoa, bete du. Bigarrena, ez. Ignacio Corcuerak (Bilbo, 1963) txiki-txikitatik amesten zuen egunen batean Dakar rallyan aritzea, autoen mailan. Orduko amorrazioak eta itxaropena bete zituen iragan urtarrilaren 1ean. Ez, ordea, erronka. Lasterketa amaitzea zen haren helburua eta nahia, baina zazpigarren etapan agur esan behar izan zion ikuskizunari, halabeharrean; hamar minuturen atzerapenak etapa amaierako kontroletik kanpo utzi zuten. «Ezintasuna sentitu nuen», aitortu dio BERRIAri. Jarraitzeko moduan zegoen. Autoa ere bai. Antolakuntzak ez zion hurrengo egunean irteten utzi. Jokoaren arauak bete besterik ez zitzaion gelditu.
Duela hamalau urte luze hasi zen profesionaletan lehiatzen; besteak beste, Tunisia eta Senegal inguratu ditu bere autoarekin, Mauritaniako Coronel Tapiocca Espedizioan eta Afrikako Transafrikarra Klasikoa lasterketa ospetsuetan parte hartu du, Libiako lau puntu kardinalak egin ditu... Egunen batean Dakarren parte hartzen zuenerako entrenamendu gisa baliatu zituen maila txikiagoko erronka haiek. «Beti esan izan dut hamalau urte hauek Dakarrerako entrenatzen pasatu ditudala. Nik horrela ikusten dut. Munduko rallyrik gogorrena da, eta prestakuntza fisiko eta psikologiko ona izan behar da bertara joateko».
Nabaritu eta eskertu ditu benetako ordua iritsi zaionean. Aurretik ikasitakoa eta bizitakoa ez zaio soberan etorri. Dakar rallyak badu beste rallyek ez duten zerbait. Pilotuaren abileziak mugaraino eramaten ditu. Zailtasunak berak ez du mugarik. «Errepidetik zoazen etapak oso zailak dira. Oso egoera txarrean dauden bideak dira, eta, pentsa, 400 kilometro halako bideetan...».
Corcuerak bakarrik parte hartzea erabaki zuen. Bakarrik, pilotu laguntzailerik gabe, mekanikaririk gabe... Bakar-bakarrik. Babesleek lagundu diote, baina ez du puntako pilotuek adinako aurrekontua bildu, eta horrek asko zaildu du haren lehen esperientzia. «Pentsa, hor aurrean dabiltzan autoek milioi bat euro baino gehiago balio dute. Horri gero beste gastuak gehitu behar zaizkio: gasolina, lekualdatzeak, lizentziak, asistentzia mekanikoa...».
Esperientziak asko bete du. Honela dio bilbotarrak berak: «Nik izan dudan esperientzia, Argentinako jendea ezagutzea, ikusi ditudan parajeak... ikaragarria izan da». Arantza bakarra geratu zaio: paraje haietaz gehiago ez gozatzea. «Argazkilaritza da nire beste zaletasun bat. Askotan nahiko nukeen autoarekin gelditu eta argazkiak atera. Lasterketan nindoala ez dut horretarako betarik izan».
Asko dira Dakar rallyan bizia galdu duten pilotuak. Aurtengo ekitaldiko lehen etapan bertan, Jorge Andres Martinez Boero moto gidaria hil zen, eroriko txar baten ondorioz. Dakarrean dena ordaintzen da garesti. Arriskua dena delakoa izanda ere. Corcuerak, halere, antolatzaileek egiten duten lana azpimarratu du. «Lasterketa arriskutsua da, bai, baina leku guztietan izan dezakegun arrisku bera dago han ere. Antolakuntzak lan handia egiten du alde horretatik. Egia da, hala ere, neurriak jartzea askotan ez dela nahikoa izaten».
Oraintxe bertan erronkarik ez dauka buruan Corcuerak. Ezagutu du hainbeste amesten zuenhura. Orain badaki zer den. Datorren urteko Dakar rallyari bota dio begirada jada. «Itzuliko naiz», esan du. Asko ikasi du, eta asko dauka ikasteko. «Taldearekin bilduko naiz datorren urteko rallyaz hitz egiteko. Ahalik eta babesle gehienen laguntza lortzea da orain nire helburua eta lana». Aurten bete ez duen erronkari begira dago. Datorrenari begira.
Datorrenari begira
Hamalau urteko kirol ibilbide luzearen ondoren, lehen aldiz parte hartu du Dakar rallyan Ignacio Corcuera auto gidari bilbotarrak. Abentura amaitzerik izan ez badu ere, esperientzia izugarria izan duela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu