Irati Mitxelena

Datorrenerako akuilu

Irati Mitxelena jauzilari gazteak bikain amaitu du sasoia: urrezko bi domina, zilarrezko bat eta brontzezko beste bat irabazi ditu maila nagusiko eta 23 urtez azpiko Espainiako txapelketetan, luzera jauzian eta jauzi hirukoitzean.

JOSE ANTONIO MIGUELEZ.
Julen Etxeberria.
2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Jauzi egin; zenbat eta urrunago, orduan eta hobeto. Horra jauzien funtsa atletismoan. Irati Mitxelenak oso barneratua du. Gaztea izanagatik ere, urteak daramatza jauzien zulogunearen inguruan. Jon Karla Lizeaga kirolarien entrenatzaileak animatu zuen probatzera, artean 15 urte baino ez zituela. Hesidun probetan hasi zen, baina badira sei urte jauzietan buru-belarri hasi zenetik: luzera jauzian eta jauzi hirukoitzean. Saltoz salto eta ekinaren ekinez, egun, hura da Euskal Herriko espezialistarik onena.

Azken emaitzei erreparatu besterik ez dago. Bikain amaitu du denboraldia. Duela hiru aste, zilarrezko domina bat eta brontzezko beste bat irabazi zituen Madrilen, maila nagusiko Espainiako Txapelketan: bigarren izan zen luzera jauzian, eta hirugarren jauzi hirukoitzean. Bi aste geroago, berriz, Sevillan (Espainia), 23 urtez azpikoan, urrea kolkoratu zuen bi proba horietan. Jauzi hirukoitzean, gainera, haren markarik onena egin zuen: 13,39 metro. «Oso pozik nago. Oso ondo amaitu dut sasoia. Duela urte erdi sinatuko nuen dena horrela joatea. Orduan, koronabirusa dela eta, uste genuen ez ginela gehiago lehiatuko. Azkenean, lehiatu ahal izan gara, eta emaitza oso onak lortu ditut. Datorren denboraldian maila nagusian ariko naiz, eta hau akuilua da», dio.

«Oso pozik» amaitu du, baina baita «akituta» ere. «Azkenean, luze jo du sasoiak. Ez genuen horren berandu oraindik lehiatzen aritzeko prestaketa egin». Prestaketa, gainera, «hala moduzkoa» izan zen denbora askoan. «Koronabirusaren lehen oldarraldiak AEBetan harrapatu ninduen, Cincinnatin, han aritu bainaiz ikasten azken lau urteetan [Neurozientzia]. Hasieran, bazirudien AEBetako egoera hemengoa baino hobea zela, baina gero, egoerak okerrera egin zuen, eta etxera itzuli nintzen». Ordurako, konfinatuta zegoen Euskal Herria, eta, horren ondorioz, denbora luzez egon zen «fundamentuz» entrenatu ezinik. «Sasoiari eusteko ariketak egin ahal nituen, baina jauzirik ez». Hori gutxi ez, eta ikasi ere egin behar zuen, eta azterketak egin. «Egoera ikusita, ikasten aritu nintzen buru-belarri. Zorionez, amaitu egin ditut ikasketak, eta lehiatu ahal izan naiz. Baina nekeza izan da. Azken asteak trinkoak izan dira: lehiatu, ikasturtea hasi [master bat hasi du EHUn]... Eskertu dut sasoia amaitu izana».

Biek erakartzen dute

Luzera jauzian eta jauzi hirukoitzean lehiatzen da. Ez du asmorik baten edo bestearen alde egiteko; ez oraindik, behintzat. «AEBetara joan nintzenean uste nuen bata edo bestea aukeratu egin beharko nuela. Baten alde egitekotan, jauzi hirukoitzaren alde egingo nuen. Baina bitxia da, azken lau urteetan luzera jauzian hobetu baitut gehien [6,35 metroko marka du]. Aurten, berriz, jauzi hirukoitzean eman dut aurrerapausoa. Niri bi diziplinak gustatzen zaizkit: luzera jauziaren oldarkortasuna, eta jauzi hirukoitzaren konplexutasun teknikoa; eta batean zein bestean jauzi luze bat egiten duzunean gorputzean sentitzen duzun sentsazio berezia. Espero dut denbora luzean bata edo bestea aukeratu behar ez izatea».

Argi du non duen gehien hobetzeko: «Indarra eta abiadura badut; teknika falta zait hobetzeko. Lan hori oso garrantzitsua, zentimetro asko irabaz daitezkeelako. Aurten etxean ariko naizela aprobetxatu nahi dut, Asierrekin alor hori lantzeko [Asier San Sebastian entrenatzailea]». Beste jauzilarien bideoak izango ditu ere lagun. «Gustatzen zait beste jauzilarien bideoak ikustea, eta haien indarguneak neureganatzea». Ez du eredu zehatzik, baina bai, erreferenteak: Maitane Azpeitia eta Olatz Arrieta, besteak beste.

«Prest» dago «gogor» lan egiteko, «ametsa» betetzeko: «nazioarteko txapelketa handi batean aritzea». Asmo horretan ez du ikasketak bazter uzteko asmorik. «Ikasketak lehentasuna dira niretzat. Asko gustatzen zait ikasten ari naizena. Oso argi dut ez naizela atletismoaz biziko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.