Azken metroetan erakustaldia egin ostean, David Gauduk (Groupama) irabazi du Vueltako hirugarren etapa Cereseko helmugan (Italia). Bihurgune ugariko ibilbidea zen gaurkoa, eta azkena helmugarako 80 metroren faltan zegoen: Mads Pedersenek (Lidl-Trek), Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma) eta hirurek hartu dute aurretik. Azken metroetan estututa, lehena Bretainiako txirrindularia izan da, eta, gaurko etapako garaipenarekin, Vingeegardekin lidergoa partekatzea lortu du.
Lasterketa hasi eta berehala, ziztu bizian irten dira Sean Quinn (Education First), Patrick Gamper (Jayco AIUIa), Alessandro Verre (Arkea) eta Luca Van Boven (Intermarche), eta eguneko ihesaldia osatu dute. Lasterketa amaitzeko 73 kilometroren faltan, Van Boven eta Gamper atzean geratu dira, eta berehala harrapatu ditu tropelak. Verrek, berriz, dena eman du Issiglioko mendatean, eta hura izan da lehena gainera iristen; mendiko sailkapena du xede txirrindulari italiarrak, eta aurrerapauso bat eman du hori lortuta. Beherakoan harrapatu du tropelak.
38 kilometroren faltan jo du Quinnek erasoa, eta buruan denbora gutxiago egongo zela bazirudien ere, ia hogei kilometro egin ditu bakarrik; helmugarako hemeretzi kilometro falta zirela harrapatu du tropelak, Lidl-Trek taldeak ezarritako erritmo biziaren ondorioz. Issiglioko mendate amaieratik aurrera lan aparta egin du Lidl-Trek taldeak, baina hori ez da nahikoa izan etapa irabazteko. AEBetako taldeak estutu izanak, baina, Jasper Phillipsen (Alpecin) atzean uzteko balio izan du. Hura zen etapa irabazteko faborito nagusietako bat, baina taldekideekin batera atzean geratu da Issiglion, eta gero, tropelera itzultzen egin behar izan duen ahaleginaren ondorioz, lehertu egin da belgikarra. Azkenean, ez da esprintean sartu, eta ez du etapa borrokatzerik izan.
Helmugarako 36 kilometro falta zirenean, Harold Martin Lopez (Astana) eta Jardi van der Lee (Education First) erori dira. Hartutako kolpeek, baina, ez dute aparteko ondoriorik izan, eta lasterketan aurrera jarraitu ahal izan dute bi txirrindulariek. Bestalde, inork gutxik esperoko zuen Jonas Vingegaard gaurko etaparen lehian egongo zenik, baina danimarkarra, bere taldekideek babestuta, tropelaren aurrealdean izan da une oro, eta hirugarren sartu da azken bihurgune erabakigarrira. Postu horretan amaitu du, eta, horrez gain, lidergoari eutsi dio.
Italian hasi, Frantzian amaitu
Hiru etaparen ostean, txirrindulariek bihar emango dituzte azken pedalkadak Italiako lurretan, eta Frantzian helmugaratuko dira. Bigarren mailako bi mendate igo beharko dituzte etapa hasieran, Montgenevre eta Lautaret. Horiek gainditu ostean ibilbide laua edukiko badute ere, litekeena da sailkapen nagusiko faboritoetako bat mugitzea, eta etapa zein sailkapen orokorra hankaz gora uztea. Etapa Susanen (Italia) hasi eta Voironen (Frantzia) amaituko da; orain arte jokatutako etapetatik luzeena izango da, txirrindulariek 206,7 kilometro egin beharko baitituzte helmugara iristeko.