David Lappartient: «UCI benetan ari da borroka egiten dopinaren aurka»

2018ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Astelehenean korapiloa askatu zela zirudien, baina atzetik datorren soka luzea da. Chris Froome txirrindulari ingelesak iazko Espainiako Vueltan salbutamolarekin positibo emateagatik zigorrik jaso ez izanak hautsak harrotu ditu sare sozial eta hedabideetan.

Jasotzen ari den kritikak ikusita, David Lappartient UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuneko presidentea erabakiaren defentsan agertu beharrean izan da. Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuneko presidenteak ez du uste jasotzen ari diren kritikak justuak direnik. Azpimarratu du UCI «txirrindularitza garbi baten alde eta dopinaren aurka borrokan» ari dela. Hala ere, aitortu du litekeena dela zenbaitentzat Froomeren kasua itxi izana ulertzen «zail samarra» gertatu izana.

UCIk astelehenean Froome absolbitzea erabaki zuen Dopinaren Aurkako Munduko Agentziaren (WADA) gomendioei jarraituz. Itxura batean auzia uda pasatu ostean argituko zela zirudien. Alabaina, Froomek UCIri eta WADAri ekainean igorritako azalpen eta frogek azkartu zuten aferaren bukaera. Ondorioz, Tourrak Froomeri ezarri zion betoa kendu behar izan zuen astelehenean. Sky taldeko txirrindulariak, beraz, ez du arazorik izango larunbatean Frantziako Tourrari ekiteko.

Froomeren segurtasuna

Lappartient erabakiak sortutako eztabaidak hartutako tonuarekin arduratuta agertu da. Sare sozialetan Tourrean Froomen aurkako «borrokarako» deia egiten duten mezuak «erabat onartezinak» direla dio. Txirrindulariekiko errespetuaren aldeko deia zabaldu zuen Twitterren argitaratutako bideo batean. Aldi berean, azpimarratu zuen UCIko presidente gisa bere ardura txirrindulariak «babestea» dela, eta Froomek ez duela gainontzekoek baino eskubide gehiago, baina ez gutxiago ere. Eztabaidak eztabaida, Lappartientek uste du Frantziako Tour «zoragarri» baten atarian gaudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.